Geziko protestengatik auzipetutako hamar lagun errugabetzat jo ditu Turkiako epaitegi batek, gaur, auziko azken saioan. Ondorioz, Turkiak berehala askatu beharko du Osman Kavala enpresari eta ekintzailea, behin-behineko espetxealdian 800 egun baino gehiago eduki ondoren. Auzipetuak hamasei dira orotara. Haietatik seik atzerrira egin zuten ihes, eta horiek aparteko pieza batean epaitu behar direla ebatzi du epaileak.
Recep Tayyip Erdoganen gobernuaren kontrako 2013ko protesten auzian, Gezi parkeko manifestazioak sustatzea eta «gobernua boteretik kentzen ahalegintzea» egotzi diete akusatuei. Fiskaltzak bizi osorako kartzela zigorra eskatu du Kavalarentzat eta beste bi akusaturentzat. Beste seirentzat, berriz, hamabost eta hogei urte arteko kartzelaldia galdegin du. Akusatuen artean kazetariak, aktoreak, arkitektoak eta zinemagileak daude. Epaitegiak Turkian gelditu diren hamarrak errugabetu ditu.
Kavalari manifestazioen «bultzatzaile eta buru» izatea leporatu dio fiskaltzak. 2017an atxilotu zuten, eta 800 egun baino gehiago egin ditu ordutik behin-behineko kartzelaldian. Joan den abenduan, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Kavala aske uzteko eskatu zion Turkiari, baina Ankarak entzungor egin dio Estrasburgoko auzitegiaren epaiari. Gaurko sententziaren ondorioz, berehala utzi beharko du aske.
2013ko udaberrian, Erdoganen gobernuaren kontrako protesta jendetsuak izan ziren Turkian. Istanbulgo Gezi parkean piztu ziren, maiatzaren amaieran. Ekologista talde batek kanpaldia egin zuen parkea suntsi ez zezaten. Polizia bortitz oldartu zen manifestarien aurka, eta mobilizazioak Erdoganen gobernuaren autoritarismoa salatzeko mugimendu bihurtu ziren.
Epaiketan deklaratu duten lekukoen arabera, akusatuek 2013ko protestetan parte hartu zuten, beste dozenaka milaka herritarrek egin zuten moduan. Aldiz, lekukotzek ez dute baieztatu protestak zuzendu zituztenik.
1.300 turkiarrek baino gehiagok Ni ere Gezin izan nintzen manifestua sinatu dute epaiketa salatzeko. Sinatzaileen artean dira hainbat diputatu, idazle eta artista ezagun.
Turkiako eta nazioarteko begirale ugarik erreparatu diote auziari, Silivriko espetxeko epaitegietan, Istanbul kanpoaldean. Epaia publiko egin ostean, giza eskubideen aldeko GKE ugarik ospatu dute auzipetuak errugabetzat jotzeko erabakia.
Atxilotze aginduak
Turkiako Poliziak zazpiehun funtzionario eta militar atxilotzeko operazio bat abiatu du gaur, Fetullah Gulenen Kofradiarekin lotura dutelakoan. Erdoganek Guleni leporatzen dio 2016ko estatu kolpearen ardura.
Poliziak herrialdeko probintzia guztietan egin du sarekada. Operazioetako bat Justizia Ministerioko 71 langileren kontrakoa da, beste bat armadako 201 kideren kontrakoa —horietatik 101 jardunean daude; gehienak, abiazioan—; azkenik, hirugarren bat Poliziako ardura postuetarako azterketetan iruzur egitea leporatzen dieten 467 lagunen aurkakoa.
Erdoganen AKP alderdia eta Gulenen Kofradia aliatuak izan ziren 2000ko hamarkadan, baina 2013an boterea eskuratzeko borroka hasi zuten, eta bien arteko talkak goia jo zuen 2016ko estatu-kolpe saiakerarekin.
Ordutik, Erdoganen gobernuak 130.000 funtzionario baino gehiago kargugabetu ditu —bereziki hezkuntzan—, eta 50.000 lagun baino gehiago espetxeratu behin-behinean. Kofradiako kide izatea legezko izan zen 2015 urtera arte, baina, egun, Turkiako Justiziak «talde terroristako kide» izatearekin parekatzen du Gulenen taldeko partaide izatea, eta gehienetan hil arteko espetxealdiarekin zigortzen da.