Ekintzaile feminista batek esana du Argentinan beldur handiena ematen duen jendearen aurka borrokatzen dela Julia Mengolini, eta kizkur bat ere ez zaiola mugitzen. «Tira, oraingoan bai, kizkurren bat mugitu zait», onartu du kazetariak. Izan ere, ekainaren amaieran, adimen artifizialarekin egindako bideo sexual faltsu bi biralizatu ziren sare sozialetan; Mengolini ageri zen, bere nebarekin sexu harremanak izaten. Javier Milei Argentinako presidenteak berak lagundu zuen bideoa zabaltzen, kazetariaren aurkako irain artean. Erasoaren atzean egon daitekeelakoan, buruzagia salatuko duela iragarri du Mengolinik, eta Mileik ere salaketa jarri dio bueltan kazetariari. Lehen pausoa lortua du: presidentea inputatu egin dute.
Zuzenbide eta kazetaritza ikasketak ditu Julia Mengolinik (Bariloche, Argentina, 1982), eta hedabideetan ibilbide luzea egina du ikuspegi feministatik lan egiten. 2016an Argentinako lehen irrati digital profesionala abiatu zuen: Futurock. Ahots ezaguna izaki, Bilboko argentinarrek pasioz hartu dute berriki, Las caras del monstruo bere lehen liburua aurkeztera etorri denean. Hainbat eztabaida feministari ez ezik, azken urteetan Argentinan izandako inboluzio politikoari ere erreparatu dio.
Zer munstrori buruz ari zara izenburuan?
Liburuan munstro asko agertzen dira: patriarkatua, eder izateko agindua, pandemia, neoliberalismoa, hedabideen korporazio handiak, libertarioak, Milei... Baina iruditzen zait munstrorik handiena gorrotoa dela. Faxismoaren definizio posibleetako bat da gorrotoaren antolaketa politikoa dela: etsaia deabrutzea eta deshumanizatzea, ondoren hura akabatzeko. Beste garai batzuetan gertatu izan da, eta orain deshumanizazio garai oso gogor batean gaude berriro. Eskuin berri horiek esana dute ezabatu nahi gaituztela; ez dakit literalki hiltzeaz ari diren, baina gure ideiak behintzat akabatu nahi dituzte.
Argentinan lortu al duzue eskuin muturraren goraldia ulertzea? Nola da posible Mileik hainbesteko babesa lortu izana, kontuan hartuta zer-nolako pertsonaia den?
Faktore asko daude. Pandemia da bat: produkzio intelektual oso gutxi dago izurriaren inguruan, eta segur aski goiz da jakiteko nola aldatu zuen mundua, baina uste dut pandemia kontuan hartu behar dela ultraeskuinen inguruan pentsatzeko orduan. Milei presidente zioen lehen pankarta itxialdiaren aurkako martxa batean agertu zen, txertoen aurkako argudio konspiranoikoen artean, eskuz margotuta; hurrengo martxan pankarta jada ez zegoen eskuz egina. Sakon aztertu beharko genuke hor zer gertatu zen, baina iruditzen zait bakartzeak, gazteen digitalizazioak eta halakoek psikosi kolektibo bat eragin zutela, eta, ondorioz, jende askok pentsatu zuela ideia ona izan zitekeela halako pertsonaiek gu gobernatzea.
Gizon gazteen artean oso babes handia lortu zuen Mileik, eta errua feministoi egotzi zizueten...
Bueno, beste modu batera begiratuta, emakumeok ez dugu onartu garai honek proposatzen digun identitate faxista, eta hori feminismoaren errua edo ardura izan da. Guk antidoto antifaxista bat hartu dugu: feminismoa prozesu politizatzaile bat izan da; onerako, noski. Identitate militante bat eman digu, baina emakumeok Mileiri masiboki botoa eman ez izana politizazio sakonago baten erakusgarri da. Sentsibilitate feminista bat zabaldu da, mundua humanoagoa, solidarioagoa, parekideagoa, zaintzaileagoa... izatearen alde. Eta gizon batzuk defentsiban jarri dira: erreakzio bat izan da gazteen artean, kanporatuak sentitu baitira. Autokritikaren bat egin beharko bagenu, uste dut ez litzatekeela izango iraultzek izan ohi dituzten gehiegikeriengatik —kantzelazio batzuk, adibidez—, baizik eta gizonak ez gonbidatzeagatik. Erreferenteak eraiki behar ditugu, eta noski, emakumeek izan behar dute feminismoaren erreferenteak, baina nola ez dira izango gizonak eztabaidaren parte, arazoaren parte badira? Konponbidearen parte ere izan behar dute. Eta Argentinan, Mileiren egitasmoak utziko duen aberri suntsitua berreraiki beharko dugunean, proiektu parekideago baten alde dauden guztiak beharko ditugu.
Mobilizazio handiak izaten ari dira orain. Hauteskundeetako babesari eusten al dio Mileik?
Orokorrean, gobernu berrien populartasuna igo egiten da lehen urtean —Alberto Fernandezek %80koa lortu zuen—, baina Mileik ez du ezer erantsi. Dena den, gure harrigarri, nahiz eta izugarrizko hondamendia egiten ari den, dezenteko populartasuna du oraindik ere. Baina polarizazio oso handia dago: mobilizazio ikaragarriak egiten ari dira Mileiren aurka. Faxismoaren aurkako martxa, adibidez, erraldoia izan zen —Mileik Davosen esan zuen homosexualak pedofiloak direla, eta justu horren ostean egin zen mobilizazioa—. Gainera, orain arte mobilizatu ez diren sektoreak ere bildu zituen. Hau da, politikan interesik ez zuten batzuk politizatzen ari da Milei, egiten eta esaten dituen basakeriengatik. Nik badut itxaropena ez duela beste agintaldirik izango. Dena den, ultraeskuinaren goraldia mundu osoa aintzat hartuz ere ulertu behar da. Analisi batzuek diote Argentinan %150eko inflazioak azaltzen duela, baina Espainiako Estatuan ere ultraeskuina gora doa, nahiz eta ekonomia nahiko ordenatu bat dagoen, ongizate estatu egonkor bat...
Inflazioaz hainbeste hitz egin ostean, adierazle ekonomikoak hobetu al dira azken urtean?
Mileiren borroka handienetako bat da inflazioa jaistea, baina oso handia da oraindik, eta trukean, jarduera ekonomikoa guztiz suntsitu du. Ekonomia oso txarto dago. Norbaitek esaten badu datu batzuk goraka hasi direla, lupa jarri behar da, sektore estraktibistenak hazi dira eta: meatzaritza, arrantza, finantzak... Aldiz, elikagaien industria, ehungintza, industria, enpresa txikiak eta ertainak... hori guztia hilda dago, eta horiek sortzen dituzte enpleguak. Jende asko ez da hilabete amaierara iristen, eta familiak zorpetzen ari dira. Mileiren lehen neurrietako bat izan zen debaluazio oso handi bat ezartzea, eta, ondorioz, inflazioa pixka bat jaitsi zen, baina erdiko klaseko masa handia pobretuta.
«Segur aski goiz da jakiteko nola aldatu zuen mundua, baina uste dut pandemia kontuan hartu behar dela ultraeskuinen inguruan pentsatzean»
Zenbateraino suntsitu dira politika sozialak?
Dramatikoa da. Duela gutxi Minbiziaren Institutua desegin dute, erretiratuentzako sendagaien hornikuntza eten, elbarrientzako laguntzak kendu... Erabat krudela da. Eta horri erantsi behar zaio Argentinako zientzia sistema osoa desegitea, eta tartean unibertsitate publikoarena. Unibertsitateak identitate nazional moduko bat eratu du: erdiko klasea. Inguruko herrialdeetan elite kontzentratuak dituzte, gehiengo sozial oso pobretuak, eta gizartean mailaz igotzeko mekanismo gutxi, baina, Argentinan, erdiko klasea da nagusi, hainbat sistema baitaude maila sozialez igotzeko modua ematen dutenak, eta horietako bat unibertsitate publikoa da. Asko daude, oso maila onekoak, doakoak eta sarbide irekikoak, eta, hala, langileen seme-alabak doktore izan daitezke. Beste faktore bat da langileen mugimendua, sindikalismo indartsua, aberastasuna banatzeko balio baitu. Horri guztiari eraso egiten ari zaizkio.
Zelan dago oposizioa, Cristina Fernandez de Kirchner ustelkeriagatik zigortu berri duten honetan?
Sei urteko kartzela zigorra jarri diote, eta kargudun publiko izateko betiko inhabilitatu, eta hor dago gakoa. Politika judizializatu dute, argi eta garbi: jazarpen politikoa izan da. Batetik, hedabide hegemonikoek urteak egin dituzte Cristina deabrutzen, ustelkeriaz etengabe hitz egiten eskuinean halakorik ez balego bezala, eta, azkenean, jendeari berdin zaio zer den egia, zer gezurra eta non dauden frogak. Bestetik, botere judiziala erabat harrotuta dago, eta horren guztiaren atzean botere ekonomikoa dago. Gaiztotuz joan da dena, eta amaieran, kondena bat ezarri diote, oso garai aproposean: justu Cristinak esatean berriz aurkeztuko zela. Eta, egiaz, epaiketan ez zuten haren aurkako frogarik aurkeztu; zigorra susmoetan oinarritzen da, adituen txostenak txarto eginda daude... Izugarria da. Cristinaren zigorra oso arbitrarioa izan da, eta horregatik mobilizatu da herria, oposizioaren eta peronismoaren askotariko sektoreak...
Liburuan presentzia handia du sare sozialetako indarkeriak. Nola antolatua dago jazarpen hori?
Twitter [ofizialki X] eskuin muturrarena da: hor eztabaidatzen ari direnak arerioaren eremuan daude, ez leku neutral batean. Milizia antolatuak daude hor: ultraeskuineko mezenasek diru pila bat inbertitzen dute troll taldeetan eta bot-etan, haien diskurtsoak gureak baino bolumen handiagoa izan dezan; eta teknika ez da haien iritziak gureari irabaztea, baizik eta bestela pentsatzen dutenak eraistea, irain eta gezur bonbardaketen bidez, prestigioa edo zilegitasuna kenduz eta isilaraziz. Eta lortu egiten dute. Ni neu joan egin naiz Twitterretik.
«Mundu digitalean izaki pila bat dabiltza anonimoki min egiten, eta hori ezin da gertatu: bizitza digitala bizitza erreala da jada, eta erregulatu egin behar da»
Hortaz, nola aurre egin behar zaio eskuin muturrari komunikatiboki?
Auzi konplexua da. Uste dut gakoetako bat izan daitekeela harreman sozial errealak berreraikitzea, aurrez aurre: bildu, elkarrekin egon eta hitz egin, hurbil ditugun militantzia esparruetan parte hartu... Inkesta batzuen arabera, bakarrik sentitzen direnek joera handiagoa dute Mileiren alde bozkatzeko; parte hartzeko eremuren bat dutenen artean, berriz, ez dira hainbeste libertario bihurtzen direnak. Eta bestetik, politikan ari direnek eremu digitala arautzen hasi beharko dute. Bizitza zibilean bakoitzak bere nortasun agiria du, identifikatuta dago, eta egiten dituen gauzek ondorioak dauzkate. Baina mundu digitalean izaki pila bat dabiltza anonimoki min egiten, eta hori ezin da gertatu: bizitza digitala bizitza erreala da jada, eta erregulatu egin behar da. Pentsa, badira telefono bat eskuetan izanda jaio diren gaztetxoak: haien autoestimua, emozioak eta harremanak baldintzatzen dituzte sareek, eta dagoeneko badira ikerketak kalteen inguruan. Esango dugu hori ez dela bizitza erreala, ala neurriren bat hartuko dugu? Eta orain, gainera, adimen artifiziala dator. Hori guztia arautu egin behar da.
Milei bera aritu da zure inguruko bideo faltsuak zabaltzen eta zure aurkako gorrotoa hauspotzen, eta elkar salatu duzue. Zer espero duzu auzibide horietatik?
Harena zentzugabekeria hutsa da, eta espero dut epaileak atzera botatzea; batetik, irain delituak bi urtean preskribatzen duelako, eta nik aspaldi egin nituelako adierazpen horiek [esan zuen Milei arrebarekin maiteminduta zegoela], eta, bestetik, Argentinan kazetariak ezin direlako irain delituengatik inputatu. Eta nire salaketari dagokionez, zigor arlokoa da, eta zenbait delitu identifikatu ditugu: larderia publikoa egitea gorrotoa sustatuz, funts publikoak bidegabe erabiltzea, zilegi ez den elkartea sortzea eta mehatxu hertsagarriak egitea. Auzibidearen lehen fase honetan, Milei bera inputatu dute, baita haren gobernuko eta taldeko hainbat kide ere. Izan ere, uste dugu milizia digital paraestatalak erabili dituela nire aurka egiteko, hau da, baliabide publikoak erabili dituela gezurretan aritzeko, bideo pornografikoak sortzeko adimen artifizialarekin. Guztiz larria da.
Mehatxu larriak egiten ari zaizkizu. Beldur zara bortizkeria hori eremu digitaletik kanpo ere helduko ote den?
Bai. Neure burua zaindu behar dut. Beldurra onartu behar dut, baina oso indartsu ere sentitzen naiz, eta auzi hau azkeneraino eramango dut. Borroka politikoa eta ideologikoa ezin da horrela egin, oso arriskutsua da. Presidentea ez dago bere senean, pertsona zentzudun batek ez luke halakorik egingo. Ez daki sustatzen ari den gorroto hori mehatxu erreal bihur daitekeela; tira, agian bai, badaki. Oraingoz, epaileak zaintza neurriak ezarri dizkit egun osoan, hau da, ulertu du kanpaina horrek arriskuan jarri nauela. Irratiaren aurka ere hainbat eraso izan dira: ezohiko ikuskaritzak egin dizkigute; zergen eremuko dokumentazio oso konplexua eskatu digute; zigor arloko salaketa jartzeko mehatxua egin digute haurren ospitale batetik programa bat egiteagatik, erietxearen funtzionamendua oztopatu genuelakoan; zibereraso bat egin digute... Beraz, guretzat auzi hau adierazpen askatasunarekin ere lotuta dago, argi ikusten baitugu Futurock itxi nahi dutela.