Turkiako hauteskundeak

Erdogan, luzerako

Turkiako lehen ministroak gutxienez gehiengo kualifikatua eskuratzeko helburua du, Konstituzioa aldatzeko boterea lortzekoGaraipena ziurra du, baina 2023ra arte agintzen jarraitzeko aukera eskuratu nahi du

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2011ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Recep Tayyp Erdoganen irudiaTurkiako txoko guztietan ageri da. Bera izan da jaun eta jabe hauteskunde kanpainan, eta haren kaleko nagusitasuna bozkaletuetara eramateko helburua lortu nahi du gaur lehen ministroak. Aise irabaziko duela ez dago dudarik. Kontua da garaipenak boterean betikotzeko adina tarte emango dion, Konstituzioa aldatu eta hamarkada bat gehiago luzatu ahal izateko haren gobernua.80 milioi herritar daude hauteskundeetara deituak.

AKP Justizia eta Garapenerako Alderdiari botoen %50 eman dizkiote Konsensus eta Sonar etxeetako inkestek, eta Erdoganek espero du Legebiltzarreko 550 eserlekuetatik 367 eskuratu ahal izango dituela, bi heren, Konstituzioa idatzi ahal izateko; eta hori lortzen ez badu, gutxienez 330 eserleku, hiru bosten, bere proposamena erreferendumera eraman ahal izateko.

Gaurkoarekin hirugarren garaipena izango du Erdoganek; 2007an botoen %47 eskuratu zituen, eta hazkunde ekonomikoak eta nazioartean irabazi duen ospeak goranzko bidean jarri dute. Hala ere, oposizioan, CHP Herriaren Alderdi Errepublikanoak lekua irabazi du kanpainan,buruzagi berriari esker. Kemal Kiliçdaroglu laikoak Erdoganen autoritarismoaren kontrako mezua eman du, eta aberastasunaren banaketa agindu du haren alde eginez gero, Deniz Baykal buruzagi izandakoaren ohiko mezu nazionalista muturrekotik aldenduz. Horri esker, botoen %30 ematen dizkiote inkestek.

Hamabost alderdi dira hauteskundeen lehian, baina bi nagusiez gain, MHP Ekintza Nazionalaren Alderdiak eta BDP Bakea eta Demokrazia kurduen aldeko alderdiak dute soilik Legebiltzarrean sartzeko aukera, gutxienez botoen %10 behar baitira —kurduak hautagai independenteekin doaz muga hori gainditzeko, eta igoera nabarmena eman diote iragarpen baikorrenek, 20 eserlekutik 30era. MHP muturreko nazionalistek, berriz, hortxe-hortxe izango dute sartzeko aukera, kanpaina ez baitute alde izan.

Zikina izan da lehia, oso gogorra, eta sexu edukia zuten hainbat bideo kaleratu izanak hamar bat buruzagi kontserbadoreenen dimisioa eragin du. Joan den asteazkenean bertan Poliziak MHPko buruzagi baten etxean bideoak grabatzeko hainbat gailu atzeman zituen, eta Erdoganen alderdiak MHPko buruzagien artean zeuden banaketari egotzi zion gertaera.

Aditu gehienak, ordea, bat datoz Erdoganen beraren estrategia izan dela, artilleria osoa martxan jarri duela, diputatuen kopuruan gora egiteko, «demokrazian aurrera egin ahal izateko» Konstituzio berria egiteko.

Kurduen inguruan ere, kanpaina bortitza izan da, haien kontra indarkeriak baino ez duela balio behin eta berriz nabarmendu baitu. Hauteskundeen ostean kanpaina odoltsua egongo dela ere iradoki du, «jarrera aldatzen ez badute», alegia, aldarrikapenak bertan behera uzten ez badituzte.

Europa, helburu

Recep Tayyp Erdogan lehen ministroak Konstituzioa aldatu nahi du, dioenez, Europako Batasunak eskatzen dizkion aldaketak gauzatu ahal izateko demokraziara bidean. Egungoa 1980ko estatu kolpearen ostean idatzitakoa da, eta, harrezkero aldaketa batzuk izan dituen arren —azkena iazko irailean—, aukera gutxi ematen dio nahi dituen aldaketak bideratzeko. Frantziaren edo AEBen eredu presidentzialista nahi luke Erdoganek, gaurko sistema parlamentarioa ordezkatuko lukeena; baina, adituen ustez, bere neurrira oso ongi aztertutako aldaketak egiteko plaza bilakatu nahi du. Bere alderdiaren estatutuen arabera, hiru legealditan izango luke gobernatzeko eskubidea, ez gehiago; beraz, 2015ean amaituko litzaioke boterea.

Baina ordurako Abdula Gul alderdikidearen legealdia amaituta egongo da, 2007an Legebiltzarrak izendatutako presidentearena, eta Erdoganek bidea izango luke, sistema aldatuta, herritarrek zuzenean presidentetzarako bera aukeratzeko, botere betearazle konstituzional guztiak eskura jarriz. Eta hala balitz, beste bi legealdi, hamar urte gehiago izango lituzke gobernatzeko.

Oraingoz, hazkunde ekonomikoari etekina atera nahian egin du kanpaina, Turkiaren hazkunde ekonomiko baita Erdoganen garaipena. Europako Batasunean sartu nahiak etekinak eman dizkio ekonomian, eta Konstituzioaren aldaketarekin eta ekonomian hartzen ari diren indarrarekin han sartzeko prest daudela nabarmendu du Erdoganek, baina luze joko duela Frantziak eta Alemaniak ez dutelako nahi. Errumaniak eskatuta, bi herrialde horiek onartu behar izan duteLisboako Itunak herri bakoitzaren boterea herritar kopuruaren arabera baldintzatzea, eta Turkiak botere gehiegi izango luke gauza onerako, haien ustez.

Europako Batasuneko herriek duten krisiagatik, berriz, Turkiarentzat ez da horren premiazkoa eta erakargarria haren eremuan sartzea. Itxaron dezake, eta, gainera, herrialde arabiarretan gertatzen diren aldaketetan badu zeregina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.