Kataluniako prozesu subiranista

Erreferendumerako Legea onartu du Kataluniako Legebiltzarrak

Kataluniako Parlamentuak Erreferendumerako Legea onartu du. Bide azkarrena erabiliz egin du. Espainiako Gobernuak eskatu dio Konstituzionalari bertan behera uzteko eta tramiterako onartu dutenen kontrako ekinbideak eskatu ditu. Tentsio handiko saioa izaten ari da gaurkoa. Legea onartu, eta Els Segadors abesteari ekin diote diputatuek.

Generalitateko kideak parlamentuan, gaur. TONI ALBIR, EFE
Jon Ordoñez - Arantxa Elizegi Egilegor
2017ko irailaren 6a
07:42
Entzun

Espero zen bezala, Junts pel Sik-k eta CUPek Kataluniako Parlamentuaren gaurko saioan sartu dute Erreferendumaren Legearen bozketa, baina ez zaie erraza izan. Hainbat lekutatik egin diete kontra (jarraitu zuzenean), eta legebiltzarrean bertan eztabaida teknikoan korapilatzen saiatu dira legearen kontra dauden taldeak. Nolanahi ere, jarrera sendoa izan du Carme Forcadell Mahaiko presidenteak, eta eztabaida egin eta legea onartu dute.

72 aldeko boto jaso ditu legeak, kontrakorik ez, eta Catalunya Si Que Es Pot-eko 11 abstentzio. PSCko, Cs-eko eta PPCko kideak ez zeuden aretoan bozketaren unean. Alde egin dute eta PPko hautetsiek Kataluniako zein Espainiako banderak utzi dituzte eserlekuetan.

Espainiako Gobernuak goizeko akordioak bertan behera uzteko eta legea onartu zain egon gabe bertan behera uzteko eskatu du, eta Kataluniako Fiskaltza Nagusiak iragarri du erreferendumerako legea tramitatuko dutenen kontrako ekinbide bat. Eta onartu ondoren, gauean, txostena eskatu dio Espainiako Estatu Kontseiluari, bihar legearen kontrako helegitea jartzeko.

Parlamentuaren osoko bilkura goizeko hamarretan hasi arren, Forcadellek mahaiaren ezohiko bilerara deitu du ordubete lehenagorako; era horretan, ganberan gehiengoa duten bi alderdiek —Junts Pel Si eta CUP— Erreferendumaren Legea eztabaidatzeko eskaera egin dute (bi talde parlamentariok egin behar zuten eskaera). Azkenean 13:30ean onartu dute gai ordena aldatzea, aldeko 72 boto, kontrako 60 eta hiru abstentziorekin. Bide azkarrena erabiliz bozkatuko dute gainera, hori ere hala erabaki baitute.

Tentsioa, Forcadellekin

Gai ordena aldatu ondoren, baina, tentsio handia bizi izan da Parlamentuan. CSQEPek, PPk, Ciudadanosek eta PSCk araudia urratzea leporatu diote Forcadelli, eta babesik gabe uztea leporatu diote. Berme Estatutarioen Kontseiluarengana jotzeko eskubidea aldarrikatu dute alderdi horiek, ohi bezala, baina Forcadellek esan die plenoak erabaki duela ez dagoela organu horretara jotzerik (legea bide azkarretik eramatea onartu du), eta plenoaren erabakietan ez duela atzera egingo. Hori onartu baino pixka bat lehenago, ordea, Ciudadanosek eta PSCk txosten bat eskatu diote kontseilu horri, eta orain zer egin aztertzen ari da.

Lau alderdi horiek gero Forcadelli eskatu diote, zuzenketak egiteko bi orduko epea eman duenez, bi orduz uzteko bertan behera Parlamentuaren saioa. Forcadellek, ordea, ez du amore eman, eta ordubeteko etenaldia onartu du soilik. Zuzenketak nola egin behar diren argitzeko ere eskatu diote, baina Forcadellek erantzun die ohi bezala egin behar direla. Osoko zuzenketarik ezin zen aurkeztu.

Espainia hasi da kontra egiten

Etenaldia hasi bezain laster hitz egin du Soraya Saenz de Santamaria Espainiako presidenteordea. Esan du "indarkeria ekintza bat" izan dela Parlamentuan gertatutakoa, eta diktadura baten jarduteko moduarekin alderatu du. Salatu du babesik gabe egon direla erreferendumaren kontrako diputatuak, eta Forcadellek demokrazia "hil" egin duela. Espainako Gobernuak Estatuaren Abokatuari eskatu dio gaur goizean Parlamentuan hartzen diren erabakiak bertan behera uzteko. Eta aldi berean Konstituzionalari eskatu dio legea onartu zain egon gabe bertan behera uzteko, aurrekariak aintzat hartuta.

Argudiatu du presidenteordeak Epaitegi Konstituzionalak otsailean eman zuen epai batek "argi eta garbi" debekatu zuela erreferendum soberanista baten aldeko edozein ekimen. Konstituzionalaren aginduak betetzen ez dituen ororen kontra egingo dutela ere ohartarazi du Saenz de Santamariak: Mahaikoen kontra, eta "egin behar den guztien kontra". Bide horretatik, Kataluniako Fiskaltza Nagusiak iragarri du kereila bat aurkeztuko duela Erreferendumaren Legea tramitatu dutenen kontra, desobedientzia eta prebarikazioa leporatuta.

Forcadellen errekusazio eskaera Konstituzionalaren kontra

Epaitegi Konstituzionala gaur bertan itzuli da lanera, eta kideak bilduta egon dira goizean —Kataluniari buruzko erabakirik hartu gabe amaitu dute gaurko saioa—. Hain zuzen, eta zilegitasuna galdu izana leporatuta, auzitegiko hamabi kideen aurkako errefusatze idatzia aurkeztu du gaur goizean Forcadellek. "Espainiako Gobernuaren luzapen bat bilakatu da auzitegia. Gure oinarrizko eskubideak defendatzen ari gara". Legeak zehazten du Konstituzionaleko kide baten aurkako errefusatze idatzia aurkeztuz gero hura erabakiak hartzeko gaitasunik gabe geratzen dela, gainontzeko kideek helegiteari buruzko erabakia hartu artean. Ordea, helegitea denen aurka aurkeztu dutenez, guztiak geratuko lirateke gaitasunik gabe auzia argitu artean.

Legea bozkatu eta berehala sinatuko dute hura Generalitateko kideek. Asmoa zen Konstituzionalari denborarik ez ematea Generalitatea sinatzearen ilegalitateaz ohartarazteko eta galdeketa debekatzeko; modu horretan Puigdemontek saihestu egingo luke auzitegiaren debekua urratzea. Generalitateak aurreratu du Madrildik etortzen den erabakia edozein dela ere aurrera jarraituko duela.

Baiezkorako, prest

Erreferendumerako Legea ez ezik, Trantsizio Legea ere onartuko du aste honetan Kataluniako Parlamentuak —lege sorta gaur bertan jarri dute mahai gaineran, baina eztabaida ostiralera arte luza daiteke—. Katalunia errepublika independente bihurtzeko trantsizioa nola eginen duten zehazten du trantsizio legeak. "Ezezkoa bozkatuko dutenek badakite zer marko juridiko izanen duten, hauteskunde autonomikoak eginen baitira", azaldu zuen Lluis Corominas Junts Pel Sik parlamentuan duen taldeko presidenteak. "Lege honekin, baietz bozkatuko dutenek jakinen dute zer gertatuko den".

Trantsizio Legeak, estatuaren egitura, herritartasuna eta abarrak zehazteaz gain, amnistia bat ere ezarriko luke, erreferenduma egiteko prozesuarengatik Espainiak zigortu eta auzipetu dituen guztientzat —horien artean dago Artur Mas presidente ohia—.

Zigor ekonomikoak

Etor litekeenaren atariko izan daiteke Espainiako Kontu Auzitegiak Generalitateko hainbat goi kargu ohiri ezarritako zigorra. Haren arabera, bost  milioiko bermea ordaindu beharko dute auzipetuek 2014ko azaroaren 9ko kontsulta egiteagatik —zigortuen artean dira Artur Mas presidente ohia eta Joana Ortega presidenteorde ohia—. Bide beretik, Jose Manuel Maza Espainiako fiskal nagusiak oharra helarazi zion Generalitateari: "Erantzuna espainiar guztion aberri komun eta zatiezin honen zuzenbide estatua mantentzeak eskatzen duen bezain sendo eta irmoa izango da".

"Beldurra hedatzea" egotzi dio Carles Puigdemont presidenteak, eta berretsi ez dagoela "bozkatzea ez den beste alternatibarik". Era horretan argi zehaztuta geratu dira bi gobernuen jarrerak, urriaren 1eko erreferendumari begira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.