Kanpainako azken asteetan bazirudien Antanas Mockus berdeen hautagaiak Kolonbia irauliko zuela. Adituek ez ezik, komunikabideek ere garaipen zabala iragartzen zioten. Juan Manuel Santos hautagai ofizialistak, ordea, aurrean hartu zion eta 25 puntuko aldea atera zion presidentetzarako hauteskundeetako lehen itzulian; eta badirudi gauza bera gertatuko dela gaur egingo duten bigarren txandan ere. Inkestek diote U Alderdiko hautagaik erraz irabaziko dituela hauteskundeak; azken datuen arabera, botoen %60 lortuko ditu Alvaro Uriberen gobernuan Defentsa ministro izandakoak. Mockusek, aldiz, botoen %30 bereganatuko lituzke.
Baina lehen itzulian Mockusi gertatutakoa errepika ez dadin, neurriak hartu dituzte ofizialistek. Izan ere, azken egunotan ugaritu egin dira Santosen aldeko botoa eskatzen duten buruzagi eta alderdiak. Azkenetako bat izan da Cesar Gaviria presidente ohia eta oposizioko Alderdi Liberaleko kidea. Hark eskatu dio Uriberen politiketako batzuk «zuzentzeko» eta ustelkeria amaitzeko. «Kolonbiako presidente ona izateko kemena eta izaera du». Bestetik, garaipen garrantzitsua izan da Santosentzat, bigarren itzulirako egun gutxi batzuk geratzen zirenean, FARC Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarren esku zeuden lau soldadu askatu izana.
Aldiz, Mockusen Alderdi Berdea bakarrik joango da gaur hautesleengana. Izan ere, uko egin dio Polo Demokratikoak egindako eskaintzari. Ezkerreko taldea Bogotako alkate ohiaren aldeko botoa eskatzeko prest agertu zen, baldin eta hark hitzematen bazuen bertan behera utziko zuela AEBekin hitzartutako base militarren gaineko akordioa. Berdeek, ordea, nahiago izan dute ezetz esan. Ondorioz, Polo Demokratikoak abstenitzeko eskatu die bere jarraitzaileei. Mockusen kalterako, gauza bera egin dute Kolonbiako Mugimendu Komunero Sozialista Bolivarianoko kideek ere.
Mesfidantza
Hain zuzen ere, abstentzio altua espero da gaurko hauteskundeetan. Adituek iragarri dute bozkatzera deitutako 30 milioi herritarretatik erdia baino gehiago etxean geratuko direla -lehen itzulian abstentzioa %51koa izan zen-. «Jende asko ez da bozkatzera joango ez direlako politikariez fidatzen, ez Santos bezalako tradizionalez, ez eta ere Mockus bezala betiko eskemetatik kanpo daudenez ere», azaldu du Fernando Giraldo analista politikoak.
Dena den, inkestek iragarritakoak betetzen badira, legealdi erosoa izan daiteke Uriberen Defentsa ministro izandakoarentzat. Izan ere, Kongresuko bi ganberetako eserlekuen %80 U Alderdiko kideek beteko dituzte, eta Alderdi Berdea eta Polo Demokratikoa izango dira oposizioko talde bakarrak.
Bestalde, ustekabekorik gerta ez dadin Bogotako gobernuak segurtasun neurri zorrotzak hartu ditu gaurko. Mugak itxi eta edari alkoholdunak debekatzeaz gain, 350.000 polizia eta militar ere zabaldu dituzte bozkalekuak dauden inguruetan. Orotara 72.725 mahai jarri dituzte herrialde osoan, eta atzerrian bizi diren kolonbiarrek ere bozkatzeko aukera izango dute 60 estatutan.
Erraz irabaziko du Santosek Kolonbiako bozen bigarren itzulian, iragarpenen arabera
Abstentzioak %50a gaindituko duela uste dute adituek; muga itxi eta segurtasun neurriak zorroztu dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu