Elkarrizketaren alde egiteko deia nazioarteko komunitateari

2019ko urriaren 14a
11:18
Entzun

Tsunami Democratic taldeak Pep Guardiolaren mezu bat zabaldu du, ingelesez. Nazioartean zabaltzeko intentzioa dauka, eta hango komunitateari dei egiten dio gatazkaren konponbidea bultzatzeko jarrera hartzera. Konponbide politikoa eta demokratikoa eskatu dio Guardiolak Espainiako Gobernuari, eta nazioarteko komunitateari galdegin dio jarrera argia erakutsi eta konponbide demokratiko eta politiko baten alde egiteko. Konponbidea hortik bakarrik etorriko baita, haren ustez.

Eskubide urraketa salatu du, eta ohartarazi orobat urratu direla adierazpen askatasuna, epaiketa justu baterako eskubidea, manifestatzekoa eta biltzekoa. "Onartezina da XXI. mendeko Europan".

Disidentzia lege antiterroristekin zigortzen dela salatu du Guardiolak, eta azpimarratu du gauza bera egiten dela artistekin ere. Gainera, gogora ekarri du zigortu dituzten buruzagi politikoek herritarren gehiengoa ordezkatzen dutela.

Salatu du Espainiako ezein gobernuburu ez zaiola aurrez aurre jarri Kataluniako gatazkari errespetuz eta elkarrizketarekin.

Quebecen eta Eskozian egin bezala, autodeterminazio eskubidea onartuta bakarrik amaituko da gatazka, Guardiolaren esatan, eta ez errepresioarekin. Horregatik, elkarrizketa bultzatzeko deia egin dio nazioarteko komunitateari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.