Txinako Justiziak Yao Jiaxin 21 urteko gaztea hil zuen atzo, herrialdearen iparraldeko Shaanxi probintziako Xian hirian. Horrela, iragan urrian emakume bat labankadaz hiltzegatik auzitegiak gazteari ezarritako heriotza zigorra bete zuen Txinak. Xianeko Musika Kontserbatorioko ikaslea zen Yao, eta piano jotzaile bertutetsua zen.
Epaiketan adierazi zuenez, Yaok Xian hirian zehar bizikletan zihoan Zhang Miao 26 urteko emakumea autoz harrapatu eta arin zauritu zuen joan den urteko urrian. Zerbitzari gisa lan egiten zuen neskak. Emakumea zaurituta ikustean zortzi labankada eman eta ihes egin zuela aitortu zuen Jiaxinek, «emakume baserritarrak autoaren matrikula gogoratu eta kalte-ordain handia eskatuko ote zion beldur zelako». Herriaren Auzitegi Gorenak «gorrotagarritzat» jo zuen Yaoren jokabidea, eta heriotza zigorra ezarri zion. Horrez gain, auzitegiak Zhangen familiari 7.000 dolarreko kalte-ordaina ematera behartu zuen gaztea.
Eztabaida gazteen moralaz
Emakumea hil eta lau egunera, Yaok Poliziaren aurrean aurkeztu zuen bere burua, gurasoek lagunduta. Alabaina, jokabide hori ez zen errukia izateko arrazoi bilakatu Xiango Herri Auzitegiak gaztea epaitu zuen unean. Joan den apirilaren 22an ezarri zioten heriotza zigorra. Yaok helegitea jarri zuen epaiaren kontra, baina, azkenean, Herriaren Auzitegi Gorenak atzera bota zuen errekurtsoa, eta heriotza zigorra berretsi zuen.
Hilketa kasu horrek gazteen moralaren inguruko eztabaida piztu du Txinan. Bigarren belaunaldiko aberats deiturikoen moralaren inguruan idatzitako artikulu ugari argitaratu dituzte bertako komunikabideetan. Txinaren hedapen ekonomikoaren garaian gora egin duen belaunaldiaren seme-alabek osatzen dute bigarren belaunaldiko aberatsak deituriko belaunaldia. Hain zuzen ere, Txinaren gorakada ekonomikoa zuzenean bultzatu duten industrietan egiten dute lan Yaoren gurasoek.
Emakume bat hil zuen ikasle bat exekutatu du Txinako Justiziak
Bizikletan zihoan neska autoz harrapatu eta arin zauritu ostean, zortzi labankada eman zizkion gazteak iragan urrian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu