Gaur, Kairon zuten aurkeztekoa Human Rights Watchen txostena, baina, "beharrezko dokumentaziorik" ez zutela argudiatuta, ez diete herrialdean sartzen utzi. Erakundeak, ordea, salaketa egin du. Haren arabera, iazko manifestazioetan egun bakarrean "ia mila manifestari hil zituzten" Egiptoko segurtasun indarrek.
Iazko uztaila eta abuztua bitartean, Mohamed Morsi kargutik kentzearen aurka egindako manifestazioetako istiluak ikertu ditu taldeak txostenean. Horietako bat, "hilgarriena", abuztuaren 14an gertatu zen, Rabaa al-Adawiya mezkitaren inguruetan. Egun hartan, militarrek indarrez sakabanatu zituzten protestan ari zirenak. Dokumentuaren arabera, militarrek "tiro egin zieten manifestariei".
"Ez zen gehiegizko indarra edo trebatze eskasaren ondorio izan. Aitzitik, hilketek pentsarazten dute gizateriaren aurkako krimenak izan daitezkeela", ohartarazi du erakundeko buru Kenneth Rothek.