Esquerrako gazte mugimenduko kideak dira gehienak. Politikagintzako lehen lerroan oso ezagunak izan ez arren, bozetara aurkezteko prest daudenak, baldin eta Espainiako Gobernuak ERCren zerrenda ofiziala legez kanpo utziko balu. Hori saihesteko hain zuzen ere, parlamentuan ordezkaritzarik ez duen zerrenda bat aurkeztu ahal izateko behar diren 5.000 sinadurak biltzen aritu da militante talde bat azken asteotan.
Zerrenda zuria deritzona joan den astelehenean erregistratu zuten Espainiako Barne Ministerioan. Izan ere, Oriol Junqueras eta ERCri loturiko beste bost kontseilari Auzitegi Nazionalean ikertzen ari direla kontuan izanik, alderdiak ez du baztertzen Madrilek zerrenda atzera botatzea. Horretaz gain, zenbait iturriren arabera, Guardia Zibilak eskatu du Joan Tarda eta Gabriel Rufian ere sar ditzatela ANC eta Omniumeko buruen auzi berean.
Alderdi Popularretik bat baino gehiago agertu dira mugimendu subiranistei alderdien legea aplikatzearen alde. Xavier Garcia Albiol PPko Kataluniako buruak, esaterako, adierazi du debekatu egin beharko liratekeela euren programan independentzia jasotzen duten zerrendak.