Arima herratuak elur ekaitzaren pean. Berdez jantzita daude, eta malutak aurpegian geratzen zaizkie. Errepide bazterretik doaz, oinez; gero eta zuriago dago bidea. Pauso geldoak ematen dituzte, etsai atzemanezin baten bila ariko balira bezala. Nuukera bidali dituzten militar daniarrak dira. «Egia esan, ez dakit oso ondo zer egiten duten egun osoan», esan du merkatari batek.
Soldaduek ez dute hirian patruilatzen, baina txoko guztietan azaltzen dira. Tabernetan, jatetxeetan, hoteletan, dendetan eta supermerkatuetan. Ez dira talde handitan ibiltzen, eta ez daramate arma handirik agerian. Itxuraz, bigarren mailako izakiak dira Nuukeko egunerokoan, nahiz eta funtsezko elementua diren AEBekiko gatazkan.
AEBetako presidente Donald Trumpek Groenlandia anexionatzeko eskubidea erreklamatu du «segurtasun nazionala» aitzakiatzat hartuta, eta salatu Danimarkak –eta, beraz, NATOk– ez duela ezer egin uhartea Errusiaren eta Txinaren esku hartzeetatik babesteko. Are, misilen kontrako ezkutu bat ere eraiki nahi du Trumpek, Urrezko Kupula izenekoa. «Mespretxu egin die soldadu guztiei, baina baita aliatu guztiei ere», esan du militar batek.
Bizkar zorro handi bat darama, eta kasko beix baten atzean du ezkutatua ilea. Ekaitzak gorritua dio aurpegia, eta hitzak lausotzen dizkio. «Gure subiranotasuna defendatzera etorri gara», segitu du. Daniarra da, eta harro erakutsi du mahukan brodatua duen bandera. «Ez dut politikaz hitz egin nahi», esan du, bukatzeko. Porturanzko bidea hartu nahi du berriz, han baitu egoitza Artikoko Agintaritza Bateratuak.
—Trumpek baztertu egin du hori.
—Fidatzen zara haren hitzaz?
—Ez.
—Eta pauso hori ematen badute?
—Ezer gutxi egin ahal izango dugu. Gutxi gara eta.
Malutak izozten hasiak zaizkio betileetan. Edozein bizi arrastori atxikitzen zaio negua, eta hura mendean hartzen saiatzen. Soldaduak, botaz lurra jo, burua makurtu, eta martxa egin du. Portuan, gurutzaontzien terminalean, Jane Goodwill izeneko ontzi izotz-hausle bat dago. Bart HDMS Thetis fragatari heltzen zioten amarralekuetan dago.
Grisaxka da, eta Nuuk inguruko fiordoetan ibiltzen da egunero. Denborapasa moduko bat da ontzi zahar horrentzat, 30 urte baino gehiago baitira martxan dabilela. Motorra kexuka dabil, nagi, garabien eta edukiontzi herdoilduen artean doala. «Turistak soldaduekin ordezkatu ditugu. Oroigarriak, berriz, armekin», esan du txantxetan portuko langile batek.

Beleak kaien gainean dabiltza hegan, beste mundu bateko espirituak balira bezala. Karrankaz ari dira, asegabe eta amorratuta. Gose dira, eta arrantzaleen ontzietako arrasto odoltsuetan arakatu nahi dute. Malutek itsas barrenaren zaporea dute. Langileak, beleak seinalatu, eta ziurtatu du piztia gaiztoak direla, eta haiek uxatzen saiatu da.
Artikoko Agintaritza Bateratuaren eraikina aldapa harritsu baten oinean dago. Urdin iluna da, eta zurezko eskailera batzuetatik sartu behar da barrura. Groenlandiako, Faroe uharteetako, Danimarkako eta AEBetako banderak daude han. Albo bateko leihoetatik ekipamenduz betetako zenbait gela ikusten dira, baita militar batzuk ere, errutinak burua moteldua diela.
Soldaduak sartu-irtenean ari dira, ekaitzari keinuka. Sarreran, irribarre egin dute kazetari bat ikustean, baina esan dute agindua dietela ez hitz egiteko. Elkarrizketa bat egiteko eskaera guztiei ezetz esan diete, modu onean. «Oraintxe bertan ezin dugu, baina etengabe berrikusten dugu zertan den egoera, eta, ezer aldatzen bada, jakinaraziko dizugu», esan dute.
1951ko hitzarmena
Kalearen beste aldean, bulego txiki eta bakarti bat dago. Artic Endurance operaziorako atondu zuten, Trumpen mehatxuei erantzuteko urtarrilean egindako operazio militarrerako. Danimarkako armada zuen buru, eta NATOko beste herrialde batzuetako 30 bat soldaduk ere parte hartu zuten. Argi guztiak itzalita daude. «Hemen ez dute ezer egiten», esan du militar batek.
«Bizimodua nahiko zaila eta gogorra da hemen. Nork joan nahiko du oraindik iparralderago?»
Danimarkako armadako soldadu bat
Aste honetan, NATOk berretsi du soldadu eta baliabide gehiago bidaliko dituela Arctic Sentry misioan, baina ez du zehaztu zenbat. «Desiratzen daude ozeanoaren beste aldean Groenlandiaz ahaztu daitezen. Berriro garrantzirik gabeko harri eta izotz puska bat izan dadin nahi dute», erantsi du.
—Zure ustez, zer gertatuko da?
—Ez dakit.
—Etengabe hitz egingo duzue horri buruz, ezta?
—Etxera itzuli nahi dut, besterik ez.
Aste honetan, AEBetako lehendakariorde James David Vancek ziurtatu du uhartearen etorkizunari buruzko aurreakordioak –Trumpek eta Mark Ruttek diseinatu zuten, Davosen– «aurrez daukan baino askoz gehiago» emango diola Washingtoni. Ez Groenlandiako lehen ministroak eta ez Danimarkakoak ez dakite akordio horretan zer idatziko duten letra txikiz.
1951ko defentsa hitzarmenari esker, AEBek ia edozer egin dezakete uhartean arlo militarrari dagokionez, aurrez agintariei jakinaraziz gero. Gerra hotz betean, hamazazpi base ere izan dituzten han. Orain, ordea, Pittufik-ekoa baino ez daukate: Nuuketik iparraldera dago, 1.500 kilometro ingurura.
Soldadu talde bat hiriaren erdialderantz doa ilaran errepide batetik. «Bizimodua nahiko zaila eta gogorra da hemen. Nork joan nahiko du oraindik iparralderago?», esan du haietako batek, atsekabetuta, eta arnasotsa atera du. Orban berdexka batzuk dira, eta ekaitzaren grisak estaliko ditu pixkanaka.