«Nire gorputza nirea da. Zenbat emakume eta neskatok baiezta dezakete libreki?». Galdera hori eginez hasi du UNFPA Populazio Gaietarako Nazio Batuen Funtsak argitaratu berri duen emakumeen eskubideen inguruko 2021eko txostena. Erantzuna: «Milioika pertsonari sexu harremanei ezetz esateko, norekin ezkondu erabakitzeko edo egoki ikusten dutenean haurrak izateko eskubidea ukatzen zaie». Zehazki, txostenak aztertutako herrialdeetan, emakumeen ia erdiek ez dute bermatua bere gorputzaz askatasunez erabakitzeko eskubidea.
NBE Nazio Batuen Erakundearen agentziak lehen aldiz aztertu du emakumeek euren gorputzarekiko duten autonomia. Garabidean diren 57 herrialdetan egin du azterketa, horietan bizi diren emakumeek sexu harremanak izateari ezezkoa esateko, antisorgailuen erabileraz erabakitzeko eta osasun arreta jasotzeko duten eskubidea ikertuta. Hala, ondorioztatu dute horien %55 daudela hiru eremu horietan askatasunez erabakitzeko egoeran.
Munduaren eremu batetik bestera, ordea, aldaketak daude. Asia ekialdean eta Latinoamerikan %76 ingurura iristen da, Afrika erdialdean eta mendebaldean, berriz, %40tik behera dago. Eremu geografikoetako datuek, baina, herrialde batetik bestera dauden ezberdintasunak ezkutatzen dituzte. Esaterako, Saharaz hegoaldeko Afrikan emakumeen %50 inguruk dute erabakiak autonomoki hartzeko askatasuna, baina Mali, Niger eta Senegalen, emakumeen %10 baino gutxiago dira aipatutako hiru egoera horien inguruan erabakitzeko aske sentitzen direnak.
Maliko kasuan sakonduta (%8), herrialdeko emakumeen %77k hartzen dituzte antisorgailuen gaineko erabakiak; bostetik batek du, ordea, osasun arreta jasotzearen inguruan erabakitzeko aukera; eta hamarretik zazpik ez dute sexu harremanak izatea errefusatzeko aukerarik.
Horiek horrela, berrikuntza orokorragoen beharra nabarmendu du INFPAk, argudiatuz atal jakin batean egoerak hobera egiteak ez duela zertan besteetan eragin. Sexu harremanen kasua jarri du horren adibide gisa: «Sistema patriarkalek gizonen sexu nahiak emakumeen nahien gainetik ezartzen dituen botere harremanen dinamika betikotzen dute. […] Hala, hainbat emakumek sexu harremanei ezezkoa emateari uko egitea onartzen dute euren bizitzako beste alor batzuetan autonomia gehiago izatearen truke». Izan ere, aipatutako hiru elementuetan erabakitzetik haratago, UNFPAko zuzendari Natalia Kanemek nabarmendu du «ohikoak diren abusuen zerrenda luze bat» dagoela, besteak beste, genitalen mutilazioa, abortu behartuak, bortxaketak eta birjintasun proba delakoa.
Horren atzean, nagusiki, lege diskriminatzaileak daudela argudiatu du UNFPAk, «emakumeen gorputzen inguruko erabakiak hirugarrenen esku» geratzea baimentzen dutenak. Izan ere, batez beste, emakumeek gizonek dituzten eskubide juridikoen %75 dituzte bermatuak, NBEren arabera. Hori, kontuan izan gabe zer-nolako kaltea egiten duen independentzia ekonomikorik ez izateak, eta adin, arraza, etnia, sexu orientazio edo ezgaitasunak eragindako diskriminazioak.
Ikerketan parte hartu duten herrialdeetako berdintasun politikak ere aztertu ditu txostenak, eta, besteak beste, horien laurdenek ez diete antisorgailuak eskuratzeko berme bera ematen gizonei eta emakumeei, eta bostetik batek ez du osasun sexuala babesteko neurririk hartzen.
Badira argitara atera diren datu gehiago ere: hogei herrialdeetan, euren bortxatzailearekin ezkotzera behartuta daude emakumeak, gizonak hala nahi izanez gero; 43tan, ez dago ezkonduen arteko bortxaketak zigortzeko araudirik; eta 30 ingurutan, emakumeek mugatuta daukate etxetik kanpo aske ibiltzea.
Egoerak, gainera, okerrera egin du azken urtean, UNFPAren arabera. COVID-19aren pandemiak eragindako konfinamendua eta osasun arreta jasotzeko zailtasunak direla medio. Hala, Kanemek azaldu du egun inoiz baino emakume eta neskato gehiago jasaten ari direla «genero arrazoiengatiko indarkeria, ezkontza goiztiarrak eta halako praktika kaltegarriak»; erantsi du nahi gabeko 1,4 milioi haurdunaldi gertatu direla, familia plangintza zerbitzuek izandako etena dela medio. Halere, agentziaren arabera, egoera okerragoa izan zitekeen, uste baitzuten sei hilabeteko etenaldi batek berekin ekarriko zuela 47 milioi emakumek antisorgailuak ezin eskuaratzea.
«Diskrimikazio hori» amaitzeko asmoz, Kanemek gobernuei eskatu die «lidergoa» hartzeko, eta «generoaren araberako araudiak indartzen dituzten egitura sozial, politiko, instituzionalak eta ekonomikoak» aldatzeko lan egiteko: «Gizarte guztiek egin behar dute gehiago genero berdintasuna lortzeko».