«Zitala izan zen egun hori, gero. Inoiz ezin izango dut ahaztu, baina nahiko nuke, bai, duela bost urteko abuztuko oroitzapenak nolabait ezabatzea». Oraindik ere gogoratzen du talibanak agintera itzuliko zirela jakinarazi ziotenekoa. Zentzumenak lausotu zitzaizkion, eta ez zen berera itzuli harik eta emakumezko soldadu baten garrasiak entzun zituen arte; muturreko islamisten kontra borrokatzeko erregutzen ari zen, nahiz eta ofizialak ospa egiteko agindu zien Kabulgo instalazio militar hartan zeuden guztiei. Zarifa Salangi kazetaria erreportaje bat prestatzen ari zen, eta esku hutsik alde egin behar izan zuen. Pare bat hilabete-edo igaroak ziren talibanak Afganistango zenbait lurralde bereganatzen hasi zirenez geroztik, eta gaurko egunez, duela bost urte, hiriburura heldu ziren. «Ezin nuen ulertu nire herrikideen hiltzaileak, suntsipenaren erantzuleak, nolatan sartzen ari ziren Afganistanen, Ameriketako Estatu Batuen eta munduaren laguntzaz».
Salangik idatziz erantzun die egun horretakoen eta orain artekoen inguruko galderei, ama hizkuntzan; persieraz, alegia. «Ez nintzen ezkondu, etorkizun hobeagoa nahi nuelako niretzat eta nire familia txiroarentzat, baina talibanek amets guztiak txikitu zizkidaten. Etxekoandre obeditzaile bat izan nendila nahi zuten. Uko egin nion horri, eta ihes egin nuen».
Teheranera joan behar izan zuen, senideekin, ez lehenago urte erdiz Kabulgo kaleetan protesta egin gabe, fundamentalistek boterea berreskuratu ondoren hasi baitzen «benetan» emakumeen eskubideen alde egiten, Justiziaren Aldeko Emakumeen Mugimendua taldean —hori bai, oroitu duenez, Kabulen aurrez jabetu zen bazuela zer egina: Farkhunda Malikzada izeneko emakume bat lintxatu, jipoitu, harrikatu eta haren hilotzari su eman ziotenean, gizon batek Korana erretzea leporatu ziola eta—. Salangik ere gorriak ikusi zituen eskapatu baino lehen: «Badakit ez dagoela protestaririk orduko hartan mehatxurik, intimidaziorik edo torturarik pairatu ez zuenik. Birritan arakatu zuten nire jaiotetxea, eta ihes egitera behartu ninduten, mehatxupean».
«Kabul ez da nire jaioterria, ezpada nire bizitza. Haurtzaroa gogorarazten dit, nire oroitzapenak, eskola, nire lehenbiziko bizipenak»
ZARIFA SALANGI Emakumeen aldeko ekintzaile afganiarra
Salangi eta haren familia zortzi egunen buruan heldu ziren Irango hiriburura, inolako paperik gabe. Azaldu du han baldintza latzetan egin behar izan zuela lan hiru urte eta erdiz, eta, azkenerako, migrante afganiarren kontrako «akusazio faltsuen» harira egoerak okerrera egin zuenean —zabaldu zen zerikusia zutela iazko ekainean Israelek Iranen kontra egindako hamabi eguneko erasoaldiarekin—, ihesaldiari ekin ziola: «Joan egin behar izan nuen».
Afganistanera itzuli zen, eta han geratu egun gutxi batzuez, mendebaldeko Herat hirian; asmoa zera zuen, ordea: hego-ekialderantz egitea, Kandahar hirirantz, ondoren Pakistanera heltzeko. Ez baitzuen beste aukerarik, ekintzailearen esanetan. «Hara bidean, atxilotu egin ninduten, bi egun igaro nituen espetxe batean preso, eta askatu egin ninduten gero». Hamabi egun iraun zuen Irandik Pakistanerako bidaiak, eta, azkenerako, heldu nahi ez zuen toki batera heldu zen: «Afganistan ez zen segurua, Iranen ez zegoen bizitzerik, eta ez nuen nora jo. Pakistan nuen azken aukera».
«Ezkutatu egiten naiz»
Herrialde horretara heldu zenez geroztik, Salangik hiru aldiz aldatu behar izan du etxez arriskuagatik, eta iparraldeko Attock hirian bizi da orain, hiriburutik kilometro eskas batzuetara eta Kabuldik hirurehunera. Salatu du Pakistanen dauden afganiarren egoera «kritikoa» dela, «jazarpena eta indarkeria» sufritzen dituztela egunero, eta, halaber, egunero itzularazten dituztela afganiarrak. «Bai, egunero izaten dira deportazioak. Poliziak datozenean, ezkutatu egiten naiz», kontatu du. «Emakume afganiarrontzat, itzultzea zapalkuntza da, ikasteko eta lan egiteko aukera ukatzea, ezkontzera behartua izatea, eta eskubiderik oinarrizkoenak galtzea».
Eta, hala eta guztiz ere, badu esperantza Afganistanen berriro ere «aske» bizitzeko: «Kabul ez da nire jaioterria, ezpada nire bizitza. Haurtzaroa gogorarazten dit, nire oroitzapenak, eskola, nire lehenbiziko bizipenak».
Gaurdaino bizi behar izan dituenak gogoan dituela erantzun die galderei, banan-banan, baina Salangiren hitzek ihesaldian direnen kontakizuna biltzen dute, inondik ere: «Errefuxiatu bakoitzak bere istorioa du, baina inork ere ez du etxea hala nahita uzten. Neureganako konfiantzaz gabetu nau migrazioak. Nire herrialdean, sentitzen nuen behar nuen guztia neukala. Erbestealdian, aldiz, sentitzen dut ez naizela ezeren jabe, ezta arnasten dudan airearen jabe ere».