AEB-etako hauteskundeak

Errepublikanoen presidentegai izendatu dute Trump

Errepublikanoek pandemia eta haren ondorioak gutxiestea egotzi diete demokratei eta komunikabideei, eta nabarmendu dute Trumpen neurriak «erabakigarriak» izan direla koronabirusaren aurka.

Donald Trump bart Charlotten, Ipar Carolinan, errepublikanoen batzarrean. DAVID T. FOSTER III. EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko abuztuaren 25a
09:48
Entzun

Ez dute denborarik galdu Alderdi Errepublikanoko kideek, eta lehen egunean izendatu dute Donald Trump presidentegai. Estatuburua bera Charlotten, Ipar Carolinan, izan da bart, hautagaitza onartzeko. Hitzaldian gogor jo du Joe Biden hautagai demokrataren aurka, eta ohartarazi du «erokeria» izango litzatekeela —hark dioen moduan— herrialdea ixtea pandemiak okerrera egingo balu. «Gure merkatua inoizko igoerarik handiena izaten ari da, baina Joek amaitu egingo luke hori. Zorakeria da».

Jarduneko presidentearekin batera koronabirusa izan da gaueko protagonista. Izan ere, pandemiak gogor jo du AEBetan, eta hura da egun kasu gehien dituen herrialdea —5,7 milioi kasu eta 176.000 hildakotik gora—. Egoerak kalte egin dio buruzagi errepublikanoari, besteak beste, lehen kasuak agertu zirenean izandako jarrera epelarengatik. Batzarrean, ordea, irudi hori aldatzeko ahalegin berezia egin dute alderdikideek, eta nabarmendu demokratak eta komunikabideak izan zirela pandemia gutxietsi zutenak, eta egoera okerragoa ez bada Trumpi esker dela.

Ohartarazi dute, halaber, agintean demokratak baleude gizartea «mendeku bila doazen gaizkile taldeen menpe» egongo litzatekeela. Estatuburuaren semearen esanetan, presidenteak «berehala» hartu zituen neurriak arnasketa aparatuak erietxeetara irits zitezen. Trump gazteak onartu du «asko» dagoela egiteko, baina nabarmendu argia ikusten hasia dela tunelaren amaieran. 

Estatuburuaren senideek ez ezik, haren politikekin bat datozen hainbat ordezkari errepublikanok nahiz demokratek ere hartu dute hitza. Besteak beste, Mark and Patricia McCloskey-k, afro-amerikarren protesta baketsu bati armak eskuetan aurre egin zien bikoteak, eta ohartarazi demokraten asmoa dela «hiriak suntsitzen laguntzea liskarrak eragiten dituztenei».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.