Lurrikara Japonian. Energia nuklearrari buruzko eztabaida

Erradiazioaren lehen biktimak

Fukushiman eta inguruan ez bada, Japoniako herritarrentzat ez dagoela arriskurik esan dute, baina luze gabe ondorioak egon daitezke; zentraleko hogei langile kutsatuta daude.

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2011ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Fukushimako zentral nuklearreko erradioaktibitatearen maila ez dela herritarrentzat kaltegarria esan dute bai Japoniako Gobernuak, baita IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak ere. Sarraskia geldiarazi nahian dabiltzan langileak daude soilik gaixotasunen bat garatzeko arriskuan —eta jada lehen biktimen berri eman dute—, baina biek esaten dute zentraletik eta hustu duten ingurutik kanpo ere ohikoa dena baino dosi gehiago dagoela, eta komeni dela ahalik eta denbora gutxiena egotea haren eraginpean. Hala ere, orain arte ez dute iainformaziorik eman gertatzen ari denaren inguruan, eta horrek, gutxienez, esandakoa zalantzan jartzeko bidea ematen du.

Gehiegizko erradiazioaren ondorioak luze gabe eta luzera nabarituko dituzte, dena den, erradioaktibitate kopuru ohi baino handiagoa hartu dutenek denbora jakin batean. Zentralean isuri dosi bereziki kutsagarria jaso dutenak larriago egongo dira. IAEAk jakinarazi du Fukushiman gutxienez hogei lagun kutsatu direla, eta horietako batek eragin «esanguratsuak» dituela. Gainerakoak «deskutsatu» egin dituzte; alegia, azalean itsatsita geratu diren partikulak kendu. Kutsatuen kopurua ez da ziurra, IAEAk aitortu duenez, informazio nahikorik ez duelako.

Erradiazioa ikusten ez den kutsadura da, baina dosi handietan zelulak eta ehunak suntsitzen ditu. Inguruan daukagu, lurrean, harrietan, arnasten dugun airean, eta beste hamaika lekutan dago, baina erradiazio ezohikoaren kopuru handia arriskutsua da. Adibidez, erradiografia bat egitean jasotzen den erradiazioa jasateko modukoa da, baina, gaixoak ez bezala, osasun zentroko langileak jantzi berezi bat darama babesteko, hark erradiografia asko egin behar izaten dituelako denbora murritzean, eta gaixoak ez. Sievertetan neurtzen da haren arriskua, milakoetan (milisievert) edo milioikoetan (mikrosievert), eta horiek orduko jasotzen dira, denboraren faktorea kontuan hartu behar denean (mSv/h).

Kopuruak

Urtean modu naturalean 2,4 milisievert inguru jasotzea da ohikoa, eta Fukushiman, une batzuetan, 4.000 mSv/h. 1.000 milisievert pilatuz joanez gero, minbiziaren kopurua %5 handitzen da.

Dosi handiak jasandako pertsonarengan erreakzioak oso ongi ezagutzen dira. Pertsona batek kolpean 2.000 milisievert hartzen baditu astebete baino gutxiagoan, eritemabat azalduko zaio azalean. 5.000tik gora, gaitz gastrointestinalak ateratzen dira, okak eta odol galtzea, eta, 7.000tik gora, ilea erortzen hasten da. Hortik gora, denbora gutxian hilkorra izan daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.