Katalunia

Ehunka ekitaldi egin dituzte Katalunian bozen bezperan

Hauteskunde Batzorde Zentralak ez ditu debekatu antolatutako ekitaldiak, baina Generalitatearen esku utzi du horien "neutraltasuna bermatzea".

Bartzelonako kontzertuetako bat. TSUNAMI DEMOCRATIC
arantxa elizegi egilegor
2019ko azaroaren 9a
21:05
Entzun

Tsunami Demokratikoak deituta, Espainiako Gorteetarako hauteskundeetako gogoeta egunari boikota egin diote Katalunian, eta 300 ekitalditik gora antolatu dituzte, prozesu subiranistaren aurkako epaia salatu eta hura bultzatu dutenek "hausnartu dezaten". Hiriburuan ehunka pertsona bildu dira Bartzelonako Unibertsitateko plazan, bertan antolatutako kontzertu eta hitzaldietara.

 

 

Mugimenduak berak eman du goizean goiz Hauteskunde Batzorde Zentralaren erabakiaren berri, esanez "gainezka" egin duela instituzioak antolatutako ekitaldi guztiak debekatu ezinda. Alderdi Popularrak ekitaldien aurka jarritako helegiteari erantzunez, batzordeak zehaztu du ez duela eskumenik gogoeta egunean antolatutako ekitaldiak aldez aurretik debekatzeko.

Batzordeak, baina, ohartarazi dio Generalitateari ekitaldien "neutraltasuna bermatu" behar duela, eta neurriak hartu antolatzaile edo parte hartzaileek "ideia edo alderdi jakin batzuen aldeko" ikurrik zabaldu edo aldarrikapenik egin ez dezaten.

Mugan ere izan da mugimendurik gaurkoan. Picnic per la Republica plataformak deituta N-II errepidea moztu dute hainbat lagunek, El Pertus parean. Preso dauden politikarien argazkiak eskuetan 150 pertsona inguru batu dira El Pertusen.

Hausnarketa egunekoa ez da, hala ere, Tsunamik egunotarako antolatutako ekitaldi bakarra. Bozen biharamunean eta hiru egunez, "hiru eguneko irailaren 11 baterako" deia egin du mugimenduak. Hala, herritarrei eskatu die azaroaren 11, 12a eta 13a gorde ditzatela mobilizazioetan parte hartzeko. Langileei eskatu diete jai hartzeko, gutxienez, egun horietako batean. Horrez gain, ekintzarako prest egoteko hainbat gomendio egin dituzte: "lurralde osoan" mugitzeko prest egotea, eta, ahal izanez gero, gaua kanpoan pasatzeko prest egotea.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.