EB-Turkia bilera

Erdogan EBko agintariekin bilduko da gaur, errefuxiatuei buruz hitz egiteko

Turkiako presidentea 18:00etan elkartuko da Europako Batzordeko eta Europako Kontseiluko buruekin. Erdoganek Greziari gomendatu dio Europarako bidea ireki diezaiela errefuxiatuei.

Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentea, artxiboko irudi batean. PAVEL GOLOVKIN, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko martxoaren 9a
09:55
Entzun

Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak Greziari dei egin dio Turkiak hartutako neurri bera hartzeko: ireki diezaiela muga Siriako gerratik ihesi Europako beste herrialde batzuetara joan nahi duten errefuxiatuei. «Aizu, Grezia. Pertsona horiek ez dira zurekin geldituko. Europako beste herrialde batzuetara joango dira. Zergatik arduratzen zara?», galdetu du.

Egun, hamarnaka mila errefuxiatu daude Turkia eta Grezia arteko mugan harrapatuta, Europara sartzeko aukeraren zain. EB Europako Batasunak Turkiari egotzi dio errefuxiatuak «helburu politikoak» lortzeko bitarteko gisa erabiltzea, berari «presio» egiteko erreminta gisa. Turkiak, berriz, salatu du EBk ez duela bete 2016an sinatu zuten akordioa, eta hautsitzat jo du ituna. Hitzarmenaren arabera, EBk baliabide ekonomikoak bideratuko zituen Turkiara, hark errefuxiatuak hartu eta horiei Europara joatea eragoztearen truke. Bruselak akordioa betetzeko eskatu dio Turkiari. 

EBko eta Turkiako agintariek egoera aztertzeko bilera egingo dute gaur, 18:00etan, Bruselan. Erdoganekin bilduko dira Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea eta Charles Michel Europako Kontseilukoa.

Erdoganek adierazi du bere gobernuak 40.000 milioi dolar bideratu dituela «errefuxiatuak babestera», eta Europak 3.000 milioi jarri dituela soilik. «Espero dut Belgikatik emaitza hobeekin itzultzea».

Greziak Erdoganen «xantaia» salatu du, eta ziurtatu du Turkiako armada errefuxiatuei Europan sartzen laguntzen ari dela. Azken egunetan, Atenasek neurriak hartu ditu migratzaileak sartzea eragozteko, eta gogor egin du muga zeharkatzen ahalegindu diren errefuxiatuen kontra. 

Turkiak, otsailaren amaieran, Greziarekin duen muga ireki zien errefuxiatuei, migratzaile gehiago hartzeko baliabide nahikorik ez duela argudiatuta. Siriako armadaren eta oposizioko taldeen arteko istiluen ondorioz, miloi bat herritarrek egin behar izan dute ihes beren etxeetatik Siria ipar-mendebaldeko Idlib probintzian, eta errefuxiatuek Turkiara jo dute. Ordurako, hiru milioi eta erdi errefuxiatu hartzen zituen Turkiak.

Erdoganek eta Vladimir Putin Errusiako presidenteak Idliberako su-etena adostu zuten joan den asteazkenean. Turkiak Siriako oposizioko taldeak babesten ditu Idliben, eta otsailean zuzeneko liskarrak izan ditu Siriako armadarekin. Errusiak, berriz, Baxar al-Assad Siriako presidentea du aliatu, eta Damasko babestu du Idlib probintzia eskuratzeko abiatu duen erasoaldian. Su-etenak errefuxiatu uholde berri bat sortzea eragotziko du, baina Turkiako eta Greziako mugetan harrapatuta dauden hamarnaka mila errefuxiaturen auziak bere horretan jarraitzen du.

Joan den astean, EBk adostu zuen 60 milioiko diru sail bat eratzea, Idlibera «laguntza humanitarioa» bidaltzeko. Europako Atzerri ministroek Idliben errefuxiatuentzako «eremu babestu» bat eratzeko proposamena ere aztertu zuten, baina ez zuten aukera horri buruzko neurririk adostu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.