Zelenski eta Putin hilaren amaieran biltzea proposatu du Ukrainak

Istanbulen bildu dira bi aldeak, eta preso trukea adostu dute, baita batak besteari 6.000 soldaduren gorpuak itzultzea ere. Moskuk bizpahiru eguneko menia proposatu du, gorpuen trukea egiteko.

Kazetariak zain Istanbulen, Errusiako eta Ukrainako ordezkaritzak bilduko diren eraikinaren aurrean. ERDEM SAHIN / EFE
Kazetariak zain Istanbulen, Errusiako eta Ukrainako ordezkaritzak bilduko diren eraikinaren aurrean. ERDEM SAHIN / EFE
Igor Susaeta - Julen Otaegi Leonet
2025eko ekainaren 2a
19:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Turkia bitartekari dela, Ukrainako eta Errusiako ordezkaritzak berriro bildu dira gaur, Istanbulen, duela bi aste pasa ekin zioten aurrez aurreko bake negoziazioei segida emateko. Volodimir Zelenski eta Vladimir Putin Ukrainako eta Errusiako presidenteak ez ziren lehen bilera horretan egon, ezta gaurkoan ere. Bai, ordea, Rustem Umerov Ukrainako Defentsa ministroa: ekainaren amaierarako bi aldeak berriro biltzea proposatu du, eta, gainera, Zelenski eta Putin aurrez aurre biltzea ere bai. «Gure ustez, liderrek bakarrik eztabaidatu ditzakete gakoak, eta, beharbada, beste liderren bat ere egongo da inplikatuta, adibidez, [Donald Trump] AEBetako presidentea», esan du Umerovek bileraren ostean eman duen prentsaurrekoan.

Gobernu bilera baten ostean, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak adierazi du «desira» duela Putin eta Zelenski Istanbulen edo Ankaran biltzeko, eta Trump gonbidatzeko. «Onartuko balute, nik ere nahiko nuke bilera horretan parte hartzea», erantsi du. Bien bitartean, Donald Trump AEBetako presidenteak bai Zelenskirekin, bai Vladimir Putin Errusiako presidentearekin hitz egin du azken asteetan, eta negoziazioak «berehala» hasteko eskatu die.

Duela bi aste mila bana preso trukatzea adostu zuten, eta gaur ere antzeko zerbait erabaki dute: bi aldeek preso gazte eta larriki zauritu «guztiak» trukatzea adostu dute; Errusiako delegazioaren arabera, 1.000-1.200 inguru askatuko ditu herrialde bakoitzak. Zelenskik ere adierazi du, prentsaurreko batean, lehendabizi mila bana askatuko dituztela, eta ondoren beste berrehun askatzea erabaki ahalko dutela. 6.000 soldaduren gorpuak ere itzuliko dizkio batak besteari. Bestalde, Andrii Yermak Zelenskiren kabineteburuaren arabera, «ilegalki deportatutako» adin txikikoen zerrenda bat eman dio Ukrainako delegazioak Errusiakoari, eta horiek itzultzeko eskatu. Vladimir Medinski Errusiako delegazio buruak zehaztu du 339 adin txikiko daudela zerrendan, Tass Errusiako agentziak kaleratu duenez. Agentziak, gainera, esan du duela gutxi 101 adin txikiko itzuli zituela Errusiak; Ukrainak, berriz, hogei.

Errusiak ez onartuagatik, 30 eguneko erabateko tregoa adosten «tematuko» da Ukrainako delegazioa, Umeroven hitzetan, hori baita «soluzio baketsurako» oinarria. Medinskik jakinarazi du bizpahiru eguneko menia proposatu dutela gerra fronteko hainbat gunetarako, hain zuzen, «komandanteek beren soldaduen gorpuak berreskura ditzaten».

Ordubete pasatxo iraun du gaurko bilerak, aurrekoaren ia erdia inguru, eta Kievek Moskuri leporatu dio duela bi aste hartutako konpromisoa ez betetzea; alegia, azaldu du aurreko bileran adostu zutela elkarri aldez aurretik entregatzea bakoitzak auziari konponbidea emateko proposatzen duen bide orria, eta adierazi Moskuk gaur bertan entregatu duela. RIA agentziaren arabera, Errusiak bi aukera jarri ditu mahai gainean su etena adosteko: edo Ukrainak soldaduak erretiratzea Errusiak 2022ko inbasioan okupatutako lau lurraldeetatik —Luhansk, Donetsk, Kherson eta Zaporizhia—, edo baldintza «sorta» bat onartzea.

Dena den, zenbait hedabidek Kremlineko iturriak aipatuz azken egunetan kaleratu dutenez, gatazka konponbidean jartzeko Errusiaren beste baldintza nagusietako bat da NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak dokumentu bat sinatzea, eta hartan ziurtatzea ez dela gehiago hedatuko ekialderantz; alegia, Georgia, Moldavia eta Ukraina ez direla aliantza militar horretako kide bihurtuko.

Aurrera begira, Ukrainak segurtasun bermeak ere galdegin nahi ditu; Errusiak, ordea, uste du balitekeela ukrainarrek indartzeko baliatzea menia hori, azken hilabeteetan atzera egiten ari baitira gerra frontean. Kievek, gainera, ez die uko egin nahi Errusiak azkeneko 11 urteetan Ukrainan okupatutako lurraldeei —Krimea, Luhansk, Donetsk, Kherson eta Zaporizhia—; Errusiak, baina, esan du ez duela alde egingo eskualde horietatik.

Elkarren arteko erasoak

Aintzat hartu behar da, gainera, elkarri eraso egiten segitzen dutela. Errusiak Ukraina hegoaldeko Zaporizhia hiria bonbardatu du gaur goizaldean, eta eraso horretan gutxienez bost pertsona hil, Kieveko iturri ofizialek jakinarazi dutenez. Gainera, ekialdeko Kharkiv eta Sumi eskualdeei ere eraso die Moskuk, droneak baliatuta, eta hainbat pertsona zauritu. Khersonen, hegoaldean, pertsona bat hil du.

(ID_15024035) UKRAINE RUSSIA CONFLICT
Errusiak gaur goizaldean Kharkiven txikitu duen etxeetako bat. SERGEI KOZLOV / EFE

Ukraina ere ari da Errusiari min egiteko ahaleginean. Atzo, droneen bidez eraso zien Errusiak Murmansk eta Irkutsk eskualdeetan dituen base militar batzuei —Kievetik 6.000 kilometro ingurura—, eta gutxi gorabehera berrogei gerra hegazkin jo zituen. Ukrainako iturri militarren esanetan, erasoa «estrategikoa» izan zen, eta 2.000 milioi dolarren kalteak —1.750 milioi euro inguru— eragin dizkio Errusiari; iturri horren beraren arabera, Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearen oniritziarekin egin zuten erasoa.

Eta horren guztiaren harira, NATOko hainbat kidek bilera bat egin dute gaur Vilniusen (Lituania). Horretan parte hartu dute Poloniako, Txekiako, Eslovakiako, Hungariako, Bulgariako, Errumaniako, Danimarkako, Norvegiako, Suediako eta Islandiako ordezkariek, baita Volodimir Zelenskik berak ere.

507

Zenbat kilometro koadro hartu dituen Errusiak Ukrainan maiatzean. Institute for the Study of War AEBetako think tank-ak gaur kaleratutako datuen arabera, Errusiak 507 kilometro koadro hartu zituen maiatzean Ukrainan; apirilean 379, eta martxoan 240.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.