Carles Puigdemont gaur goizean Generalitatean ote zegon zen zalantza. Hainbat hedabide egon dira atzotik atarian Kataluniako presidentea sartzen edo ateratzen ote zuten ikusteko, gaur baita Espainiako Gobernuak 155. artikulua ezarri ondorengo lehen lan eguna. Eguerdian jakinarazi du El Periódico egunkariak, ordea, Bruselan dela, eta horrekin batera Belgikan babesa eskatuko duelako zurrumurrua sortu da. Minutu batzuk geroago Lluis Llach Junts pel Si-ko diputatuak eman du pista bat txio batean "erbesteratutako presidentea" hizpide hartu duenean.
El Periodico-k argiratu duenez, Puigdemontek eta bost kontseilarik eskatuko dute babesa: Meritxel Borras Gobernantza kontseilaria, Toni Comin Osasun kontseilaria, Joaquim Forn Barne kontseilaria, Dolors Bassa Lan eta Gizarte Gaiak kontseilaria eta Meritxel Serret Nekazaritza Kontseilaria. Hedabide horren arabera, Marseillara joan dira autoz, eta handik egin dute bidaia Bruselara hegazkinez. Amadeu Altafaj Generalitateak Bruselan zuen ordezkariak (Espainiako Gobernuak kargugabetu du eta onartu du kargugabetzea) prestatu du bidaia, gaur Vilaweb atarian argitaratu duen gutunean onartzen duenez.
Ofizialki Flandriako agintariekin egoteko joan da Puigdemont Belgikara. Adierazgarria da, ordea, noiz eta gaur joatea, Espainiako fiskalak kereilak aurkeztu dituen egunean, eta nora eta Belgikara joatea. Izan ere, Belgika da Europako Batasuneko beste herrialde batzuetatik ihesi doazenei babesa eskaintzen dien Europako herrialde bakarrenetako bat.
Atzo, hain zuzen, eztabaida bat egon zen Belgikan, Theo Francken Belgikako Asilo eta Migrazio Estatu idazkariak esan zuen Puigdemontek Belgikan babesa eskatzeko aukera duela. "Mehatxatuta sentitzen diren kataluniarrek babesa eska dezakete Belgikan. Puigdemont horietako bat da. Hori legezkoa da", esan zuen. Charles Michel Belgikak lehen ministroak aukera hori baztertu zuen gero.
Aipagarria da, gainera, Franckenek VRT News telebista kateari eskaini dion elkarrizketan dioenez, "Euskal Herriko politikariek" iraganean eskatu dituztela babes asilo eskaerak. "Puigdemonten kasuan oraindik ez dago eskaerarik, baina oso azkar doa dena. Ikusiko dugu zer gertatzen den hurrengo egun eta orduetan".
Bihar agerraldia
Zenbait hedabidek iragarri dute gaur arratsaldean agerraldi bat egitekoa zela Puigdemont Bruselan, baina Vilaweb atariak zehaztu du bihar izango dela. Oraingoz informazio askorik ez dago Puigdemontek Bruselan egingo duenaz. Kataluniako Gobernuak Bruselan duen buelgoa irekita dago, hori izan zen Espainiako Gobernuak ostiralean itxi ez zuen atzerriko bakarra.
Bulegoaren kanpoaldean segurtasuneko zaindariak daude, eta barruan telefonoa ez dute hartzen. N-VA Flandriako alderdi independentistako agintariek ez dute ezer esaten. "Puigdemont Brueslan dago, inguru diskretu eta seguru batean, Generalitateko iturrien arabera. Berarekin daude zenbait kontseilari. Bihar hitz egingo du", esan du Xavi Coral TV3eko kazetariak.
Fernando Martinez-Maillo PPko koordinatzaile nagusiak esan du Espainiako Gobernuari ez diola axola non dagoen Puigdemont. Axola zien gauza bakarra zela gaur Generalitatearen egoitzan ez egotea. "Mugimendu askatasuna du Bruselara joateko... eta itzultzeko", esan du.