Italiako 126 herri eta hiritako udalak berritu dituzte; tartean, Erroma, Milan, Turin, Bologna eta Napolikoak. Virginia Raggi izango da Erromako lehen alkate emakumezkoa; 37 urteko abokatuak hiru bototik bi eskuratu ditu —%67,2—. Roberto Giaccheti PDko hautagaiak, berriz, %32 boto lortu ditu. "Erromako herritarrek irabazi dute. Erromatar guztiei eskertu nahi diet datozen bost urteetan egingo dudan zeregin hau eman izana".
Hauteskundeak kolpea izan dira Matteo Renzi Italiako lehen ministroaren PD Alderdi Demokratarentzat. Espero zitekeen Erromako porrota, baina ez Turingoa, ezkerrak irabazi ohi baitu bertan. Erroman gertatu bezala, M5S Mugimenduarentzat izan da alkatetza; Chiara Appendinok %54,6 boto eskuratu ditu, eta Piero Fassino PDko kide historiko eta orain arteko alkateak, berriz, %45,4.
Milango Udalari eutsi dio PDk: Giuseppe Sala botoen %51,7 lortuta nagusitu zaio Stefano Parisi zentroeskuineko hautagaiari.
Azken egunetan, Renzik azpimarratu du hauteskundeak udal ordezkariak aukeratzeko zirela, eta ez Italiako Gobernuaren lanaren balorazio bat. Urrian, ordea, azterketa izango du Renzik: erreforma konstituzionalari buruzko erreferenduma egingo dute orduan, eta Renzik iragarria du dimisioa emango duela herritarrek ez badute erreformaren alde bozkatzen.