Eromenaren mugak tenkatzen

Richard Nixon AEBetako presidenteak asmatu zuen 'eroaren teoria': atzerri politikan erabaki drastikoak eta bat-batekoak hartzeko gai izateko plantak egin, arerioa kikiltzeko. Trumpen jokabidearekin bat doa hori, neurri batean.

Donald Trump AEBetako presidentea, hilaren 20an, bigarren agintaldiko lehen urteurreneko hitzaldian, Washingtonen. AARON SCHWARTZ / EFE
Donald Trump AEBetako presidentea, hilaren 20an, bigarren agintaldiko lehen urteurreneko hitzaldian, Washingtonen. AARON SCHWARTZ / EFE
mikel rodriguez
2026ko urtarrilaren 23a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Eroaren teoria erraten diot, Bob. Nahi dut iparvietnamdarrek pentsatzea honetara ezkero edozertako gauza naizela gerra gelditzeko». Richard Nixon AEBetako presidenteak erran zuen hori 1968an, H. R. Haldeman kabineteburuak bere memorietan idatzi zuenez. Haldemanek 1978an argitaratu zituen, eta orduan azaleratu zen kontzeptu hori, Nixonen atzerri politika izendatzeko. Haldemanen arabera, horrela laburbildu zuen presidenteak: «Nixonek indarra erabiltzeko egin duen edozein mehatxu sinetsiko dute, Nixon delako». Alegia, Nixonen estrategia zela sinesgaitza zen erabaki bortitzen bat hartzeko gauza zela sinetsaraztea, arerioa arrastoan sartzeko. Donald Trump AEBetako presidentearen jokabidearen antz handia du printzipio horrek, baina Trump hainbertze bihurritzen ari da atzerri politikako kode jakin oro, zalantza gero eta handiagoak sortu baititu teoria mugara ailegatzen ari ote den eta praktika bihurtuko al den.  

Haldemanen kontakizunaren arabera, Nixonek 1968ko udan asmatu zuen Eroaren teoria, presidentegai zela. Kanpainako promes nagusia Vietnamgo gerra bukatzea zen, eta, horretarako, estrategia hau bultzatu nahi zuen: Ipar Vietnami eta Sobietar Batasunari sinetsarazi negoziazio seriorik egin ezean AEBetako presidenteak edozein neurri drastiko eta ustekabeko hartuko zuela; eta, Gerra Hotzaren garaian, edozein horretan nabarmentzen zen botoi nuklearra sakatzea. Nixonek erretorika antikomunista gogorra erabilia zuen bere ibilbide politiko luzean, eta espero zuen ezen, jokabide irrazionalaren eta iragarri ezinezkoaren plantak egitea gehitzen bazion ospe horri, nahikoa izanen zela potentzia komunista eta Asiako aliatua kikiltzeko. Haldemanek kontatu zuenez, Nixonek inspiraziotzat zeukan Dwight Eisenhower presidenteak Koreako gerra (1950-1953) gelditzeko egin omen zuena: Txina arma nuklearrekin mehatxatu —omen, Nixonen bertsioa baita hori—.     

Nixonen agintaldia 1974an bukatu zen. Handik hamar urtera, ordea, Joan Hoff historialariari ukatu egin zion eroaren teoria izena asmatu zuenik, eta erran zion Haldemani ez zizkiola aipatzen atzerri politikako gai inportanteak. Hortaz, kabineteburu izandakoak asmatu egin ote zuen guzia, edo eroaren teoriaren funtsari leial jarraitzen ote zuen Nixonek boterea utzi eta hamar urtera? Izan ere, teoria hori arrisku handiko amarru batean oinarritzen da: egia ez dena sinetsaraztean. Baina Trump esplizitua izan da hasieratik.

Groenlandiako akordioa

Errate baterako, 2016ko martxoan, errepublikanoen presidentegai izateko lehian ari zela, Bloomberg agentziak galdetu zionean ea EI Estatu Islamikoaren aurka arma nuklearrak erabiltzea baztertzen zuen: «Gutxienez, erabil ditzakedala pentsa dezaten nahi dut. Elkarrizketa hauen gauzarik txarrena da horrelako galdera bat egitean denek oso garbi eta zintzo erantzuten dutela, baina iragarri ezinezkoak izan behar dugu [...] etsaia guri begira ari da, eta ez dut nahi etsaiak jakitea zer ari naizen pentsatzen». Alegia, eroaren teoriaren definizioa eman zion Bloombergi. Ondotik, presidentetzan urtebete egina ez zuela, jada zenbait artikulu eta analisi argitaratu ziren AEBetan eta nazioartean, Trump Nixonen eskuliburuari jarraitzen ari ote zen aztertzen zutenak. Jim Sciutto CNNko kazetariak liburu bat ere argitaratu zuen 2020an: The Madman Theory: Trump Takes On The World (Eroaren teoria: Trump munduaren kontra).

Groenlandia bereganatzeko seta eredu nahiko argia da. Inbasio batekin mehatxatu eta jabetza ez zen deusekin ez zela konformatuko erran ondotik, akordio bat itxi du Davosen (Suitza): gibelera eginarazi diote, edo eroaren teoria bete du?

Hain zuzen, diplomaziako arau idatzi eta ez-idatziak xehatzea eta bat-batekotasuna ezaugarritzat baditu ere, nabari litezke irizpide batzuk Trumpen jardunean. Presidentea AEBetako aberaskume bat da, eta espektakuluaren eta reality-en mundutik jauzi egin zuen munduko lehenbiziko potentziaren buruzagi izateko lehiara. Mundu horretatik Etxe Zuriko atzerri politikara eraman dituen ezaugarrien artean daude emaitzak berehala erakusteko beharra, eta egindakoa ikusgarria izatekoa. Horrez gain, ausardia erakustearen garrantzia ere bai, egin ezin denaren arrastoan dantzan aritzea, egin daitekeela konprobatu duen lehenbizikoa izateko. 

Soleimani jeneralaren hilketa

Lehenbiziko agintaldian agindutako batzuk horren adibide: Jerusalem Israelen hiriburutzat onartzea —Israelen aliatu handiena izanik ere, AEBek beti egin zioten uko horri—, Siriako armadaren base bati misilekin erasotzea —Trumpen aitzinekoa, Barack Obama egitera ausartu ez zena, mehatxu egin arren—, Afganistanen bonba ez-nuklear suntsigarriena botatzea, eta, batez ere, Qassem Soleimani Irango Guardia Iraultzaileko jenerala hiltzea.    

Soleimani Irango jeneral ezagunena zen, eta herrialde horrek Ekialde Hurbilean zituen aliatuen borroketan garrantzi erabakigarria izan zuen, batez ere EIren kontrako gerran, Sirian eta Iraken. Trumpek agindu zuen hura hiltzea, 2020an; hortaz, AEBek bertze estatu burujabe bateko goi militar bat hil zuten, estatu horrekin gerran egon gabe. Iranen erantzuna ez zen proportzio berekoa izan, eta Trumpek atera zuen ondorioa izan zen egin ezin denaren marra urrutiago mugitu zezakeela. Iaz, bigarren agintaldia hasi eta hilabete gutxira, Irango azpiegitura nuklearrak bonbardatzeko agindu zuen, eta Irango lider goren Ali Khamenei aiatola bera mehatxatu zuen. Eta, aurten, urtea hastearekin bat, bete egin du estatuburu baten kontrako mehatxua, Nicolas Maduro Venezuelako presidentea bahituta. Bahiketari buruz eman zuen prentsaurrekoan, Trumpek berak Soleimaniren hilketa goraipatu zuen aurrekari gisa.                 

Maduro bahituta, Trumpek hankaz goiti paratu ditu nazioarteko arauak, baina bada oraindik sakatu ez duen botoi bat: gerrarena eta inbasioarena. 2016ko hauteskundeetarako kanpainan interbentzionismoaren kontra egin zuen promesa paper erre bihurtu zuen berehala, baina «gerra ergelik» ez du hasi oraingoz. Maduro bahitu ondotik, Venezuela okupatu eta agintea indarrez aldatzea baztertu zuen, eta herrialdea mehatxu bidez kontrolatu nahi du. Iranen kasuan, urte hasieran herrialde hartan piztu ziren protesten harira, eraso bat agindu eta erregimen politikoa aldatzearekin egin dio mehatxu. Edozertarako gauza dela, hortaz, eroaren teoriaren mugak are gehiago tenkatzeko prest.         

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.