Egunean hemezortzi migratzaile hil ziren iaz Espainiako Estatura iristeko ahaleginean

Caminando Fronteras gobernuz kanpoko erakundeak eman ditu datuak. Duela bi urte hildakoak zenbatzen hasi zirenetik jasotako daturik okerrena da.

(ID_13467457) CAN INMIGRACIÓN CANARIAS
Erreskate taldeak itsasoan hildako migratzaile baten gorpua eramaten, Los Cristianosen, Tenerifen. MIGUEL BARRETO / EFE
arantxa elizegi egilegor
2024ko urtarrilaren 9a
11:30
Entzun

Orotara, 6.618 pertsona hil ziren iaz Afrikatik Espainiako Estatura iritsi nahian; 18 pertsona egunean, batez beste. Caminando Fronteras gobernuz kanpoko erakundeak eman du datua; duela bi urte hildakoak zenbatzen hasi zirenetik, okerrena. Hildako horietatik 384 adingabeak ziren. Erakundeak bere kabuz biltzen ditu datuak, eta horietatik ondorioztatu dute, maiz, «mugako kontrol gisa» baliatzen dituela Espainiako Gobernuak erreskate lanak, batez ere Kanarietarako bidean —hor hil ziren iaz gehien: 128—. «Gure ikerketak argi utzi du iraupenagatik protokolo dei ditzakegun zenbait praktikak zuzenean eragiten diotela migratzen duten pertsonen bizileku eskubideari. Hala, iazko urtean zehar migrazioak kontrolatzeko tresna gisa baliatu da migratzaileei laguntza ukatzea».

Erakundeak nabarmendu du ezbehar askoren kasuan «berandu» heldu zela laguntza, edo zuzenean ez zela bilaketa operaziorik aktibatu. «Mugen esternalizazioaren politikak bultzatzen ditu atzerapen horiek, azken helburua ez delako pertsonak salbatzea, migrazioa kontrolatzea baizik», salatu du erakundeak, eta ohartarazi du horrek urratu egiten duela Giza Eskubideen Ituna. Espainiako Gobernuari ere leporatzen dio erreskateak hirugarren herrialdeen esku uztea, horiek lan horietarako «baliabide nahikorik» izan ez arren.

Itsasoan, arriskuan dauden pertsonen egoeraren inguruan informazioa zabaltzen duten erakunde eta banakoen «kriminalizazioa» ere salatu dute txostenean. Gobernuz kanpoko erakundearen arabera, horrek zuzenean eragiten du erreskate lanetan, maiz, horiek uko egin diotelako jasotako informazioa baliatzeari, lanak zailduz. Horri gehitu behar zaio iaz Hierro uharterako migrazio bidea baliatzen hasi zirela, Senegalgo eta Mauritaniako kostaldeetan kontrol handiagoak ezarri izanaren ondorioz. Arazoa da migratzaileek baliatzen dituzten arrantzale txalupak ez daudela prestatuta Atlantikoan nabigatzeko, eta horrek arriskua handitzen du.

Mediterraneoa

Iaz Aljeriatik irten ziren ontzietatik 22 desagertutzat jo ziren, Caminando Fronteras erakundeak salatu duenez, berandu aktibatu zirelako erreskate lanak edo larrialdi deiari entzungor egin ziotelako. «Ezbeharra gertatu ostean ere oso kasu gutxitan saiatu dira Espainiako erreskate taldeak gorpuak bilatzen, eta hori ere bada eskubideen urraketa», ohartarazi du erakundeak.

Kazu zehatzak ere jasotzen dituzte dokumentuan. Horietako bat da iazko martxoaren 27an gertatutako ezbeharrarena. Egun hartan hainbat familiak erakundera deitu zuten esanez ez zutela haien senideen berri hilaren 21etik. Antza, egun hartan ontzi batean irten ziren 14 pertsona, haietatik bi adingabeak. Berehala zabaldu zuen ikerketa erakundeak, eta horri esker jakin ahal izan zuten bidaiarietako biren gorpuak zirela martxoaren 23an eta 24an Denian (Valentzia, herrialde Katalanak) agertutakoak. Bi arrantzontzik topatu zituzten hilotzak, beren sareetan harrapatuta. Geroztik beste hainbat gorpu topatu zituzten, baina ez guztiak; bederatzi desagertuta daude oraindik ere.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.