ERRUSIA ETA UKRAINAREN ARTEKO ERREGAI GATAZKA. Europara gas gehiago bidaliko duela hitzeman du Errusiak

Ukrainari eta Moldaviari hornidura guztiz eten die, eta beste herrialde batzuetara ohi baino gas gutxiago iritsi da; Moskuk erregaia lapurtzea egotzi dio Kievi eta Kievek beste herrialdeei horniketa murriztea Moskuri

2006ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Negu betean, Ukrainako eta Moldaviako herritarrei bero eta diru iturri duten gas hornidura eten die Errusiak. Mozketa horrek bi herrialde horiei ez ezik, Europako beste hainbati ere eragin die. Izan ere, Europan kontsumitzen den gasaren %25 Errusiatik dator eta Ukrainatik pasatzen da gasbide nagusia.

Errusiak salneurri ezberdinak ditu, eroslearekiko harreman geografiko eta politikoen arabera. Ukrainak, errepublika sobietar ohia izanik, merke ordaintzen zuen orain arte: 50 dolar 1.000 metro kuboko. Baina, hamabost urte igaro dira independentzia aldarrikatu zuenetik, eta iaztik hoztu egin dira bi herrialdeen arteko harremanak. Iraultza Laranjak gobernu aldaketa eragin zuen eta ordutik presidentetzan den buruzagiak, Viktor Justxenkok, Europako Batasunarekiko eta Estatu Batuekiko harremanak sendotzean jarri zuen lehentasuna. Orain, merkatuko prezioa kobratu nahi dio Moskuk Kievi; hots, orain arte ordaintzen zuena baino bost aldiz gehiago. Justxenkok esan du prest dagoela salneurri hori ordaintzeko, baina ez bat-batean igota, epeka baizik. Igoera negoziatzeko eskatu dio Putini eta bitartean salneurria izozteko. Larunbatean, azken orduko proposamena egin zion Moskuk Kievi: apirilera arte iazko prezioa ordaintzea, eta handik aurrera merkatukoa. Alabaina, Kievek baztertu egin zuen proposamena. Akordiorik ez, eta iturria itxi zion Errusiak, igande goizean, baita Moldaviari ere. Moldaviak, Europako herrialde txiroenetakoak, 80 dolar ordaindu zituen iaz 1.000 metro kuboko; aurten, 160 ordaindu behar ditu. Ukrainak bezala, igoera epeka egiteko eskatu dio Moskuri, baina ezezkoa jaso du. Ukrainaren iturria ixteak ondorioak izan ditu Europan. Austria, Hungaria, Polonia, Eslovakia eta Errumaniak hornidura murrizketa handia izan dute. Moskuk dio gas gutxiago jaso badute Kievek «lapurtu» duelako dela. Kievek akusazioa ukatu du. Dena den, ohartarazi du, tenperatura zero azpitik hiru gradukoa edo hotzagoa bada, Europarako horniduratik zati bat desbideratuko duela beretzat.

«Lapurreta»

Ukrainak egunean 120 milioi metro kubo gas jasotzen ditu berarentzat Errusiatik, eta beste 360 milioi metro kubo Europako beste herrialdeentzat. Moskuk dio Ukrainari bakarrik itxi diola iturria; Ukrainako Naftogaz konpainiaren arabera, aldiz, Europari hornidura murriztu egin dio: egunean 67 milioi metro kubo gutxiago bideratu ditu igandetik.

Hornidura eteteko erabakiak energia krisiaren alarma piztu du nazioartekoan. Europan, gasaren prezioa dagoeneko markak hausten ari da, ia petrolioaren parera iritsi baita, eta krisiak gehiago garestitzeko arriskua dago. Europa mendebaldeko bezeroak lasaitzeko, gaurtik 95 milioi metro koadro gehiago bidaliko zizkiela agindu zien atzo Errusiako Gazprom gas konpainiak. Gazpromeko presidente Aleksandr Medvedevek azaldu zuenez, Europarekin sinatuta dituzten kontratuak betetzea eta krisia eragoztea da helburua. Ukrainaren ustez, aldiz, hornidura handitzeak frogatzen du Moskuk murriztu egin ziela, Kievi lapurreta egozteko. Errusiak G8ren (munduko zazpi herrialde industrializatuenak eta Errusia) txandakako presidentetza du aurten, historian lehen aldiz. Energia ekoizle seguru irudia eman nahi du Errusiak. Alemaniako Ekonomia ministro Michael Glosek erantzukizunez jokatzeko eskatu zion Moskuri. Estatu Batuetako Estatu Departamentuko eledun Sean McCormackek «ezegonkortasuna» sortzea egotzi dio Errusiari: «Halako neurri gogor batek segurtasun eza eragiten du energia sektorean eta energia presio politikoa egiteko erabiltzen den kezka eragiten du». Errusiak helburu politikoak izatea ukatu du. Ukrainaren ustez, aldiz, zigor politiko modura egin du, Kievek NATOrekiko eta Europako Batasunarekiko harremanak indartu dituelako. Bestalde, Moskuri ohartarazi dio garestiago aterako zaiola Itsaso Beltzean duen flota militarraren mantenua, alokairua handituko diolako Sebastopolgo portua (Ukraina) erabiltzeagatik. Europako Batasunak bilera egingo du bihar Bruselan, krisiaren ondorioak aztertzeko.

-

Erregai hornidura



Salneurria: Orain arte Ukrainak 50 dolar ordaintzen zituen 1.000 metro kubo gasengatik; urtea hasi denetik, 230 dolar eskatzen dizkio Errusiak; hots, Europa mendebaldeko gainerako estatuek ordaintzen dutena. Orain arte, egunean 120 milioi metro kubo gas jasotzen zituen Ukrainak.

Salneurri ezberdinak: Bielorrusiari 47 dolar kobratzen dizkio Moskuk, Kaukasoko herrialdeei 110, Baltikokoei 120 eta Europa mendebaldekoei 200dik gora. Hornitzaile nagusia: Errusia munduko gas ekoizle nagusia da. Europako gasaren %25 handik dator; zati handiena, Ukrainatik. Errusiako Gazprom enpresaren arabera, Europara eguneko 360 milioi metro kubo gas bidaltzen jarraitzen du Ukrainatik.

Europako inportatzaile nagusiak: Alemania, Italia eta Frantzia dira Errusiako gasaren inportatzaile nagusiak.

Ondorioak Europan: Hungariak ohiko gas kopurua baino %40 gutxiago jaso du eta petrolioa erabiltzea aholkatu die bezero nagusiei; Poloniak %14 gutxiago; Austriak, Eslovakiak eta Errumaniak heren bat gutxiago; Alemaniak dio krisiak luzaro iraunez gero, arazoak izango dituela; Italiak ahalik eta gas gehiena erostea gomendatu zien enpresa inportatzaileei abenduan. Herritarren beharrak erreserbekin asetuko dituztela diote gobernuek; industriei ezin diete berme bera eman.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.