Hainbat komunikabidek zabaldu dutenaren arabera, Kataluniari buruzko "elkarrizketa mahai bat" zabaltzea adostu zuten ostegunean PSOEko eta ERCko kideek. Bi aldeek, ordea, ukatu egin dute halakorik. Esquerrako eledun Marta Vilaltak zehaztu du "gobernuen artekoa" behar duela izan elkarrizketak, nahiz eta bilera horietan jorratu beharreko puntuak aurrez alderdien artean hitzartu ahal izan. Horretarako, baina, lehen urratsa sozialistek eman behar dutela ere nabarmendu du, "eta oraingoz ez dute argi esan hitz egiteko prest daudenik".
Alderdi Sozialistako idazkariorde Adriana Lastrak ere ukatu egin du ERCrekin inolako bilerarik adostu dutenik, baina gogorarazi du eurak eta Podemos izan direla "akordioetara heltzeko borondatea" erakutsi duten bakarrak. Hain zuzen ere, PSOEko militanteek gaur zuten berrestekoa sozialistek eta Podemosek gobernua osatzeko adostutako akordioa.
Koalizio gobernuak aurrera egingo badu, ordea, babesak behar dituzte eta horietako bat litzateke Esquerrakoena. Militanteek astelehenean dute erabakitzekoa Sanchezen inbestidura babestuko duten edo ez. Dena den, Pere Aragones alderdiko koordinatzaile eta Generalitateko presidenteordeak iragarri du alderdiak Sanchezen aurka bozkatuko duela, hark elkarrizketaren aldeko apusturik egiten ez duen artean. "Elkarrizketa mahai bat osatu behar da gatazka konpontzeko, ez jendea entretenitzeko edo denbora galtzeko".