Urriaren 1ean erreferenduma egitekotan dira Katalunian, eta han botoa emateko eskubidea duten herritarren %67,5ek halaxe egiteko asmoa dute, Generalitateak egindako inkesta baten arabera. Haietako %62,4k baiezko botoa emango lukete, eta %37,6k, ezezkoa.
Erreferendumaz galdera zuzena egin gabe, Kataluniako independentziaren alde al dauden ere galdetu die CEOk herritarrei. Ezezkoa nagusitu da erantzunetan: %49,4k esan dute ezetz, eta %41,1k baietz. Martxoko inkestaren emaitzekin alderatuta, indartu egin da ezezkoaren jarrera, orduan %48,5ekoa izan baitzen.
Parlamenturako hauteskundeak egingo balira, Junts pel Sik irabaziko lituzke berriz ere, 60-63 eserleku eskuratuta. Inkestaren arabera, CUPek hautetsiak galduko lituzke, eta 6 edo 8 eskuratuko lituzke. Independentistek, beraz, ez lituzkete eskuratuko gehiengo osoa edukitzeko behar diren 68 eserlekuak, 66an geratuko bailirateke. C's izango litzateke bigarren indarra (20-22), PSCk 17-20 eskuratuko lituzke, Catalunya Si Que Es Pot-ek 15-17, eta PPk, berriz, 11-13.