'Brexit'-a

Erresuma Batuak 'brexit'-a eteteko eskubidea du, EBko Justizia Auzitegiak ebatzi duenez

Epaiak brexit prozesua aldebakarreko erabakiz eteteko ahalmena aitortu dio Erresuma Batuari. Adierazi duenez, ez du EBko gainerako kideen adostasuna behar prozesua bertan behera uzteko.

'Brexit'-ari  buruzko arte instalazio bat, Londresko Park Lane-en. ANDY RAIN, EFE
2018ko abenduaren 10a
07:31
Entzun 00:00:0000:00:00

Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak ebatzi duenez, Erresuma Batuak eskubidea du brexit-a bertan behera uzteko, aldebakarreko erabakiz. Horixe erantzun dio auzitegiak Eskoziako parlamentari talde batek eginiko kontsultari. Galdea urgentziaz erantzun behar izan du EBko Justiziak, Erresuma Batuak EB utzi aurretik. 2019ko martxoaren 29rako dago ezarrita Erresuma Batuaren irteera eguna.

Auzitegiaren erabakia ez dator bat Europako Batasuneko agintariek defendatu duten jarrerarekin. Izan ere, Erresuma Batuak atzera egin nahi izatekotan, derrigorrezkotzat jo dute hark EBko gainerako 27 kideen adostasuna lortzea. Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak, berriz, auzia ez aztertzeko eskatu zion EBko Justizia Auzitegiari, eta ziurtatu du ez duela aintzat hartuko brexit-a bertan behera uzteko inolako aukerarik.

Joan den asteartean, EBko Justizia Auzitegiko abokatu nagusi Manuel Camposek adierazi zuen estatu kide batek eskubidea duela EB uzteko aukerari buruz iritzia aldatzeko. Camposek argitu du Erresuma Batuak EBtik irteteko "asmoa" agertu duela, baina ez duela oraindik halako erabakirik hartu. Gogorarazi duenez, brexit-ari buruzko akordioak Erresuma Batuko gobernuaren eta EBko kideen oniritzia du, baina parlamentuek ez dute oraindik hura onartu.

Erresuma Batuko Komunen Ganberak bihar bozkatu behar zuen akordioa, baina Mayk bozketa atzeratzea erabaki du, gaur, gobernuko kideekin egin duen bileran.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.