Elkar ulertzen ez duten hiru Libanon

Beirutek su etenaren ondorengoak negoziatzen jarraitu nahi du, Tel Aviv Libano hegoaldeko eremua okupatu nahian dabil «segurtasun eremua» ezartzeko, eta Hezbollahk badu zeresana horretan guztian, bere gaitasun militarra dela medio.

Libano hegoaldeko Nabatieh jaioterrira itzulitako iheslariak, herenegun. WAEL HAMZEH / EFE
Libano hegoaldeko Nabatieh jaioterrira itzulitako iheslariak, herenegun. WAEL HAMZEH / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2026ko apirilaren 21a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Joan zen ostiralean ezarri zuten hamar eguneko tregoa Libanon, Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak bezperan iragarri nola. Bihar goizaldean da amaitzekoa Washingtonen eta Teheranen arteko su etena, baina, okerrik ezean, Israelen eta Libanoren artekoak datorren asteko igandera arte iraungo du. Israelgo armadak eta Hezbollah milizia xiitak erasoak eten dituzte oro har; Tel Aviv, ordea, Libano hegoaldea mendean hartu nahian dabil oraindik ere.

Begiz eta misilez jotako eremu bat

Martxoaren hasieran, Hezbollahk eraso egin zion Israeli, Ali Khamenei Irango lider gorenaren heriotza mendekatzeko; horrek gatazka areagotzeko aitzakia eman zion Israeli. Orduz geroztik bonbardatu du Libano, eta, batik bat, herrialdearen hegoaldea: milizia xiita uxatu egin nahi du Litani ibairainoko eremutik —Libanoren lurraldearen hamarrena hartzen du—, bertan «segurtasun eremu» bat ezartzeko eta Israel iparraldeko helburuen kontrako erasoak galarazteko, Hezbollahk erakutsia baitu bere misilak kapaz direla defentsa sistemei izkin egiteko. Herritarren kontrako erasoak ere egin ditu Israelek, eta 2.300 baino gehiago hil hilabete pasatxoko epean.

Israelen estrategia zera izan da, miliziaren azpiegituratzat dituenei eraso egiteaz gain, hainbat eta hainbat herri ere birrintzea; armadak eremua ebakuatzeko agindu du azken asteotan, eta erasoak areagotu ditu, kasik Libano hegoaldea bakartzeraino. Litani ibaiko zubi guztiak eraitsi ditu horretarako —zutik zen azkena, Sidon eta Tiro hirien arteko errepidekoa, joan zen ostegunean birrindu zuen, indarrean den su etena ezarri bezperan—. Ondoren ere, Israelgo hondeamakinek jarraitu dute herriak-eta botatzen; atzo, lau herri bonbardatu zituen Israelgo armadak, Libanoko NNA albiste agentziak kaleratu zuenez.

Israelgo Gobernuko agintariek iradoki dute, batera edo bestera, Libano hegoaldea okupatzeko asmoa: Israel Katz Defentsa ministroak esan du tropek «kontrola» ezarriko dutela; eta Bezalel Smotrich Finantza ministroak, berriz, Litani ibaiak bi herrialdeen arteko muga beharko lukeela izan, eta ez nazioarteak onartutako lerro urdina —horrela deritzo Israelen Libanoko okupazioaren (1982-2000) ostean ezarri zuten mugari—.

Errefuxiatuak eta iheslariak

Israelen erasoaldiek ihes egitera behartu dituzte gutxienez 1,3 milioi lagun, Libanoko biztanleriaren ia laurdena. Su etena ezarri eta berehala, ordea, horietako askok itzultzea erabaki zuten; joan zen ostiralean, Beirutera eta herrialdearen hegoaldera zihoazen autoz bete ziren errepideak, eta asteburuan zehar ere desplazatu gehiago itzuli dira.

Aintzat hartzekoa da gerra hasi baino lehen milioi eta erdi errefuxiatu siriar zeudela herrialdean, Siriako gerragatik (2011-2024) jaioterria utzi zutenak, eta, UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak emandako datuen arabera, dagoeneko 562.000 lagunek gurutzatu dutela Siriarako muga —horietatik bi heren hango errefuxiatuak dira, eta besteak, iheslari libanoarrak—.

Hezbollahren gaitasun militarra

Libanoko milizia xiitak beste su eten bat sinatu zuen 2024ko azaroan Israelekin, hark Gazaren kontrako erasoaldia hasi eta urtebetera. Hezbollahk kolpea hartu zuen gatazka horretan —Hassan Nasrallah liderra eta 4.000 miliziano hil ziren, gehientsuenak akordioa egin aurreko asteetan—, eta nazioarteak hura indargabetzeko aukeratzat jo zuen hori. Konpromiso hori hartu zuen Libanoko Gobernuak, eta armadarekin batera herrialdeko miliziak armagabetzen jardun du orduz geroztik; urte honen hasieran, Nawaf Salam lehen ministroak jakinarazi zuen Litanitik hegoalderanzko eremuaren kontrola zeukatela, eta, hango arma ia guztiak konfiskatu zituztela esan zuen arren, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak erantzun zion «hasiera pozgarria» zela, baina ahaleginak ez zirela nahikoak, «ezta gutxiago ere».

Joan den urte eta erdian berrarmatzen aritu baita Hezbollah, Teheranen laguntzaren eta arma trafikoaren bidez. 40.000 bat miliziano ditu Hezbollahk —tartean, Israelen kontrako operazioetan espezializatutako Radwan Indarretako 2.500—, eta beste hainbeste erreserbista ere bai. Estimatzen da, besteak beste, gutxienez irismen laburreko eta ertaineko 25.000 misil dituela, eta irismen luzeko beste 1.000; martxoan soilik 5.000 jaurti zituen Israelen kontra, eta Tel Avivek uste du miliziak baduela erritmo horri zenbait hilabetez eusteko gaitasuna.

Libano eta negoziazioen noranzkoa

Israel eta Hezbollah elkarri erasoka aritu dira, eta diplomazia egiten saiatzea besterik ez zaio geratu Libanori. Erakutsi nahi izan du kapaz dela mahaiaren bueltan esertzeko —bi herrialdeek AEBetan dituzten enbaxadoreak joan zen asteartean bildu ziren, Washingtonen; etzi beste bilera bat egitekoak dira aldeak—, eta herrialdeari eragingo dion edozein erabakik berak sinatu nahi du, Middle East Eye hedabideak Beiruteko iturri ofizialak aipatuz kaleratu duenez; kontua ez baita soilik Israelgo armadaren erasoak etetea, ezpada erabakitzea su etena ezarri ondorengo koiunturan nork negoziatuko duen.

Donald Trump AEBetako presidenteak joan den astean iragarri zuen aste honetan edo datorrenean biltzekoak direla Netanyahu eta Joseph Aoun Libanoko presidentea. Aunek atzo iragarri zuen Simon Karam Libanok AEBetan zuen enbaxadorea (1992-1993) izendatu duela negoziazioak zuzendu ditzan: «Helburua da erasoak etetea, Israelen okupazioa amaiaraztea hegoaldeko eremuetan, eta armada nazioarteak aitortutako hegoaldeko mugetara zabaltzea». Batez ere, kontuan izanda UNIFIL Nazio Batuen Libanorako Indar Behin-behinekoak urtearen amaierara arte egongo direla herrialdean; hortik aurrera, urtebeteko epea izango dute erretiratzeko, eta armadaren esku geratuko da «segurtasuna». 

Ekialde Hurbileko gatazkan, eskualdean gaitasun militarrik handiena duten potentzien artean dago Libano, baina ez du inoren eskumakila izan nahi; Iranena, zehazki. Hezbollahk eta Teheranek nahikoa harreman baitute dagoeneko, eta Beirut ahalik eta distantziarik handiena ari da mantentzen. Ikusteko dago, ordea, zer gertatuko den su etenarekin, milizia xiita aintzat hartu gabe —asteburuan, Hezbollahk aurrez jarritako hainbat lehergailuk eztanda egin zuten, eta Israelgo armadako bi soldadu hil ziren bulldozer bat bertatik igaro zenean, Libano hegoaldeko Kafr Kila herrian—. Hezbollahk negoziazioak baztertu ditu, eta Ali Fayyadek, miliziaren adar politikoko parlamentariak, baldintzak ezarri ditu hitz egiteko: su etena, Israelgo armada erretiratzea eta gatazkaren ondorioz desplazatutakoak itzultzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA