Heldu da Erresuma Batuko Parlamentura transen eskubideei dagokienez atzerapausoa ekar lezakeen dokumentua. Herrialde hartako Berdintasun eta Giza Eskubideen Batzordeak bart aurkeztu du Berdintasun Legea nola aplikatu beharko litzatekeen zehazten duen jokabideen kodearen zirriborroa, eta, hortaz, hasi da testua berresteko berrogei eguneko epea —formalismo bat da, eta, parlamentari batek mozio bat aurkeztu ezean, epe hori amaitu bezain laster erregelamendu xedapen bat emango du Bridget Phillipson Emakumeen eta Berdintasun Ministerioko buruak—. Onartuko balute, transek beren «sexu biologikoari» dagokien eremuetara joan beharko lukete sexuaren arabera bereizten diren lekuetan; erabakiak komunei, aldagelei, elkarteei, mediku kontsultei, kirolari eta besteri eragingo lieke. Gida baztertzailea dela salatu dute transen aldeko elkarteek.
Mary-Ann Stephenson Berdintasun eta Giza Eskubideen Batzordeko zuzendariaren arabera, asmoa izan da Berdintasun Legea ezartzeko gida «zehatz» eta «inpartziala» osatzea, atzo kaleratutako ohar batean adierazi zuenez: «Ez dugu erabaki legeak zer izan beharko lukeen; parlamentuak erabakitzen du hori. Auzitegi Gorenak argitu egin zuen zer zen». 340 orriko kodearekin batera kaleratu duen oharrean, batzordeak ohartarazi du balitekeela legearen aplikazioak ondorio «negatiboak» ekartzea transei, nahiz eta nabarmendu «hirugarren espazioek» edo mistoek eskaintzen dutela konponbide moduko bat.
Gorenak iazko apirilean ebatzi zuen lege horretan emakume eta gizon hitzek «sexu biologikoa» dutela oinarri. Jarraian hasi zen jokabideen kodea berrikusteko eta moldatzeko prozedura, eta, berez aste gutxi batzuetako kontua izanagatik ere, azkenean urtebete pasatxo iraun du gida aztertzeko epeak. Phillipson Emakumeen eta Berdintasun ministroak duela hilabete jakinarazi zuen, ohar bidez, Berdintasun eta Giza Eskubideen Batzordeak ondutako kodea jaso zuela, batzorde horrek «azterketa juridiko zabala» egin ostean; izan ere, transen aldeko zenbait taldek iaz ohartarazi zuten ebazpena legez kanpokoa zela, eta, legezkoa izan arren, bateraezina izango litzatekeela Europako Giza Eskubideen Hitzarmenarekin.
Stephensonek nabarmendu du epaileek iaz emandako ebazpena «oso argia» dela, eta «sexu biologikoaren» arabera bereizi behar dela jendea zer eremutara doan; irizten dio «zentzuz» jokatu behar dela auzi horretan. Batzordeak iradoki du kasu bakan batzuetan bidezkoa dela sexuari buruz galdetzea, betiere «pribatutasuna errespetatuz».
Press Association albiste agentziarekin hizketan, Stephensonek erantsi zuen badela «obsesio bat» komunen auzian. Gidaren arabera, emakume trans bat berez ezingo litzateke emakumeen komunera joan, ezta gizon trans bat gizonenera ere. Batzordeak argudiatu du komun mistorik balego hori konponbidea izango litzatekeela baina halakorik ez balego, egoera hori, zeinean trans batek ez duen modurik inora joateko, «oso ziurrenik» ez litzatekeela «bidezkoa» izango.
Eskozian hasi zen
Tirabira judiziala For Women Scotland emakumeen taldearen eta Eskoziako Gobernuaren artean hasi zen, duela zortzi urte, gobernuak onartutako lege baten harira —haren helburua berdintasun kuotak ezartzea zen: kargu exekutiboetan izan ezik, erakunde publikoetako langileen erdiak emakumeak izatea, izan zis edo trans—. For Women Scotlandek txalotu egin du Berdintasun eta Giza Eskubideen Batzordeak parlamentuari aurkeztutako gida: «Berebiziko mugarria da emakumeon eskubideak babestuta daudela bermatzeko».
Helegiteak tarteko, Gorenera heldu zen auzibidea, eta, iazko ebazpenean, epaileen argudioetako bat izan zen sexu, emakume eta gizon hitzak biologian oinarritu direla beti diskriminazioari buruzko legerian. Eskoziako Gobernuak 2018an onartutako lege horrek, hortaz, herrialde ia guztiari eragin dio azkenerako, Berdintasun Legean sexuari buruzko interpretazioa aldatzea eragin duelako.
Berdintasun eta Giza Eskubideen Batzordea arduratzen da lege hori ikuskatzeaz Eskozian, Galesen eta Ingalaterran. Jokabide kodeak osatzen ditu, auzitegiek eta epaileek kontuan har ditzaten. Hiru kode sorta daude: enpleguari buruzkoa; soldata parekideari buruzkoa; eta zerbitzuei, funtzio publikoei eta elkarteei buruzkoa —ebazpenak azken kode hori moldatzea ekarri du—.
Gorenaren arabera, transek beren «sexu biologikoaren» araberako sexu diskriminazioa alega dezakete soilik, eta ez aitortutakoaren araberakoa. Horrek ez du esan nahi ezin dezaketenik bereizkeria salatu: Berdintasun Legeak zenbait ezaugarri babesten ditu, eta transa izateagatik jasandako diskriminazioa generoa aldatzean jasotakoari dagokio, hain zuzen.