Nuria Gonzalez Campañaren (Bartzelona, 1981) arabera, demokrazia konstituzionalaren oinarriak kolokan jartzen dituen edozein alderdi politikoren gorakada «arriskutsua» izan daiteke gutxiengoarentzat. EHUk antolatutako Zuzenbidea krisi demokratikoaren aurrean udako ikastaroetan hartu du parte, Donostiako Miramar jauregian. Konstituzio Zuzenbideko eta Europako Zuzenbideko irakaslea da Bartzelonako Unibertsitatean. Botere judizialaren independentziaren inguruan hitz egin zuen Gonzalezek, Europako egoeraren analisi bat eginez.
Nola definituko zenuke independentzia judiziala?
Botere judizialaren independentzia zera da, epaileak erabakiak hartzeko orduan soilik legearen menpe egotea, kanpoko zein barneko presiorik izan gabe. Hori betetzean datza independentzia judiziala. Edozein zuzenbide estaturen edo edozein demokrazia konstituzionalen oinarrietako bat da. Legearen mende dagoen epaile bat botere judizialaren kontseilu nagusiak gauzatutako diziplina prozeduren mende egongo da. Orduan, nola lor genezake? Sistema demokratiko konstituzionalek hainbat mekanismo dituzte. Horietako bat da mugiezintasuna. Lanpostu bat ateratzeak ematen dizun eskubidea da mugiezintasuna. Behin oposizioak egin eta lanpostu bat lortuta, mugiezin bilakatzen zara. Horrenbestez, hainbat mekanismo ditu botere judizialak independentzia bermatzeko.
Irakaslea zarenez gero, zure iritziz zer atxikimendu dute zuzenbideko ikasleek botere judizialarekiko?
Hemen nire esperientzia enpirikoa da. 2011tik naiz irakasle, eta esango nuke orokorrean epaileen lana errespetatzen dutela. Uste dut ikasleek pentsatzen dutela independentzia judiziala bermatzen dela; orokorrean, noski.
Botere judizialak ba al du legitimitaterik?
Demokrazia modernoetan oso garrantzitsua da legitimitate demokratikoa. Bestalde, oso garrantzitsua da erakunde horiek jatorri bakarra ez izatea. Erakunde guztiek ez dute izaera herrikoia izan behar. Erakunde batzuek herri botere hori gelditzeko ahalmena izan behar dute. Hori ulertzeko, 30eko hamarkadako Europako faxismoa aztertu dezakegu. Faxismoa ez dator epaitegi batzuek erabakita, Alemaniako eta Italiako herritarrek bultzatutako mugimendua da. Hala, gutxiengoen eskubideak defendatzeko eta gehiengoaren ahalmena neurtzeko sortzen dira Europako demokraziak.
Orduan, gaur egungo demokrazian gehiengoaren boterea mugatzea ezinbestekoa da?
Murrizketa hori da demokrazia konstituzional baten eta demokrazia popularraren arteko desberdintasuna. Gehiengoaren borondateak ezin ditu gutxiengoen eskubideak zapaldu. Demokrazia konstituzional batean arau batzuk daude, eta konstituzioan jasota daude. Gehiengoaren eskumenak ere ezin ditzake horko elementuak aldatu. Horrela defendatzen da gutxiengoa.
Eskuin muturraren gorakada dela eta, uste duzu litekeena dela zuzenbide konstituzionala zalantzan jartzea?
Demokrazia konstituzionalaren oinarriak kolokan jartzen dituen edozein alderdi politikoren gorakada arriskutsua izan daiteke gutxiengoarentzat. Gaur egun, alderdi ia guztiak iristen dira boterera bide demokratikotik. Gehiengoaren legitimitatea daukate, nahiz eta muturreko alderdiak izan.
Bestalde, gobernuak autokontrolik ez badu, edota arerio politikoak aurkaritzat hartu beharrean etsaitzat hartzen baditu, sistema arriskuan dago, ez duelako bideratuko gobernu aldaketa baketsu eta eraginkor bat. Ondorioz, gutxiengoa da demokrazia konstituzionalaren defentsan irten behar den lehena. Azkenean, demokrazia konstituzionala da gaur egun gutxiengoaren pentsamendua defendatzen duen sistema bakarra.
«Legearen mende dagoen epaile bat botere judizialaren kontseilu nagusiak gauzatutako diziplina prozeduren mende egongo da».
Zure lanetan, bereizi egiten dituzu demokrazia liberala eta iliberala. Zer alde dago bien artean?
Demokrazia liberala demokrazia konstituzionala da. Hau da, aipatu bezala, arauak dituen sistema bat da; aldiz, demokrazia iliberalez hitz egiten dugunean, mugak desagertzen dira. Epaileak gorteen bitartez aukeratzen dituzte. Gehiengoaren indarra mugagabea da, eta ez dago hori arautzen duen ezer.
Adibide gisa, beti aipatzen dituzu Polonia eta Hungaria. Zergatik?
Bi nazio horien kasua sinplifikatuz, bi gobernu autoritarioren menpe egon ziren denbora luzez. Ondoren, demokrazia liberal baterako trantsizioa egin zuten. Gobernu liberalerako bidea, ordea, inposaketa hutsa zela iruditzen zitzaien bi herrialdeei; hau da, Europako instituzioek derrigortutako prozesu bat. Ondorioz, demokrazia iliberal bat ezartzeko urratsak egiten hasi ziren. Azkenean, herrialde horien nahia herritarrek mugarik gabeko boterea izatea zen.
Espainiako demokrazia konstituzionalaz zer analisi egiten duzu?
Estatu espainiarrean, demokrazia 1975. urtean ezarri zen, Francoren heriotzaren ondoren. Hor ordea ez zen izan guztizko haustura bat, baizik eta graduala. Hau da, ez zen iraultzarik egon, baizik eta sistema barnealdetik aldatzen hasi ziren pixkanaka. Batzuek «guztizko haustura» edo haustura erradikalago bat eskatzen zuten, baina ez zen horrela izan. Horren isla nabariena 1977ko hauteskundeak izan ziren. Aldaketa pixkanaka hasi zen, UCDren eskutik. Herritarrek ez zioten gobernuko giltza eman Espainiako Alderdi Komunistari edo PSOEri.
Hori jakinda, gaur egungo analisia egiteko gorteen botereari erreparatu behar zaio. Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak ez du epailerik hautatzen, gorteen bidez aukeratzen dira. Iruditzen zait horri buelta bat eman behar zaiola eta gure inguruko herrialdeen ereduei jarraitu behar diegula.
Espainiak Europara begiratu behar duela esan duzu ponentzian. Zer esan nahi duzu, zehazki?
Nik aldaketak ulertzen ditut. Are gehiago 80ko hamarkadan izandako aldaketak. Baina ulertu ezin dudana zera da, sistema horri eustea 2026. urtean. Gaur egun, epaile gehienak dira demokrazian jaioak. Horrez gain, gaurko egoera kontuan izanda, ez daukate tentazio autoritariorik. Ondorioz, uste dut badela garaia Europako erakundeei eta inguruko herrialdeei kasu egiteko: hau da, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko epaileen esku uztea epaile batzuk aukeratzeko eskumena, eta gorteek hautatzea besteak. Europa osoan, Poloniarekin batera, Espainian soilik dute gorteek epaile guztiak aukeratzeko eskumena.