Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak herenegun iragarri zuen bertan behera utzi duela Alderdi Errepublikanoaren konbentzioa. Berez, abuztuaren 25etik 27ra zen egitekoa, Jacksonvillen (Florida); koronabirusaren pandemiak gogorren jo duen eremuetako bat da hori, eta, hain zuzen, krisi sanitarioak behartu du Trump erabaki hori hartzera.
«Ez da garai egokia konbentzio handi bat egiteko», adierazi zuen AEBetako presidenteak, herenegun eginiko prentsaurrekoan. Zehaztu zuenez, eutsi egingo diote hilaren 24an alderdiko ordezkariak Charlotten (Ipar Carolina) egitekoak diren bilerari, eta, ofizialki, hor izendatuko dute Trump hauteskundeetarako errepublikanoen hautagai; azaroaren 3an egingo dituzte presidentetzarako bozak.
Hasieran, ekitaldi osoa Charlotten egitea zegoen aurreikusita, baina, hango agintariek edukiera mugatuko zutela jakinarazi ostean, Floridara aldatzea erabaki zuen AEBetako presidenteak. Asmoa zen 15.000 pertsona biltzea aire zabaleko estadio batean, Trumpen onarpen diskurtsoa eta beste zenbait ekitaldi politiko egiteko. «Estatubatuarrak babestu behar ditut», adierazi zuen errepublikanoen agintariak.
Egunotan, pandemiaren inguruko diskurtsoa moldatu du Trumpek, eta herritarrei maskarak erabiltzeko deia egin die; baita jendea ez pilatzeko eskatu ere. Presidenteak kritikak jaso ditu pandemiaren kudeaketaren harira, eta, bozen atarian, estrategia aldatu du.
Jendaurrean egitekoak ziren ekintza politikoak bertan behera utzi arren, Trumpek adierazi zuen eutsi egingo diola onarpen diskurtsoari.
Errepublikanoen konbentzioa bertan behera utzi du Trumpek
Abuztuan zen egitekoa, baina pandemiak erabaki hori hartzera behartu du AEBetako presidentea. Hautagaia izendatzeko bilerari eutsi egingo dio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu