Katalunia

ERC prest dago gutxiengoan gobernatzeko

Aragonesek bere inbestidura errazteko botoak eskatu dizkio JxCri; adierazpen horrekin, iradoki du bi alderdi politikoen arteko negoziazioek ez dutela arrakastarik izango.

ERCko Pere Aragones, gaur, erabakiren berri emateko agerraldian. QUIQUE GARCIA / EFE
Berria
2021eko maiatzaren 8a
16:09
Entzun

ERC Esquerra Republicanak gutxiengoan gobernatzeko aukera jarri du mahai gainean. Hiru hilabete inguru pasatu dira Kataluniako Parlamenturako hauteskundeetatik, eta, JxC Junts per Catalunyarekin abiatu zituen negoziazioek arrakastarik izan ez dutela kontuan hartuta, Pere Aragones Generalitateko jarduneko presidenteordeak erabaki du beste aukera bati atea irekitzea: «Orain arte inbestidura akordioa eragotzi duten oztopoak aldaezin dira oraindik ere. Bion arteko distantzia handiegia da», adierazi zuen atzo, agerraldi batean.

Aragonesen iragarpenaren bezperan, JxCren idazkari nagusi Jordi Sanchezek adierazi zuen bi alderdien arteko ituna iristear zegoela, baina, egun berean, ERCkoak ez ziren hain baikor agertu balizko adostasun horri begira. La Vanguardia-ri emandako elkarrizketa batean, gainera, Sanchezek adierazi zuen «nahiz izanez gero, [ERCk] bakarrik gobernatu» dezakeela; badirudi, hortaz, Aragonesek adierazpen horri erantzun diola atzoko iragarpenaren bitartez.

Independentistek gehiengo osoari eutsi zion iragan otsaileko bozetan, 135 aulkitik 74 bilduta: ERCk 33 eserleku jaso zituen; JxCk, 32; eta CUPek, bederatzi. Hala, hauteskundeak egin eta hilabete eta erdira, ERCk eta CUPek akordio bat lortu zuten, eta, harrez geroztik, JxCren baiezkoa falta da Aragonesen inbestidurarako.

Horrek arrakasta izan dezan, baina beharrezkoa izango da ECP En Comu Podemekoekin adostasun batera heltzea (zortzi diputatu ditu) haien baiezkoa edo abstentzioa lortzeko; gauza bera behar lukete Carles Puigdemonten alderdiaren partetik inbestidurako bigarren itzulian gutxienez aldeko lau boto jasotzeko. Sanchez prest legoke horretarako, betiere ERCk itun bat lortzen badu CUPekin eta ECPrekin.

Azken horiek, ordea, ez dute begi onez ikusi Aragonesen estrategia, eta datorren astean egitekoak diren bilkuretan ezkerreko gobernu bat negoziatzeko eskatuko diote PSCrekin batera (33 aulki ditu), ERCk aukera horri ezezkoa eman zion arren. Blokeo politikoak, hortaz, Aragonesen eta Sanchezen alderdien menpe jarraitzen du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.