Irandar ia-ia gehienek ez dakite nolakoa den Mojtaba Khamenei beren lider goren berriaren ahotsa. Ia 30 urte daramatza 1979tik —iraultza islamikotik— herrialdea gobernatzen duen klerikoen sistemako kide izaten, baina ez du hitza hartu izan jendaurreko agerraldietan, eta ez du elkarrizketarik eman. Egitura horren kontrako irandarrek badakite nor den, ordea: azken hogei urteotan egindako mobilizazioetan haren kontrako leloak erakutsi izan dituzte, errepresio aparatuaren erantzuleetako bat dela iruditzen baitzaie.
AEBek eta Israelek herrialdearen aurka otsailaren 28an egindako aire erasoetako batean hil zuten haren aita Ali Khamenei —1989tik Irango lider gorena, Ruhola Khomeiniren ondorengoa—, eta haren tokia hartu du, Irango Adituen Asanbleak —88 klerikoz osatutako organo bat da— atzo hala erabakita. Aire eraso horrek, besteak beste, Mojtaba Khameneiren ama, emaztea eta arrebetako bat ere hil zituen. Orduan, horiek kontuan hartuta, nekez izango da Donald Trump AEBetako presidentearen txotxongilo bat.
Irango establishment-eko pertsona bat da. Hori bai, aita ez bezala, ez da aiatola bat; hau da, hierarkia erlijiosoari erreparatuta, ez da maila goreneko kleriko bat, hojatoleslam bat baizik, aiatola baino maila bat beheragokoa. Hori aintzat hartuta, Mojtaba Khamenei hautatzeak eztabaida eragin du Iranen, nazioarteko hainbat hedabidek kaleratu dutenez.Â
Hango komunikabideek nabarmendu dute, esaterako, artean adingabea zela, 17 urte ingururekin, Iranek Iraken aurka edukitako gerran (1980-1988) parte hartu zuela. Egitura militarretatik atera, eta 1999an, 30 urterekin, ikasketa erlijiosoei heldu zien berriro: Qom hirira joan zen, non xiiten zentro inportante bat dagoen. Ordura arte ez zen klerikoak bezala janzten.
Eta urte batzuk geroago haren izena ezaguna egiten hasi zen. 2005eko presidentetzarako bozetan, Mehdi Karrubi hautagai erreformistak egotzi zion Guardia Iraultzailearen bidez Mahmud Ahmadineyaden alde egiten ahalegintzea. Lau urte geroago, berriro Ahmadineyad nagusitu zenean, protestak hasi ziren herrialdean —40 bat hildako eta 4.000 atxilotu baino gehiago—, eta manifestari batzuek oihuka eskatu zuten Mojtaba Khameneik inoiz ez zezala haren aita ordezkatu. 2022ko udazkenean ere, Mahsa Aminiren heriotzaren ondorengo protestetan, jopuntuan jarri zuten.
Mendebaldeak ezarritako zigor ekonomikoen pean dago, eta AEBetako iturri diplomatikoek 2000ko hamarkadaren amaieran esaten zutenez —Wikileaksek filtratu zituen informazio horiek—, «tunikaren atzean» zegoen boterea ordezkatzen zuen Mojtaba Khameneik.