Ekintzaileak Tel Aviveko aireportuan gerarazten saiatuko dira ehunka polizia

«Probokazioen aurrean» edozein neurri hartzeko prest dagoela iragarri du Netanyahu Israelgo gobernuburuak

Iker Aranburu.
2011ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Israelgo Gobernuak kosta ahala kosta eragotzi nahi du nazioarteko ehunka ekintzaile lurralde okupatuetara iristea, eta haien bidea Tel Aviveko Ben Gurion aireportuan bertan trabatzen saiatuko da. Ehunka polizia eta mugetako agente hedatuko ditu gaurtik aurrera aireportuan, ekintzaileak lurra hartu eta berehala deportatu ahal izateko. Itsasoko mugazainak eta armada, berriz, itsasora begira egongo dira, agian bihar iritsiko delako Gazako kostaldera blokeoa hausterik izan duen nazioarteko bigarren flotillako itsasontzi bakarra.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak probokaziotzat jo du nazioarteko eragileen bidaia, eta «istiluak eragozteko» edozein neurri hartuko duela iragarri zuen, atzo, Ben Gurion aireportuko segurtasun arduradunekin egindako bileran. Israelgo Gobernuarentzat probokazioa da lurralde okupatuetako herritarrei zer-nolako tratua ematen dien nazioartean salatzea, baina are gehiago ekintzaileek argi eta garbi esaten badute «Palestinara» doazela.

Ongi Etorri Palestinara ekimenaren antolatzaileek ukatu egin dute inor xaxatzeko asmoa dutela. «Herrialde guztiei erakutsi nahi diegu badirela gizon eta emakumeak Palestinako herritarrei beren elkartasuna adierazteko prest», adierazi dute agiri baten bidez. Lur horiek «denbora luzeegiaz» okupatuta izan arren, mendebaldeko herrialdeek nahiko jaramon egiten ez dietela ere salatu dute. Antolatzaileek diote 600 ekintzaile direla iristekoak gaur gauetik aurrera, baina Israelek uste du agian kopuru horren halako bi direla. Ramala, Betleem, Hebron, Jerusalem eta Jordan Harana bisitatzeko eta hango egoeraren berri nazioartean emateko asmoa dute, baina oso litekeena da gehienen bidaia Ben Gurioneko pasaporteak kontrolatzeko gunean amaitzea. Izan ere, «ezkutatzeko ezer» ez dutenez, Zisjordaniara doazela esango dute. Lurralde okupatuetara doazen nazioarteko ekintzaileek Israel bisitatu nahi duten turista gisa aurkeztu ohi dute beren burua, polizien kontrolak igaro ahal izateko. Haatik, azken taktika hori baliatuko dutela esan dio antolatzaile britainiarretako batek Haaretz egunkariari. Egunkari horrek ziurtatu du azken bi egunotan Frantziako eta Belgikako bost bake ekintzaile kanporatu dituztela.

Flotilla ere, «probokazioa»

Tel Aviveko aireportuan ez ezik, Gazako kostaldean ere tentsioa izango da bihar, Askatasunaren II. Flotillako Dignite Al Karama Frantziako itsasontziak uste baitu orduan iritsi ahal izango duela hara. Duela urtebete Israelgo armadak indarrez eragotzi zuen Gazako blokeoa eten nahi zuen nazioarteko ontzidiak kostaldera hurbiltzea, eta bederatzi lagun hil zituen Turkiako banderadun Marmara itsasontzian. Eraso horri buruz NBEk agindutako ikerketa txostena amaituta ez dagoela azaldu du Ban Ki-moon idazkari nagusiak.

Israelen terminologia berdina baliatu zuen atzo —«probokazio ekintza funtsik gabea» —Alan Solomont AEBek Espainian duten enbaxadoreak, bigarren flotilla salatzeko.

Bestetik, NBEko Segurtasun Kontseiluak hilaren 26an aztertuko du Palestina erakundeko kide izateko aukera, atzo Peter Wittig batzorde horretako jarduneko presidenteak iragarri zuenez. Irailean da aztertzekoa NBEko osoko bilkura estatu palestinarra onartzen ote duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.