Tregoa ezarrita ere, erasoak ez dira eten Libanon

Gaur urte bat bete da Libanon su etena indarrean sartu zenetik. Israelek segitzen du, ordea, ia egunero eraso egiten, argudiatuta Hezbollah berrindartzeko baliatzen ari dela abagunea.

Hezbollahren bandera bat airean iazko azaroaren 27an, Libanon, su etena indarrean sartu zen egunean. WAEL HAMZEH / EFE
Hezbollahren bandera bat airean iazko azaroaren 27an, Libanon, su etena indarrean sartu zen egunean. WAEL HAMZEH / EFE
Igor Susaeta.
2025eko azaroaren 27a
13:54
Entzun 00:00:00 00:00:00

Israelek ia egunero egiten du Libanoren kontra. Urtea bete da gaur Israelen eta Hezbollah milizia xiitaren arteko gerra bukatzeko su etena sinatu zutenetik —AEBak eta Frantzia aritu ziren bitartekari—, baina erasoen etenik gabeko tregoa bat dago indarrean. Libano hegoaldetik ateratzeko eskatzen dio itunak Israeli; ez du hala egin, argudiatuta —frogarik plazaratu gabe— Hezbollah menia baliatzen ari dela berrindartzeko. Akordioaren arabera, miliziak armak entregatu beharko lituzke, eta gobernuak herrialdeko talde armatuak armagabetzeko plan bat onartu zuen irailean, nahiz eta ez duen horri buruzko xehetasunik eman; helburu zuen urtearen amaierarako gauzatzea. Hezbollahk erantzuten du, baina, inoiz ez dituela armak entregatuko. «Etsaiak [AEBek eta Israelek] ezereztu egin nahi gaitu, baina sendo eutsiko diogu. Edo duintasunez biziko gara, edo duintasunez hilko gara», nabarmendu zuen hilaren hasieran miliziaren idazkari nagusi Naim Qassemek, telebista bidez emandako diskurtso batean.

Israelek dioenez, Hezbollahko kidetzat jotzen dituen 350 pertsona hil ditu hamabi hilabeteotan. NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, Tel Avivek 127 zibil hil ditu; gehienak herrialdearen hegoaldean, miliziak indar handiena duen eremuan, hain zuzen. Tel Aviven jokabideak, gainera, 64.000 desplazatu inguru eragin ditu.

2024ko udazkenean, meniaren aurretik, 1,2 milioi izan ziren desplazatuak. Aldeek jada urtebete inguru zeramaten berriro gerran —2006an izan zen aurrekoa—; hain justu, 2023ko urrian piztu zen, Israelek Gazako setioa hasi eta biharamunean. Milizia xiitak, «elkartasunez», suziri batzuk jaurti zituen Israelen posizioak helburu. Erantzun egin zuen Tel Avivek, eta, 2024aren amaieran Libanoko iturri ofizialek emandako datuek diotenez, 4.067 pertsona hil zituen; ez zuen, gainera, herrialdearen hegoaldera mugatu erasoa, Beirut hiriburua ere maiz bonbardatu baitzuen.

10.000

 

Zenbat aldiz urratu duen Israelek su etena. Unifil Nazio Batuen Libanorako Indar Behin-behinekoak emandako datuen arabera, Israelek azken urtean gutxienez 10.000 aldiz urratu du menian jasotakoa, izan airez, izan lurretik egindako erasoen bidez. 

Hain zuzen, Beiruti airez eraso egin zion Israelek joan den igandean, eta Haytham Ali Tabatabat Hezbollahko buruzagi militarra hil zuen. Ikusteko dago milizia xiitak nola erantzungo duen. Nazioarteko hedabideetan elkarrizketatutako analistek diotenez, edo Israelek Libano hegoaldean dituen posizioak bonbardatuko ditu, edo atzerrian bizi diren israeldarren edo juduen aurka egingo du, edo suziriak jaurtiko ditu Israelera. Dena den, aintzat hartu behar da Hezbollah ahulduta dagoela urtebete iraun zuen gerraren ondoren, eta Israelek, gainera, miliziaren beraren buruzagitza ere izan duela jopuntuan —iazko irailean Hassan Nasrallah liderra hil zuen Beiruten—, eta horrek funtzionamenduari eragin diola. Iran du aliatu miliziak, eta kontuan hartu behar da zer egoeratan dagoen Teheran: haren kontrako zigor ekonomikoak berriro indarrean jartzea onartu zuen NBEk irailean. 

Israelek preso palestinarrekiN duen jarrera gaitzetsi du hamasek

«Krimen antolatuaren» ikuspegia baliatzen du Israelek preso palestinarren aurka egiteko. Hori adierazi du Hamasek gaur ohar batean. Horretarako, giza eskubideen alde lan egiten duen Israelgo GKE gobernuz kanpoko erakunde batek duela hamar egun kaleratutako txostenaren datuak aipatu ditu; izan ere, GKE horrek salatu zuen gutxienez 98 palestinar hil direla Israelgo espetxeetan edo militarren ardurapean 2023ko urriaren 7tik, Israelek Gazaren aurkako gupidarik gabeko erasoaldia hasi zuenetik. «Gure herriaren semeak hiltzeko hilketa gune bihurtu dituzte kartzelak».
Bestalde, Israelgo armadak beste palestinar bat hil zuen atzo gauean Zisjordanian, sarekada batean. Horren berri eman du Wafa Palestinako berri agentziak. 2023ko urritik ia mila palestinar hil ditu Israelek lurralde okupatuetan, Israelgo GKE batek aurreko igandean jakinarazi zuenez. 

Horiek horrela, Israelek Libanori mehatxu egiten jarraitzen du. Israel Katz Defentsa ministroak adierazi du gaur «indarrez» sartuko direla Libanon, armadak urte bukaerarako Hezbollah armagabetzen ez badu. Urtarrilean, kargua hartu zuenean, Joseph Aoun presidenteak konpromisoa hartu zuen estatuak «armen monopolioa» izan zezan; baina 1943an Frantziatik independizatu zenetik, estatu egitura ahulak eduki izan dituk Libanok, eta hegoaldean bizilagun Israel edukitzeak eta 1975 eta 1990 arteko gerra zibilak ez dute lagundu. Hain zuzen, estatua iristen ez den lekuetan zerbitzu bat emateagatik ere nabarmentzen da Hezbollah, mugimendu sozial gisa. 

Israelek egozten dio jardun militarrari eustea eta barne egiturak berreraikitzen aritzea. Dena den, Unifil Nazio Batuen Libanorako Indar Behin-behinekoetako bozeramaile batekin hitz egin ondoren BBC hedabideak kaleratu duenez, ez dute frogarik esateko milizia xiita horretan ari dela. Unifilen misioa 2026ko maiatzera arte luzatzea onartu zuen NBEk abuztu amaieran, eta misio horrek azpimarratu du Israelek azken urtean egindako aire erasoek urratu egiten dutela NBEren Segurtasun Kontseiluan 2006an onartutako 1701. ebazpena. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.