Ekialde Hurbila hankaz gora, buruz behera

Gaurko egunez, duela sei hilabete, AEBek eta Israelek Iranen kontrako erasoaldia hasi zuten. Aste gutxi batzuetako operazioa behar zuena oraindik ez da amaitu, ordea.

Irango lider goren Ali Khamenei zenaren erretratua Sanan, Yemengo hiriburuan, herenegun. YAHIA ARHAB / EFE
Irango lider goren Ali Khamenei zenaren erretratua Sanan, Yemengo hiriburuan, herenegun. YAHIA ARHAB / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2026ko abuztuaren 28a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Xextran aritzea bezainbeste gustatzen zaio gatazkak amaiaraztea; Donald Trumpek behin baino gehiagotan defendatu du kargua hartu zuenetik hainbat eta hainbat eten dituela, baina bada presidentetzarako bozetan gailendu ostean hitzeman zuen zera bat: «‘Gerra bat hasiko du’, esan zuten. Ez dut gerrarik hasiko». Ameriketako Estatu Batuek Ekialde Hurbilean egin dituztenak ikusita, bada, ulertu liteke iazko ekainean Israelek Irango azpiegitura nuklearren aurka egindako bonbardaketak eta segidako AEBen errematea gerratzat ez hartzea, gatazka horri hamabi eguneko gerra deitu izan badiote ere. Eta eztabaidatu liteke, halaber, iragan otsailean hasitakoa nola izendatu ote daitekeen: erasoaldi, liskar, ofentsiba... edo gerra, besterik gabe.

«Ez nuen ziurtatu ez zela gerrarik egongo. Zer dela-eta sortu nuen bestela munduko armadarik indartsuena?». Horixe bera erantzun zion AEBetako presidenteak ekainean kazetari bati, «gerra amaigabeak» amaituko zituela hitzeman zuela aurpegiratu zionean. Oraingoz, sei hilabete igaro dira gatazka hasi zenetik, eta tartean egon dira erasoaldiak, blokeoak, su etenak, negoziazioak, memorandum bat... 

Eta orain zer?

Aste gutxi batzuk baino ez zuen iraun behar erasoaldiak, Trumpen iragarpenen arabera. Printzipioz, behintzat; izan ere, AEBetako zenbait egunkarik azken egunotan kaleratu dutenez, aholkulariek eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak berak AEBetako presidenteari esan zioten islamiar errepublika ez zegoela bere garairik onenean —baziren zenbait aste, gainera, irandarrak gobernuaren kontra protestan ari zirela, bizitzaren garestitzea eta bizi baldintzak zirela eta—. Dena den, zerbitzu sekretuek zera ohartarazi zioten: gatazka areagotuz gero Teheranek jarrera gogortu zezakeela, eta azken batean sei hilabeteotan hartu dituen neurriak har zitzakeela ere bai.

Orduz geroztik aste batzuk baino gehiago igaro dira; sei hilabete, hain justu. Eta ikusita erasoaldiek, Ali Khamenei lider gorena hiltzeak, portuak blokeatzeak, diplomaziak, eta bonbardaketak etetea lortu ez duten su etenek ez dutela amaiarazi AEBek berek hasitako gerra, beste estrategia bat probatu nahi du Trumpek: zigor ekonomikoek eragindako estualdiak ez diezaiola Irani gatazka eteteko akordio bat onartu beste aukerarik utzi. Iranen erantzuna: datorrena datorrela, bereari eutsiko diola.

Trumpek zer asmo zuen berez?

Gatazka areagotu baino lehen, otsailean, islamiar errepublikaren programa nuklearrari buruz negoziatzen saiatu ziren bi aldeak, iazko ekaineko hamabi eguneko gerrak eten egin baitzituen lehenagoko ahalegin diplomatikoak. Baina AEBek ez zuten baztertu beren asmoak ekintza militarren bidez lortzea, baldin eta elkarrizketetan elkar ulertzen ez bazuten. Hirutan bildu eta gero, ikusi zuten gauzak zeuden moduan ez zela posible izango akordio bat lortzea, eta, otsailaren 28an, erasoaldiari ekin zioten Israelekin batera.

Bi aliatu horiek ziurtzat zuten iazko ekainean birrinduta geratu zela Iranen programa nuklearra. Bada, Trumpek argudiatu zuen hura garatzeari ekin ziotela; horra hor gerrari ekiteko arrazoietako bat. Eta, bide batez, ikusita irandarrak ere gobernuaren beraren kontra egiten ari zirela, AEBetako presidenteak konbentzitu egin nahi izan zituen, «laguntzera» zihoala esanez. Aiatola boteretik erauztea; horra hor beste arrazoietako bat.

Erasoaldia hasi zen egun berean hil zuten Ali Khamenei aiatola, baina horrek ez zuen eragin Trumpek iragarritako «erregimen aldaketa», inondik inora ere. Khameneiren semea lider goren izendatu zuten handik astebetera, eta hark esan izan du «babestu» egingo dituela bai gaitasun nuklearra eta bai misil balistikoen programa.

Ormuzko itsasartea ere hortxe dago...

AEBetako presidenteari ohartarazi zioten, hain zuzen, Teheranek Ormuz blokeatzeko baliatuko zuela erasoaldia. Esan eta egin. Guardia Iraultzaileak itsasartean nabigatzea debekatu zuen Khamenei hil izanagatik mendeku hartzeko, eta, ondorioz, itxiarazi egin zuen munduan kontsumitutako petrolioaren eta gas naturalaren bostena igarotzeko erabiltzen zen itsasartea; ezarri ere, ezarri zituen ontzien kontrako minak, zeinak AEBetako armadak kendu egin dituen, betiere Trumpek asteon iragarri duenez —Iranek gezurtatu egin du hori—.

Bada, Teherani presio gehiago egiteko, AEBetako armadak blokeoa ezarri zien Irango portuetara zihoazen eta horietatik itsasora jotzen zuten ontziei, aldi baterako; Trumpek ontziak eskoltatzeko misio bat ere iragarri zuen, nahiz eta egun gutxiren buruan utzi zuen bertan behera.

Washingtonen lehentasuna ituna lortzea da orain, Ormuzko itsasarteari irtenbidea topatzeko ituna lortzea, alegia, baina beste aldeak izkin egin dio: azken asteotan, Iranek eta Omanek jakinarazi dute nabigazioa bideratzeko ituna egin dutela, eta berandu gabe ematekoak dira adostu dituzten itsasbideen berri.

Ba ote da negoziatzeko aukerarik?

Washington eta Teheran aurrez aurre bildu ziren apirilean Pakistango hiriburuan, Ekialde Hurbileko gatazkari konponbidea emateko xedez, eta bi hilabetera sinatu zuten Islamabadeko Memoranduma, ekainaren erdialdean. Hirurogei eguneko su etena ere ezarri zuten horren bidez, adostutakoak aplikatzen hasteko —Ormuzko nabigazioa lehengoratzea, AEBetako armada erretiratzea, Iranen kontrako zigorrak kentzea...—, baita gatazka amaiarazteko akordio bat negoziatzeko ere. Erasoak tarteko, ordea, bertan behera geratu ziren elkarrizketak, eta, orain, ezein aldek ez du gertu ikusten itunen bat helduko den eguna.

IRAN, INGURUKO HERRIALDEEI KONTU ESKE

Teheranen atzo egin zuten herrialde islamiarren konferentzia batean, Masud Pezexkian Irango presidenteak arduraz jokatzeko eskatu zien mugakideei. Esan zuen AEBen eta Israelen erasoen aurrean herrialdeak badakiela bere burua nola «defendatu», eta AEBek Ekialde Hurbilean dituen baseak izan zituen hizpide: «Ezein herrialde musulmanen lurraldea ez litzateke erabili beharko beste nazio musulman baten kontra».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA