Ekonomia, Aberen erronka

Abenduaren 16ko bozak irabazi ondoren, Shinzo Abe kontserbadorea Japoniako lehen ministro izendatu dute

Arnaitz Lasarte.
2012ko abenduaren 27a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Hiru urteko parentesiaren ondoren, kontserbadoreak agintera itzuli dira Japonian. Parlamentuak atzo izendatu zuen Shinzo Abe Japoniako lehen ministro. Alderdi Liberal Demokratak gehiengo absolutua lortu zuen abenduaren 16ko bozetan, parlamentuko 480 eserlekuetatik 328 lortuta. Hala, Yoshihiko Noda sozialdemokrataren lekua hartu du Abek —Nodak dimisioa eman zuen atzo, lehen ministro berria izendatu aurretik—. Azken sei urteetako zazpigarren lehen ministroa izango da Abe, eta Japoniaren historiako 96.a.

Herrialdean duten egoera ekonomiko zaila zuzentzea izango da gobernu berriaren helburu nagusia, Japonia atzeraldian sartu baita azken bi hiruhilekoetan. 2011ko tsunamiaren eta Fukushimako hondamendi nuklearraren kalteak jasan zituzten guneak biziberritzea ere izango da gobernuaren beste erronketako bat.

58 urte ditu Abek, eta lehen ministro izana da lehenago ere, 2006 eta 2007 artean. Abek dimisioa aurkeztu behar izan zuen orduan, bere hainbat ministro ustelkeria kasuekin lotu izanak eta kudeaketan egindako hainbat hutsek bere lidergoari kalte egin baitzioten. Hauteskunde kanpainan adierazi du porrot hartatik asko ikasi duela, eta «aire berriarekin» datorrela bere alderdia.

Aldaketak aldaketa, liberalek ez dute lan erraza izango Japoniaren egoera ekonomikoari buelta ematen. Herrialdea atzeraldian sartuta dago, herrialdearen zorra BPG barne produktu gordina halako bi da; langabezia tasa ez da murriztu azken urteetan—%4,5ekoa da—;eta 2010ean, munduko bigarren potentzia ekonomiko izateari utzi, eta hirugarrena bihurtu zen, AEBen eta Txinaren atzetik.

Ikusteko daude Senkaku uharteen gaineko subiranotasunaren inguruan gobernu berriak hartuko dituen neurriak ere. Txinak ere beretzat ditu uharteok —Diaoyu deitzen diete—, eta azken hilabeteetan gaiztotu egin da bi herrialdeen arteko harremana. Txinako Gobernuak adierazi duAberen gobernuak harreman horiek «normaltasunera» itzularaztea espero duela. «Txina eta Japonia bizilagun garrantzitsuak dira, eta haien artean harreman ona izatea ezinbestekoa da», adierazi du Hu Chunying Txinako Atzerri ministroak.

Lehen ministro gisa izendatu, eta ordu batzuk geroago iragarri zuen Abek gobernu berria zeinek osatuko duten. Lehen ministroaren gertukoek beteko dituzte gobernuko kargurik garrantzitsuenak. Taro Aso izendatu du lehen ministrorde eta Finantza ministro, bere aliatuetako bat. Aso2008 eta 2009 artean Japoniako lehen ministro izan zen. 2005 eta 2007 artean, berriz, Atzerri ministro izan zen, Abe lehen ministroa zenean. Gobernuko bozeramaile Yoshihide Suga izendatu du, eta sortu berri duen Ekonomia Suspertzeko Ministerioko buru, berriz, Akira Amari. Abek ez du jarri emakumerik Japoniako hamabi ministerio nagusietako buru. Gobernu berriko kideen batez besteko adina aurrekoetakoen antzekoa da: 57,7 urtekoa —58 urtekoa zen Nodaren gobernuko kideena—.

Ia beti agintean

2009ko hauteskundeetan, Japoniako herritarrek, lehen aldiz, zigortu egin zuten Alderdi Liberal Demokrata, 1990eko hamarkadako burbuilak ekarri gainbeheragatik. Liberalek 1955ean eskuratu zuten Japoniako agintea, eta 1993ko abuztuaren 9ik eta 1994ko apirilaren 28ra baino ez zuten galdu. Zentsura mozio baten bidez, zazpi alderdik osatutako koalizio batek kendu zituen gobernutik.

Azken mende erdian, herritarrek gutxitan jarri dute zalantzan kontserbadoreen jarduna. Izan ere, Bigarren Mundu Gerra galdu ondoren, Japonia munduko bigarren potentzia ekonomiko bilakatu zuten. Orain, hiru urteko etenaldiaren ondoren, herritarrek babesa eman diote berriro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.