Iraken hildako 48 soldaduri egindako omenaldian egin zituen adierazpenak atzo Cheneyk, Cam Lejeunen (Ipar Carolina). Presidenteordearen hitzetan, jada erabaki bat hartu dute: «Gure lagunekin egongo gara eta etsaia suntsituko dugu».Irakeko okupazioaren aurkako oihuak geroz eta ozenagoak diren arren, badirudi presidenteak ez entzunarena egiten duela horien aurrean. Iraki buruz hitz egiten duen bakoitzean, erretiratzeko aukera baztertu egiten baitu. Bushek, ildo horretan, beste agerraldi bat egiteko asmoa du bihar. Irakeko gatazka eta terrorismoa-ren aurkako gerra eta izango ditu hizpide, besteak beste.
'Ibaiaren ahoa' operazioa
Bitartean, marine estatubatuarrek operazio berri bati ekin zioten, atzo. Eufrates ibairen ingurura zabaldu zuten erasoa 2.500 soldadurekin. Aginte estatubatuarraren oharrak zioenez, helburu nagusia, Haditha hirian eta Haklania eta Baruana herrietan Al Kaedaren ekintzak geldiaraztea da. Ibaiaren ahoa izena jarri diote operazio berriari «hiritarrak terroristen eskuetatik askatzea» da beren asmoa. Eufrates inguruko bailarako hiritarrek adierazi zutenez, ekintzaileek kontrolpean dute eremua eta lege islamiarren ohiturak zein talibanen bizimodua inposatu dituzte. Operazio berriak jarraipena ematen dio joan den larunbatean, Burdinazko ukabila izenarekin Siriako mugatik gertu abiatu zutenari. AEBetako ofizial baten arabera, gutxienez 33 ekintzaile hil dituzte oraino operazio horretan.
Ramadan hilabetean erasoak indartzeko deia egin zien bere jarraitzaileei, bestalde, Al Kaedak. Era berean, urriaren 15ean egingo den konstituzioari buruzko erreferenduma boikotatzera deitu zituen web orri batean agertutako ohar batean.Ramadan hilabetea atzo hasi zen sunitentzat eta gutxienez hamaika pertsona hil ziren erasoetan. Bagdadeko gune berdean, esaterako, suizida batek bonba-auto bat leherrarazi eta hiru lagun hil ziren: bi agente irakiar eta zibil bat. Bagdad hegoaldean, bestetik, bi soldadu irakiar hil ziren tiroketa batean. Bagdaden bertan, beste sei pertsona hil ziren. Familia bereko hiru kide hil zituzten tiroz. Dendari bat ere tirokatu zuen goizaldean ezezagun batek. Identifikatu gabeko beste lagun bat ere hil zuten hirian eta udaletxeko zinegotzi bat hil zen bere ibilgailuaren aurka eraso egitean. Bestalde, epaitegi batek 28 lagun zigortu zituen «ekintza terroristak» burutu nahi izategatik.
ERREFERENDUMA
NBEk xiitek proposatutako zenbaketa sistema salatu du
Irakeko Konstituzioaren gaineko erreferendumerako hamar egun geratzen dira datorren urriaren 15ean izango da galdeketa. NBE Nazio Batuen Erakundea Konstituzioaren zirriborroa banatzen hasi zen atzo. Bost milioi kopia banatuko dituzte guztira. Dagoeneko baina bi milioi ale inguru herrialdearen hegoaldean banatu dituzte. Xiiak dira nagusi hegoaldeko eskualdeetan eta bertan itun berria babesten dute gehienek. Konstituzio berriak kurduen babesa ere badu. Sunitak, aldiz, aurka daude. Xiitek eta kurduek testua onartzeko proposatutako zenbaketa sistema salatu zuen atzo NBEk. Zenbaketa hautesle kopuruaren eta ez boto emaileen arabera egitea proposatu zuten herenegun.