Groenlandia

Emakume talde batek kalte ordaina eskatu dio Danimarkari, antisorgailuak gogoz kontra ezarri zizkietelako

Groenlandiako 67 emakume ari dira auzia bultzatzen. 1966tik 1970era, 4.500 emakumeri ezarri zieten UBG umetoki barneko gailua, haiei esan gabe edo haien gogoz kontra, populazioa handitu ez zedin.

Danimarkako lehen ministro Mette Frederiksen, gaur, Parlamentuan. MADS CLAUS RASMUSSEN / EFE / EPA
Edu Lartzanguren.
2023ko urriaren 3a
17:36
Entzun

Beste auzi bat agerian uzten ari da egunotan Danimarkako Estatuak Groenlandiako jatorrizko biztanleen kontra eginiko gehiegikeriak. Uharteko 67 emakumek salaketa jarri diote Danimarkako Gobernuari, 1960ko eta 1970ko hamarkadetan uharte hartako milaka emakume antisorgailuak jartzera behartu zituztelako, edo esan gabe ezarri zizkietelako, populazio indigena handitu ez zedin.

Batzorde bat ari da afera ikertzen, eta ondorioak plazaratu asmo ditu bi urte barru, baina emakume talde horrek orain nahi du kalte ordaina. Izan ere, askok 60, 70 edo 80 urte inguru dituzte, eta ez dute batzordearen txostenaren zain egon nahi. 26.000 euro eskatzen dituzte bakoitzarentzat, atzo Danimarkako Gobernuari bidalitako agirian.

Izan ere, inork ez du zalantzan jartzen politika hori indarrean egon zenik. Kopenhageko Gobernuaren datu ofizialen arabera, 1966 eta 1970 artean 4.500 emakumeri ezarri zieten UBGa, haiei esan gabe edo haien gogoz kontra. UBGak umetokian sartzen dira, izenak adierazten duen bezala, eta haurdunaldia galarazten dute.

Politika horren biktimetako asko oso gazteak ziren, batzuk 13 urtekoak. Egin dituzten kalkuluen arabera 1969. urterako, uhartean haurrak edukitzeko adinean zeuden emakumeen %35ek ezarrita zeukaten. Datu ofizialen arabera, gutxienez 1975. urtera arte jarraitu zuten gailuok ezartzen.

Emakumeetako askok ez zuten jakin gailu bat sartu zietenik harik eta haurdun geratzeko tratamenduren bat jasotzen hasi ziren arte. Beste batzuk antzu utzi zituen prozedurak.

Haur bahituak

Ez litzateke harrigarria izango emakumeon salaketak arrakasta izatea, eta kalte ordaina jasotzea. Izan ere, aurrekari onak dituzte.

Iazko martxoan, Mette Frederiksen Danimarkako lehen ministroak barkamena eskatu zien 2021eko urrian Kopenhageko Gobernua salatu zuten Groenlandiako sei inuiti, haiek haurrak zirela —1951. urtean— Groenlandiatik eraman zituztelako, «danimarkar txiki» gisa hezteko.

Inuitek salatu zuten familia, hizkuntza eta kultura lapurtu zizkietela, asimilatzeko neurri horrekin. Afera ez zen auzitara heldu, Danimarkak adostu zuelako bakoitzari 34.000 euro ordaintzea, eta lehen ministroak haiei aurrez aurre barkamena eskatzea.

Groenlandiako biztanleek euren hizkuntza, kultura eta nortasun nazionala daukate, baina uhartea Danimarkaren kolonia izan zen 1814. urtetik 1953ra, eta zuzenean gobernatu zuten Kopenhagetik.

Tarte horretan, ahaleginak eta bi egin zituzten groenlandiarrak asimilatzeko, eta Danimarkako hizkuntzarekin ordezkatzeko haien mintzaira.

Danimarkak esperimentu sozial bat egin zuen 1951. urtean: Groenlandiako 22 ume euren familietatik erauzi zituzten, eta Danimarkara eraman zituzten, han adopta eta hez zitzaten. Helburua inuitak «danimarkar bihurtzea» zen, eta, kulturalki asimilatu ostean, Groenlandiara itzultzea, besteentzat eredu izateko.

6 eta 8 urte arteko hamahiru mutil eta bederatzi neska sartu zituzten egitasmoan, familia pobrekoak. Azkenean, 22 haietatik bizirik jarraitzen zuten seik jaso dute ordaina.

Inuitak Groenlandiako ia 58.000 biztanleen %89 dira. 1979. urtean, autonomia bihurtzearen alde bozkatu zuten groenlandiarrek. Iazko bozetan, independentistek botoen %80 eskuratu zituzten, eta IA Inuit Ataqatigiit (Inuit Komunitatea) alderdi sozialista eta ekologista izan zen alderdi nagusia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.