Erreformak itxaron egin beharko du

Obamak agindu du etorkinen egoera legeztatzeko erreforma sustatuko duela, baina ez dirudi laster lortuko duenik

2010eko uztailaren 3a
00:00
Entzun
«Gobernu federalak ez du jakinlegez kanpoko immigrazioari galgak jartzen, eta ezin ondorio txarragoak eragin ditu horrek bertako herritarrengan». Paperik gabeko etorkinak arazo direlakoan dago Leah Durant, Immigrazio Erreforma Progresiborako zuzendari exekutiboa: «Milaka estatubatuar euren lanpostuetatik bota dituzte, eta haien tokian baldintza kaskarragoetan eta diru gutxiagoren truke lan egiteko prest dauden legez kanpoko etorkinak kontratu dituzte. Gure interesen ordezkari izan beharko lukete politikariek, baina ez dute legedia gogortzeko ezertxo ere egiten». Durantek ez ditu ondo hartu Barack Obamaren hitzak; izan ere, presidente estatubatuarrak Immigrazio Erreforma Integrala aipatzen duenero paperik gabeko etorkin guztiak amnistiatuko dituzten galdezka hasten da.

Errepublikanoen diagnostikoarekin bat egiten du horretan. Eta errepublikanoen tesia nagusi da AEBetan oraingoz -hori diote inkestek; herritar gehienak immigrazio arloko legedia gogortzearen alde daudela, alegia-. Obamak badaki gehiengoa aurka duela, baina badaki, halaber, bere aldeko botoa emateko prest leudekeenen artetik asko etorkinak direla. Horren haritik, immigrazio erreformaren alde egindako azken diskurtsoa bere hautesleekin duen zorra kitatzeko tramite soila izan da: boto-emaileekiko manera onak agertuz egindako konpromiso berritzea, funtsean.

Hala izanda ere, baina, hainbat sektoretan erreakzio gogorrak eragin ditu Obamak proposatutako immigrazio erreformak. Errepublikanoak guztiz kontra ditu, eta etxean ere badu nor konbentzitua. Bere azken agerraldiak eraginda, eta jakin gabe hitz egiten duenaren pare jarrita, ezer proposatu aurretik AEBen eta Mexikoren arteko mugara joateko gonbita egin diote, besteak beste, errepublikanoek Obamari.

Dena dela, bada kontserbadoreen jarrera ulertzen ez duenik ere. Warren Meyer analistaren ustez, besteak beste, etorkinen auziak kontraesanak sortzen ditu ideologia kontserbadorean: Meyerrek ez du ulertzen nola Gobernuaren esku-hartze murritza eskatzen dutenek etorkinen lan merkaturatzeko baimen administratiboa exijitzen duten.

Eta bada Obamak egindako diskurtsoari esker aldaketarako aukerarik ikusi duenik ere. Jesse Jackson giza eskubideen aldeko ekintzaileak, bederen, esku zabalik hartu ditu presidentearen hitzak: «Ilun dauden tokiak argituko dituela espero dut, eta politika erretoriko eta alderdikoiaren gainetik auzi garrantzitsu hau bideratzen asmatuko duela».

Bi irtenbide

«Ez da arau kontu bat bakarrik; bada ikuspuntu ekonomikotik aztertu beharreko gaia ere. Agindu morala da». Hitz horiekin heldu zion herenegun Barack Obamak immigrazio erreformaren gaiari. Unibertsitate Amerikarreko Diplomazia Fakultatean bera entzutera joandako berrehun bat lagunen aurrean berritu zuen legedia aldatzeko konpromisoa. Hala ere, ez zuen neurri jakinik iragarri, ezta hura gauzatzeko egunikeman ere. Gaur egun paperik gabeko 11 milioi etorkin inguru daude AEBetan, eta haien egoerari dagoenean eutsi ezin zaiolako, indarrean dagoen araudia berraztertzea ezinbesteko dela uste du presidente estatubatuarrak. Erreformaren beldur direnak lasaitzeko asmoz, dena dela, paperik gabekoek legea hautsi izanagatik erantzun egin beharko dutela jakinarazi du.

«Etorkinek herrialde hau eraikitzen eta defendatzen lagundu dute», uste du Obamak. «Estatubatuarra izatea ez da odol kontua bakarrik, ezta hemen jaiotzeak dakarren zerbait ere. Fede kontua da, ideiak elkarbanatzeak eragiten duen zoriontasuna, hainbeste maite ditugu balioei eustea». Erretorika ederra erabili du Obamak erreformaren alde dagoela agertzeko; haatik, AEBetako debate politikora ekarri duen auziak ez du konponbide errazik oraindik: Obamak paperik gabekoen egoera legeztatzearen, edo haiek denak deserritzearen artean erabaki behar du. Azkenak ez dirudi bideragarria -ez ekonomikoki ez moralki-, haatik, lege erreformak ere ez du aukera handirik oraindik.

Legedia aldatzeko proiektua aurkeztuko balu Senatuan, Obamak ez luke aski boto eskuratuko gaur egun; errepublikanoak aurka ditu, eta hainbat senatari demokratek erreformaren alde bozkatuko luketen ere ez dago argi. Obamak berak onartu du kalkuluak eginez gero galtzen aterako litzatekeela. Segur aski, horregatik, urte honen amaiera artean egitekoak dituzten hauteskundeak pasatu arte ez diote gaiari helduko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.