Erretreten erreforma behin-behinean baliogabetzea proposatu du Lecornuk, gobernua salbatzeko

2028ra arte geratuko litzateke bertan behera. LFIren eta RNren zentsura mozioak ostegunean dira bozkatzekoak.

Lecornu gobernu programa aurkezten, gaur, Frantziako Asanblean. TERESA SUAREZ / EFE
Lecornu gobernu programa aurkezten, gaur, Frantziako Asanblean. TERESA SUAREZ / EFE
Julen Otaegi Leonet - Igor Susaeta
2025eko urriaren 14a
11:42
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azkenean, Sebastien Lecornu Frantziako lehen ministroak kontzesioak egin behar izan ditu gobernua salbatzen saiatzeko, gobernua gutxiengoan baitago. PS Frantziako Alderdi Sozialistak, zentsura mozioa aurkeztuko duela mehatxu egitearekin batera, lehen ministroari galdegin izan dio bertan behera utz dezala 2023an Emmanuel Macron presidenteak dekretuz onartutako erretreten erreforma. Bada, Lecornuk amore eman du: proposatu du behin-behinean baliogabetzea, 2028ra arte. 

Asanblea Nazionalean egin du iragarpena, gaur, eta zenbait diputatu sozialista txaloka hasi dira. Oliver Faure PSko buruak ordu batzuk geroago esan du ez dutela Lecornuren kontrako zentsura mozioa babestuko, eta alderdiko diputatuei eskatu zien alderdi barruko bozketan hartutako erabakia errespetatzeko.

Erabakiak eragotzi egingo du progresiboki erretiroa hartzeko adina 62 urtetik 64 urtera gibelatzea, baita kotizatu beharreko denbora luzatzea ere. Lecornuren arabera, neurri hori «400 milioi euro» kostatuko da datorren urtean, eta «1.800 milioi euro» hurrengoan: «Aurrezkiekin konpentsatu beharko dugu». Erantsi du, ordea, gobernua prest dagoela erretreten erreformari buruzko «beste» eztabaida baterako: eragile sozialekin batera, konferentzia baterako deia egin du, azken erabakia diputatuen esku egongo den arren.

Gobernu programa aurkeztu du gaur diputatuen aurrean; besteak beste, 2026rako aurrekontu planaren berri ere eman du. Lecornu iragan ostiralean izendatu zuen Macronek, bigarren aldiz, eta, lehendabiziko zeregin gisa, proposamen horrek bidea egitea du «misio» gobernuak; hots, «hiru hilabeteren buruan Frantziarentzat aurrekontu serioak eta fidagarriak lortzea», lehen ministroak nabarmendu duenez.

Lecornuk badaki Asanblea Nazionala atomizatuta dagoela, baina oposizioari eskatu dio ez egiteko gobernuaren kontra: «Zatikatuta dagoen legebiltzar batean, gobernuak ezin du oposizioa kontuan izan gabe jardun». Hortaz, lehen ministroaren ustetan, «dagoeneko ez dago zentsura moziorako aitzakiarik». Hitzeman du konstituzioko 49.3 artikulua aplikatu gabe hitzartuko dituztela aurrekontuak: «Gobernuak proposatu egingo du, eztabaidatu egingo dugu, eta, ondoren, bozkatuko duzue». Are, «legea hemen [Asanblea Nazionalean] egingo da, ez Ekonomia Ministerioan».

Zentsura mozioak, etzi

Etzi zentsura mozioei aurre egitekoa da Lecornu: PSren babesa behar du karguan segitzeko, eta hura konbentzitu beharko du datorren urterako aurrekontuak onartzen ahalegintzeko. Boris Vallaud legebiltzarreko talde sozialistaren presidenteak ez du argitu alde edo kontra bozkatuko dutenik, baina aurrekontu «justuak» lortzeko «arriskatzeko prest» dagoela ziurtatu du: «Hauteskundeak galtzen dituzue, gobernatu egiten duzue; zentsuratu egiten zaituztete, gobernatzen duzue; ez dira zuetaz fio, gobernatzen duzue; dimititu egiten duzu, eta berriro gobernatzen duzu. Bada garaia hau guztia amaitzeko». Datorren urterako aurrekontuen proposamena kritikatu du: «Zuzenketak aurkezteko modukoa da, eta aurkeztuko ditugu, gero». Irizten dio, ordea, erretreten erreforma bertan behera uztea «lorpena» dela, aldi baterako bada ere; hala esan du legebiltzarrean. Frantziako hedabideek asanbleako iturriak aipatuz kaleratu dutenez, sozialistek ez dute mozioaren alde bozkatuko.

LFI Frantzia Intsumisoa ezkerreko taldeak eta RN Batasun Nazionala eskuin muturrekoak erregistratu dituzte etzi bozkatzekoak diren mozioak. Mathilde Panot Frantzia Intsumisoaren talde parlamentarioko presidenteak Asanblea Nazionalean hitz egin du, eta Lecornuri esan dio ez dutela gobernua «erreskatatzeko» asmorik: «Ironikoa da zuk arduraz, engaiamenduaz eta orekaz hitz egitea. Ardura zer izango, eta arnasa ematea hautetsontzietan porrot egin zuen politika hari; alde horretatik, arrazoia duzu: ez dago erregimen autoritario bat baino ezer egonkorragorik». Bestalde, Sebastien Chenu RNren talde parlamentarioko buruak esan du Lecornuk zentsura mozioa «merezi» duela.

Ez dirudi LR Errepublikanoak alderdi kontserbadoreak alde bozkatuko duenik —macronismoaren aliatu izan da azken legegintzaldian—, ez behintzat aintzat hartuz gero François-Xavier Bellamy alderdiaren presidenteordeak zer esan dion Franceinfo hedabideari: «Guk ez dugu besterik gabe zentsuratzen». Asanblea Nazionaleko bilkuran, Laurent Wauquiez haren alderdikideak esan du herrialdeak «gutxiengo egonkortasuna, gobernu bat eta aurrekontuak» behar dituela, eta hori izango dela «lehentasuna».

Defizitaren erronka

Aurreikusten da Frantziak %5,4ko defizit publikoarekin bukatuko duela urtea —EB Europako Batasunak eskatzen die estatu kideei hori norberaren barne produktu gordinaren %3tik beherakoa izatea—. Lecornuren asmoa da 2026rako %4,7ra murriztea. Horretarako, La Tribune egunkari ekonomikoak atzo kaleratu zuenez, planteatzen du 31.000 milioi euroren murrizketak egitea. Lehen ministroak, bere lehen agintaldian, irail amaieran, zera esan zion Le Parisien egunkariari: «Proposamena eskuan, zerga batzuk igo egingo dira, eta beste batzuk, aldiz, jaitsi».

François Bayrou Matignongo aurreko maizterrak uztailean egindako planteamenduarekin alderatuta, badira aldeak. Bayrouk, gastuak murrizteko eta diru sarrerak handitzeko helburuz, zera proposatu zuen: urtero 43.000 milioi euro inguru apaltzea aurrekontua datozen lau urteetan. Kontuan hartu behar da Frantziak zor publiko handia duela: 2025eko lehen hiruhilekoaren amaieran 3,35 bilioi eurokoa zen, barne produktu gordinaren %114,1ekoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.