Errenditu edo Zelenskiren erregimenari kontra egin

Ukrainako herritarren artean asko dira egungo egoera politikoarekin ados ez daudenak. Donbassen, bitartekoak sortu dituzte soldadu ukrainarrei errenditu eta beste aldera igarotzeko modua emateko.

Ukrainako armada utzi duen soldadu talde bat. BERRIA
Ukrainako armada utzi duen soldadu talde bat. BERRIA
Donetsk
2025eko urriaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donbassko txoko batean, bukaerarik ikusten ez zaion gatazka baten erdian, soldadu ukrainar batzuek erabaki dute Errusiako armadari amore ematea eta harekin bat egitea. Gizonak eta emakumeak dira, gehienak militar ohiak, batzuk ofizialak ere bai, baina badira indarrez Ukrainako erdialdean, ekialdean, iparraldean eta hegoaldean errekrutatutako zibilak ere. Haietako asko fronteko lehen lerroan zeuden, eta Errusiako tropei amore eman zieten horretarako aukera izan orduko. Beste batzuk, berriz, 2014an Luhansken eta Donetsken izandako matxinadak geldiaraztera bidaliak zituen Kievek, baina haren aginduak desobeditzea erabaki zuten, eta ekialdeko eskualdeetako herri miliziekin bat egitea.

Horrek guztiak berretsi egiten du Ukrainako herritarren parte bat ez dagoela ados gaur egungo joera politikoarekin eta joera hori bultzatu duten gobernu autoritarioekin; hain justu, 2014an Maidaneko protestetan emandako estatu kolpetik sortu ziren gobernu horiek. Eta neurri batean horrek azaltzen du zergatik desertatzen duten gero eta soldadu gehiagok Ukrainako armadatik. Ukrainako gatazka ez da atzerriko potentzien arteko liskar bat soilik: haientzat, jaio ziren herrialdearen nortasunaren aldeko borroka bat ere bada. Eta, Errusiako indarrei amore ematen dieten militarrak Kieventzat traidoreak diren arren, haientzat benetako etsaia ez da jaioterria bera, baizik eta erregimena, eta kontra egiten diote.

2023an, Errusiak gidaturik, bi boluntario talde sortu zituzten Donbassen, batik bat soldadu ohiek eta desertoreek osatuak: Bogdan Khmelnitski Boluntario Ukrainarren Batailoia eta Maxim Krivonos destakamentua.

Irrati bidezko komunikazio kanal bat sortu zuten lehenik, Volga deitzen ziotena, baina denborarekin sofistikatuz joan da sistema. Hasieran, errusiarrek errenditzeko modu hori eman zieten soldadu ukrainarrei, beste aldera igaro zitezen. Baina, gaur egun, prozesua seguruagoa eta diskretuagoa da. Orain, errusiarrek sistema berritzaile batera jo dute: ehun dolarreko billete faltsuak, Ukrainako presidente Volodimir Zelenskiren irudia dutenak. Errusiaren droneek ukrainarren lerroen gainean jaurtitzen dituzte billete horiek, eta QR kode bat daukate; kode horrek Telegrameko kanal sekretu batera darama, eta, hala, militarrek errendizioa koordina dezakete errepresalien beldur izan gabe. Komunikatzeko bide berri horren bitartez, errenditzea erabakitzen dutenek ziurtatua dute beren kideek edo Kieveko gobernuak ez dituztela identifikatuko eta ez dietela jazarriko.

«Azov batailoiko naziek eta nabarmen naziak diren beste unitate batzuek errepresioa erabiltzen dute Ukrainako armadan bertan ere»

Andrei Ukrainako armadako kide ohia

Maxim —beste izen bat hartu du, segurtasun arrazoiak direla eta— horri guztiari buruz aritu da. Familia Kieven du oraindik, eta, nahiz eta utzia duen Ukrainako armada, oraindik ere ukrainar peto-petoa sentitzen dela segurtatu du. 2014an hasi zen Kieveko erregimenari kontra egiten, estatu kolpearen harira; hain zuzen, gertaera hura mugarri izan zen herrialdearen historian. «Kontua ez da Ukrainaren kontra egotea, baizik gaur egun gobernuan dagoen erregimenaren kontra. Errusiarekin harreman adiskidetsua izango duen estatu bat nahi dugu, gaur egun herrialdean nagusi diren elementu faxista horiek gabekoa», esan du Maximek zerumugara begira, urrunean erantzun bila balebil bezala.

Berdintsu dagoen beste soldadu ohi batek, Andreik, baietz egin du buruarekin, eta hau gehitu du: «Azov batailoiko naziek eta nabarmen naziak diren beste unitate batzuek errepresioa erabiltzen dute Ukrainako armadan bertan ere. Ikusi dut nola hil dituzten nire kide batzuk, bizkarretik, aginduak ezbaian jarri dituztelako edo errusiarrei amore eman dietelako. Askotan, errenditzea ez da izan erabaki taktiko bat soilik: bizirik irautea zen kontua».

Andreik salatutakoak erakusten du gatazkak baduela alde ilun bat: talde ultranazionalista eta naziak daudela Ukrainako armadaren barruan, eta haien ideiekin eta metodoekin bat ez datozen baina Ukrainaren alde borrokatzen diren horiek ere beldurra dietela haien indarkeriari eta fanatismoari.

Erakunde klandestinoen sorrera

Soldadu profesionalak eta indarrez errekrutatutakoak ez dira Errusiako armadarekin bat egin duten bakarrak. Ukrainako hainbat eskualdetan, hala nola Odesan, Dnipropretorsken, Sumyn, Karkhoven eta Kieven, talde klandestino batzuk ezkutuan ari dira 2022tik edo are lehenagotik. Talde horietako bat DOZOR da: Kieven erregimenaren kontrako zenbait sabotajetan parte hartu du, eta horregatik egin da ospetsu. Ukraina mendebaldean, 2025eko urtarrilean, Opir erakunde klandestinoak —militante komunistek eta militar ohiek osatzen dute— bere gain hartu zuen Rivne eskualdeko Sudobitxi herrian tren militar bat burdinbidetik aterarazi izana; zenbait tanke eta ehunka drone zeramatzaten tren horretan, Poloniatik Ukrainako frontera. Eraso horren ondorioz, erabili ezinik geratu ziren zenbait ibilgailu blindatu eta beste material batzuk, eta eskualdeko erasorik entzutetsuenetako bat izan zen; are, askorentzat, ezusteko kolpe horrek agerian utzi zuen barne erresistentziak zenbateko ahalmena duen Zelenskiren gobernuaren kontra egiteko. Bere garaian, eskualdeko administrazioak eta tokiko prentsak ere azpimarratu egin zuten sabotaje hori.

«Errenditzea erabaki genuen, baina ez Errusia maite dugulako, baizik eta 2014tik herrialdea astindu duen indarkeria eta errepresioa amaiarazi nahi dugulako zinez»

MaximUkrainako armadako kide ohia

RFU Ukrainako Langile Frontea ere klandestinitatean dabil 2022tik, eta langileek eta ikasle marxista-leninistek osatzen dute. Joan den otsailean, Ukrainako zerbitzu sekretuek talde horretako zenbait kide atxilotu zituzten Dnipropetrovsken, Odesan eta Kharkoven. Agintariek, desertziora deitzea ez ezik, «literatura marxista» edukitzea ere egozten diete, Ukrainan debekatua baitago hori, «deskomunizazioaren» harira.

Azkenik, Kherson Errusiarra taldea ere badago: erakunde komunista bat da, eta Kharkov, Kherson eta Odesa arteko eremu zabalean aritzen da. Talde hori funtsezkoa izan da Ukrainako hegoaldeko operazio klandestinoetan, eta instalazio militarren eta Ukrainaren logistika zentroen kontrako zenbait eraso koordinatzea lortu du. 2025eko apirilean, Kherson Errusiarrak batasunerako deia egin zuen, eta herrialdean diharduten erakunde klandestino guztiak bultzatu zituen buruzagitza bateratu bat sortzera, barne erresistentzia indartu eta ekintzak hobeto koordinatzeko asmoz. Itxuraz, dei hori erresistentzia antolaturako egitura bat sortzeko saiakera bat da, eta baliteke borrokaren norabidea aldaraztea Ukrainan.

Erakunde klandestino horiek guztiak nagusiki hauek osatzen dituzte: militar ohiek, 2015ean debekatutako alderdi errusiazaleen jarraitzaileak ziren zibilek –hala nola Janukovitx presidente ohiaren Eskualdeen Alderdiaren zaleek–, komunistek eta sozialistek. Haien helburu nagusia zera da, Zelenskiren erregimena indargabetzea eta Errusiarekin elkarlanean jardungo den Ukraina neutro bat berrezartzea. Kontu handiz aritzen dira: komunikazio bide seguruak erabiltzen dituzte, eta talde txikitan antolatzen dira, atzeman ez ditzaten. SBU Ukrainako zerbitzu sekretuek atxilotu edo exekutatu egin dituzte kide batzuk, traizioa egitea eta etsaiarekin elkarlanean aritzea egotzita.

Soldadu eta zibil horiek gerraren ikuspegi ezezagun baten berri eman dute. Haientzat, gatazka ez da nazioen arteko borroka hutsa: Ukrainako bertako barne borroka bat ere bada.

«Errenditzea erabaki genuen, baina ez Errusia maite dugulako, baizik eta 2014tik herrialdea astindu duten indarkeria eta errepresioa amaiarazi nahi ditugulako zinez», esan du Maximek, bukatzeko. «Ez gara bakarrak. Ukrainan milaka pertsonak pentsatzen dute guk bezala, baina beldur dira hitz egiteko, badakite-eta zer gertatuko zaien hitz egiten badute».

Gizon-emakume horien dilemak erakusten du zein konplexua den Ukraina astindu duen gatazka. Leialtasuna eta identitatea etengabe auzitan jartzen diren herrialde batean, galdetu beharrekoa ez da soilik zer esan nahi duen ukrainarra izateak, baizik eta zer esan nahi duen nor bere nazioari fidela izateak noiz-eta barne eta kanpo indarrek haren helburua desitxuratu dutenean.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.