Errumaniako Gobernuko hiru ministrok kargua utzi egin dutela adierazi zuen atzo Adrian Nastase lehen ministroak. Hainbat iturriren arabera, kargua uztera behartu dituzte agintariok, prentsan ustelkeria aferetan nahastuta agertu ondoren. Bestalde, asteburuan eginiko erreferenduma ontzat eman du Hauteskunde Batzordeak, parte-hartzeak %50 gainditu ondoren. Errumaniako Konstituzioa Europako Batasuneko legediarekin bateratzearen inguruan iritzia emateko eskatu zieten herritarrei. Ofizialak ez diren datuen arabera, baietza garaile izango da zenbaketa bukatzen denean. Jendea bozkatzera behartu izana leporatu dio oposizioak Gobernuari.
Hildegard Puwak Europan Integratzeko ministroa, Mircea Beuran Osasun arduraduna eta Serban Mihailescu Gobernuaren Koordinazio ministroa dira gobernua utzi dutenak. Europako Batasuna Puwak ikertzen ari da EBko funtsak gaizki erabili ditutuelakoan.
«Hiru ministroon dimisioa onartu dut; ez zioten arazorik sortu Gobernuari», esan zuen Nastasek. «Susmoak garbitzeko dimititu dute, eta Gobernuak gai garrantzitsuez kezkatu beharrean, txikikeriak azaldu behar izatea saihesteko», gaineratu zuen.
%90 baietz
Ofizialak ez diren datuen arabera, botoemaileen %90 inguruk baiezkoa eman diote Konstituzioa aldatzeko proposamenari. Emaitza ofizialak datorren astean emango dituzte ezagutzera.
Edonola ere, Hauteskunde Batzordeak ontzat eman zuen atzo bozketa, parte-hartzea %54,5ekoa izan dela ondorioztatuta. Abstentzio handia espero zuten, eta erreferenduma konfiantza mozio gisa ulertu zuen Gobernuak. Estatu komunista erori ondorengo Konstituzioa ordezkatuko zuena onetsi edo baztertu behar zuten botoemaileek. Indarrean den Lege Nagusian ez da jabego pribatua bermatzen, eta atzerriko hainbat enpresari inbertsioak egitea galarazten zitzaien.
ERRUMANIA . Hiru ministrok kargua utzi dute, ustelkeria salaketengatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu