Errusia, krisi demografikoari aurre egin nahian

Europako beste herrialde batzuek bezala, Eurasiako erraldoiak desorekatuta dauzka jaiotzak, migrazioa eta heriotzak.

Pertsona batzuk Moskuko Plaza Gorrian, abuztuaren 27an MAXIM XIPENKOV / EFE
Pertsona batzuk Moskuko Plaza Gorrian, abuztuaren 27an MAXIM XIPENKOV / EFE
Alex Bustos
2025eko urriaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Errusian, soil-soila da gehienen ustez jarraitu beharreko eredua: lan egin eta familia bat osatu, horixe egin behar da. Mendebaldean baino lehenago hasten dira horretan, ez baita batere arraroa errusiarrak 25 urte bete aurretik ezkontzea, eta estigma handia dute 30 urte betetako ezkongabeek, batik bat emakumeek. Gizartearen presioa gorabehera, Errusiako Gobernua kezkatuta dago jaiotza tasa dela kausa, eta mota guztietako trikimailuen bila dabil oraingo dinamika iraultzeko: izan ere, Errusiak gero eta biztanle gutxiago du. Gaur egun, 146 milioi lagun bizi dira han; 2050erako, 74 eta 112 milioi bitartean izango dira, ordea, dezente gutxiago, Nazio Batuen Erakundeak eta bestek egindako proiekzio batzuen arabera. Seme-alabak izateko zailtasunak, gerra eta migrazioa trabak dira biztanle kopurua handitzeko, nahiz eta Errusiak ezaugarri gisa eduki nahi duen familia tradizionalaren defentsa.

Immigrazioa da dinamika hori aldatzeko modurik eraginkorrenetako bat, baina ez da oso bide erakargarria Moskuren begietan. Sobietar Batasunaren eraginpean egondako herrialdeetakoak dira Errusian bizi diren atzerritar gehienak. Ukrainarrak, armeniarrak, uzbekistandarrak eta tajikistandarrak dira ugarienak: guztira dauden 6,5 milioi migratzaileen %90 dira. Orain, Ukrainako gerra hortxe dutela, Errusiako Gobernuarentzat deserosoa da milioika ukrainar bertan egotea —gerra hasi baino lehen, ia lau milioi ziren—, eta erne zelatatzen ditu, fronteko ukrainarrei begi onez begiratuko dieten beldurrez. Lehorreko eta itsasoko mugetan jarritako kontroletan, ukrainarrei askoz ere galdeketa zorrotzagoak egiten dizkiete beste herrialde batzuetakoei baino. Krimearen anexioaren (2014) eta Ukrainako gerraren (2020) ondorioz, herritar gutxiago joan dira Errusiara Sobietar Batasunaren eraginpeko herrialdeetatik, eta joera hori are nabarmenagoa da Crocus City Hall-eko (2024) atentatuez geroztik.

Eraso «terrorista» hori izan eta gero, Kremlinek gogortu egin zituen migrazio legeak, eta Errusiak erakargarria izateari utzi zion Asia erdialdeko immigranteentzat, hala nola tajikistandarrentzat eta uzbekistandarrentzat. «Bolada batez Moskun lan egiteko asmoa dut, baina herrira itzuliko naiz gero», azaldu du taxilari uzbekistandar batek, Sardorrek. «Garai batean, nire herritar askok hemen bizi nahi zuten luzaro; orain, berriz, askok hilabete batzuk hemen pasatu eta etxera itzuli nahi dute», azaldu du. Hori zergatik gertatzen den galdetzean, deseroso agertu da.

«Garai batean, nire herritar askok hemen bizi nahi zuten luzaro; orain, berriz, askok hilabete batzuk hemen pasatu eta etxera itzuli nahi dute»

SARDOR Taxilari uzbekistandarra

Mosku nolabaiteko adabakia jartzen saiatu da herritar mendebaldarrak erakarriz; horregatik, errusiarren antzeko pentsaera dutenak limurtu nahi izan ditu, gehiago izan daitezen AEBetatik, Kanadatik, Europako Batasunetik eta 47 herrialdeko zerrenda bateko beste herrialde gutxi batzuetatik iritsitakoak. Hala, harremanak estutu nahi izan ditu europar tradizional eta kontserbadoreenekin, eta Errusiara erakarri, hartara jaiotza tasa handitzeko, sinbolikoki bada ere. Gizartearen sektore batzuei ondo iruditzen zaie neurri hori, baina ez da nahikoa gaurko dinamika aldatzeko. Halaxe pentsatzen du Aleksei Rakxa demografo errusiarrak: «Mendebaldeko kontserbadoreentzako propaganda da», zehaztu duenez.

Dinamika aldatu

Presio handia dago seme-alabak izatearen alde, baina guztiek ez dute bat egiten horrekin. Halaxe gertatzen zaio Mikhail-i: Moskukoa da, ez du seme-alabarik izan nahi, eta argi eta garbi esaten du. «Ez dut seme-alabarik izan nahi, ez dut horretarako interesik; jarrera ideologiko bat da», azaldu du. «Errusian, seme-alabarik nahi ez duten gehienek diru sarrera apalak dituzte, eta, hain zuzen, horrexegatik ez dute haurrik nahi», argudiatu du. Batez besteko soldata 600 euroren parekoa da; eskualde batzuetan, 400 euroren parekoa ere bai.

Pentsaera horrek hainbeste kezkatzen ditu Errusiako eliteak, ezen buru-belarri aritu baitira «seme-alabarik ez izateko» ideia sustatzea zigortzeko moduaren bila. Dumak berak lehen pausoak eman ditu halako ideiak zabaltzen dituztenei isunak jartzeko, baita 50.000 euro ingurukoak ere isunik handienak. Neurri horren aldekoek argudiatzen dute mendebaldarren ideiak direla horiek, Errusia ahultzeko erabiliak. Errusia Batua alderdi ofizialistako diputatu Elvira Aitkulova da neurri horren bultzatzaile nagusia. Aitkulovaren ustez, «eduki suntsigarria kenduz informazioaren eremua garbitzea» da halako neurrien helburua.

«Errusian, seme-alabarik nahi ez duten gehienek diru sarrera apalak dituzte, eta, hain zuzen, horrexegatik ez dute haurrik nahi»

MIKHAILMoskuko herritarra

Errusian den homofobiak bat egin du jaiotza tasaren gaineko kezkarekin. Hain zuzen, seme-alabarik ez izatea da kontserbadoreenek LGTB komunitatearen kontra darabiltzaten argudioetako bat. Vladimir Putin Errusiako presidenteak berak ere 2013an adierazi zuen —urte hartan sinatu zuen adingabeentzako «propaganda homosexualaren» kontrako lege dekretua— sexu berekoen bikoteek ez dutela seme-alabarik, eta seinalatu zuen «erronka demografiko bat» zutela Errusian eta Europan jaiotza tasa txikia dela medio —arazoa hortxe dago orain ere—. 2024az geroztik, organizazio estremisten zerrendan erantsi zuten «nazioarteko LGTB mugimendua», eta galarazi egin zuten ostadarraren bandera.

Halako debekuak ezartzeaz gainera, neurri batzuk sustatzen saiatu dira familia errusiarrek seme-alabak izan ditzaten; esaterako, diru laguntza batzuk eman dizkiete familia ugari handienei, baina ez dirudi hori nahikoa denik. Rakxak zehaztu du joera irauliko bada ezinbestekoa izango dela «pizgarri handiak ezarri eta dirua ordainketa bakarrean ematea; halaxe ematen zaie bi haur edo gehiago dituztenei 'amen kapitala' izeneko laguntzan». Haren ustez, «ugaltze tasa %20 ere igo daiteke halako pizgarrien bitartez». Hori lortuko balu, Errusia «liderretako bat litzateke Europan eta herrialde garatu guztietan, bere ugaltze tasagatik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.