Muammar Gaddafiren hilketatik bederatzi hilabete igaro direla, Kontseilu Nazional Nagusia —legebiltzarra— osatzeko bozak egin zituzten atzo Libian. Erasoek belztu dituzte NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera azken 40 urteetan Libian egin diren «lehen hauteskunde libreak». Zenbait eremutan bozkalekuen aurkako erasoak egin zituzten, eta hainbat herritar ez ziren ausartu botoa ematera.
Bengazin armatutako taldeek bozkalekuen aurka egin zuten goizean, eta, gobernuko iturrien esanetan, oso apala izan zen herritarren parte hartzea. Abderrahim al-Kib behin-behineko lehen ministroak adierazi du hauteskundeak «normal» egin direla, «salbuespenak egon arren». Baina hauteskunde batzorde goreneko presidente Nuri al-Abarrek jakinarazi du 1.554 bozkalekuetatik 101 itxita egon zirela «arrazoi teknikoengatik eta segurtasunagatik».
Libia ekialdeko Ajdabiya, Brega eta Torka hirietan bozak eten egin behar izan zituzten denbora tarte batez. Al-Abarren arabera, itxitako bozkalekuetatik gutxi batzuk berriro ireki zituzten gero. Segurtasun indarren hitzetan, hiru estatutan banatutako Libia federalaren aldeko taldeek botoak erre eta hautestontziak lapurtu zituzten. Kexu dira Zirenaika eskualdeko hiriburuak hauteskundeetan behar besteko ordezkaritzarik ez duelako.
Gaddafi agintetik kanporatu osteko lehen hauteskundeak egiteko eguna hurbildu ahala, indarkeriak gora egin du Libian. Herenegun, esaterako, bozetako materiala zeraman helikoptero bati eraso egin zioten, eta barruan zihoan hauteskunde batzordeko funtzionarioa hil zuten.
Atzoko bozek gobernu berria indartzea helburu zuten arren,ikuskatzaileek ezingo dute oraindik milizien kontrolpean dauden hirietan hauteskundeak egin diren edo ez egiaztatu. Gainera, erasoek herritarrei botoa emateko eragindako beldurrak eta hautestontziak zein botoak lapurtu izanak, kolokan jartzen du legebiltzar berriaren zilegitasuna.
Eraso artean egin dituzte Libian parlamenturako hauteskundeak
Zenbait hiritan bozkalekuak itxi dituzte, liskarrengatik; hautestontziak lapurtu eta botoak erre dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu