Clara Ponsati Kataluniako Hezkuntza kontseilariak adierazi zuen, asteburu honetan, Espainiako Gobernuak "gerra erantzun" bat eman ziola Kataluniari, eta gobernua ez zegoela prestatua horri erantzuteko. Carles Puigdemont presidenteak ere aurreko egunetan esan izan du konturatu zirela Espainiako Estatuak "muturreko bortizkeria" erabiltzeko asmoa zuela independentzia gerarazteko.
Xehetasunik ez dute eman, baina Espainiako Interviu aldizkariak argitaratu du Espainiako poliziek plan bat prestatua zutela, Kataluniako Parlamentuak independentzia deklaratu, eta jauregian bertan gelditu izan balira, indarrez sartzeko, "lurrez eta airez". Iturri ofizialek ez dute baieztatu halakorik, eta independentistak ez dira sartu horrelako auzietan, baina Sergi Sabria ERCko bozeramaileak aitortu du "herritarrak arriskuan ez jartzea" erabaki zuela gobernuak.
Espainiak hartu duen jarrera "autoritarioaren" nolakoa ez zutela neurtu aitortu du zeharka Sabriak. Prentsaurreko batean egin ditu adierazpenok, eta "autokritika" egiteko modu bat dela ere esan du. Erantsi du gobernuak argi zuela ideia bat: prozesuak baketsua izan behar zuela, eta herritarrak ezin zirela arriskuan jarri. "Marra gorritzat" jo du hori Sabriak.
"Oraingo testuingurutik diferentea litzatekeen batean errepublika garatzeko puntuan geunden, baina bortizkeria handi hori gerta zitekeela ebidentzia argiak izan genituen, eta marra gorri hori ez pasatzea erabaki genuen", adierazi du ERCren bozeramaileak, "ebidentzia" horiek zeintzuk izan ziren zehaztu gabe.
ERCk ez diola independentziari uko egin zehaztu du segidan, hala ere, Sabriak: "Gure helburua independentzia da, eta dagoeneko deklaratuta dagoen errepublika horri forma ematea".