Txile

Elisa Loncon maputxeak zuzenduko du Txileko konstituzioa idazteko biltzarra

«Txile berri plurala, ele askotakoa sortu da, herri guztiekin», esan du Elisa Lonconek izendapena jaso ostean.

Elisa Loncon Konbentzio Konstituziogileko buru izendatu ostean. ELVIS GONZáLEZ / EFE
Edu Lartzanguren.
2021eko uztailaren 4a
22:08
Entzun

Bitzar Konstituziogilea eratzeko saioa egin dute Txileko Kongresuan. Ekitaldi ofizialean sortu dute datozen egunetan herrialdearentzat beste konstituzio bat idatziko duen erakundea. Elisa Loncon maputxea izendatu dute biltzarreko buru.

Loncon maputxea da (Lefweluan, Txile, 1963), doktorea da humanitateetan eta literaturan, eta hizkuntzalaria. Mapudungun hizkuntza irakasten du Santiagoko Unibertsitatean. BERRIAk elkarrizketatu zuen ekainean. «Maputxeok gure patua erabakitzea autodeterminazio ariketa politiko bat da», esan zuen orduan. Presidente izateak duen alde onaz eta txarraz ere hitz egin zuen elkarrizketan.

155 kide ditu biltzarrak. Lehenengo bozketan inork ez du lortu behar bezalako sostengua. Baina bigarrenean, Lonconek 58 boto jaso ditu, eta Harry Jurgensenek 36. Azkenean, hizkuntzalaria nagusitu da. «Txile berri plurala, ele askotakoa sortu da, herri guztiekin», esan du izendapena jaso ostean.

Azaroan Pinocheten garaiko konstituzioa atzean uztea erabaki zuten txiletarrek. Estatuarentzat beste marko juridiko bat sortzearen alde bozkatu zuten %78k. Txileko laugarren konstituzioa idatziko du herritarrek hautatutako biltzarrak. Gero, herritarrek berretsi beharko dute testua, bozketa bidez.

Pinocheten garaiko konstituzioa ordezkatzeko eskatu zuten ezkerreko indarrek, herrialdeko eredu sozioekonomikoa aldatzeko urrats garrantzitsua izango delakoan. Gizarte desberdintasunen kontrako herritarren protestek bultzatuta egin zen galdeketa. Izan ere, 2019ko udazkenean piztu ziren protestak: Txileko Gobernuak metro bidaiak garestitu egingo zirela iragarri zuenean.

Iazko azaroaren 15ean, greba orokor baten eta dozenaka hildakoren ondoren, gobernuak eta oposizioak galdeketa egitea adostu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.