COP30

Erregai fosilak alboratzeko helburua bazter utzi du COP30 biltzarreko presidentetzak, eta akordioa lortzea zaildu

36 herrialdek mehatxu egin dute negoziazioak blokeatuko dituztela baldin eta helburu hori akordioan sartzen ez bada. Egokitzapenerako finantzaketa hiru halakotzea da zirriborroaren puntu nagusienetako bat.

Eko elkarteko kideak protestan, herenegun, COP30 biltzarrean. FRAGA ALVES / EFE
Eko elkarteko kideak protestan, herenegun, COP30 biltzarrean. FRAGA ALVES / EFE
inaut matauko rada
2025eko azaroaren 21a
13:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Amaitzen ari da Brasilgo Belem hirian egiten ari diren klima aldaketari buruzko COP30 biltzarra, baina, halere, puntu nagusiak onartzeko akordioak urrun dirudi; izan ere, goi bilerako presidentetza taldeak gaur goizean argitaratu duen proposamenean, kendu egin dute erregai fosilak alboratzeko helburuari zegokion zatia. Aste honetan, horixe izan da, hain zuzen ere, negoziazioetan landu diren gai garrantzitsuenetako bat: bide orri bat garatzea erregai fosilik gabeko etorkizuna eraikitzeko. Baina, azkenean, horri zegokion pasartea kendu egin dute zirriborrotik.

Beraz, xede hori bultzatu nahi duten herrialdeak mehatxu egiten ari dira negoziazioak blokeatuko dituztela erregai fosilak alboratzeko asmoa akordioan sartu ezean. Guztira 36 herrialdek adierazi dute zati hori kentzen bada ez dutela akordioaren alde egingo —tartean dira Alemania, Austria, Belgika, Bulgaria, Costa Rica, Danimarka eta Eslovenia—. Europakoak eta Amerikakoak dira gehienak . Nahiz eta elkarrizketak gaur amaitzekoak dituzten, azken urteetan gertatu den bezala, oso litekeena da prozesua luzatu eta asteburuan ere negoziatzen aritzea, akordio bat erdiesteko asmoz.

Eta nolatan erabaki dute halako mehatxua egitea? Bada, erregai fosilen erabilera ez mugatzeko interesa duten herrialde batzuek berdin jokatu zutelako: adierazi zuten zati hori akordiotik kendu ezean negoziazioak blokeatuko zituztela. Azkenean, baina, erregai fosilei eustearen aldekoei men egin die presidentetzak.

Etorkizunean erregai fosilak ia guztiz baztertzeko helburua duten herrialdeek zera zehaztu zuten presidentetzari bidalitako gutunean: puntu hori akordiotik kenduta, ez dela beteko aurreko biltzarretan adostutakoa. Izan ere, 2023an, Dubain (Arabiar Emirerri Batuak) egin zen COP28 biltzarrean, herrialdeek konpromisoa hartu zuten gutxinaka erregai fosilak erabiltzeari uzteko, baina ez zuten beste zehaztapenik egin. Bada, aurten, herrialdeek aukera dute zehazteko helburu hori nola lortuko duten, baina presidentetzak kanpoan utzi du horri heltzen zion puntua.

Egokitzapena indartzeko beharra

Egokitzapenerako finantzaketa ere auzi garrantzitsua izan da aste honetan. Izan ere, klima larrialdia gogortzen ari den honetan, klima aldaketak indartutako fenomenoak —bero boladak, lehorteak, uholdeak, muturreko ekaitzak...— gero eta kalte handiagoa eragiten ari dira munduan, eta, horren ondorioz, gero eta beharrezkoagotzat jotzen da finantzaketa handiagoa izatea Hegoalde Globaleko herrialdeen ekonomiak eta azpiegiturak klima larrialdiaren eraginetara egokitzeko. Hori dela eta, asteotan aurkeztutako zirriborroetan, presidentetzak proposatu du horretarako diru saila hiru halakotzea, eta, hain zuzen, gaur aurkeztutako zirriborroaren puntu garrantzitsuena da. Asmoa da helburu hori 2030erako betetzea, aurtengo finantzaketa abiapuntutzat hartuta.

Aipatutako bi auzi horien inguruan, hau da, erregai fosilak amaitzeko bide orriaren eta egokitzapenerako finantzaketaren inguruan funtsezko ezberdintasunak daude herrialde askoren artean, eta orain arteko COP biltzar guztietan azaleratu dira. Hori dela eta, nekez lortu dute ados jartzea. Orokorrean, Hegoalde Globaleko herrialdea dira emisioak gutxitzeko eskatzen dutenak, baita finantzaketa gehien behar dutenak ere. Kontrara, Iparralde Globaleko herrialde askok ez dute Ipar-Hego finantzaketa hori handitu nahi, ezta erregai fosiletan oinarritutako ekonomiak baztertu ere.

Biltzarraren hasieran, baso tropikalak babesteko funts bat sortu zuten, 125.000 milioi euroraino mobilizatzeko helburuarekin, baina COP30eko presidentetzak ez du deforestazioaren kontrako neurririk sartu gaur aurkeztutako zirriborroan.

Anekdota asko, akordio gutxi

Aurtengo biltzarra maiz agertu da hedabideetako tituluetan, baina ez horrenbeste lortu diren akordioengatik, baizik eta bestelako gertakari batzuengatik. Atzo, esaterako, negoziatzaileak biltzen diren kongresu zentroan sute bat piztu zen, eta eraikin guztia hustu behar izan zuten. Hamahiru lagun artatu behar izan zituzten kea arnasteagatik, eta eztabaidak bertan behera geratu ziren zenbait orduz, eta, ondoren, telematikoki berrekin zieten.

BRASIL COP30 CLIMA
Kea, negoziazioak egiten ari diren eraikinean. PAU RAMIREZ / EFE

Bestalde, biltzarraren hasieran, joan den astean, herri indigena batzuetako kideak negoziazio esparruetara sartu ziren behin baino gehiagotan, protesta egitera. Azaroaren 11n, negoziazioen bigarren egunean, klima aldaketak herri indigenetan eragiten dituen kalteak salatzeko sartu ziren mugatutako eremura, eta, handik gutxira, munduruku etniakoek COP30eko Gune Urdinaren sarrera blokeatu zuten, ahotsik ez zutela salatzeko eta Luiz Inacio da Silva Lula Brasilgo presidenteak haiekin bildu zedila eskatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.