Ekialde Hurbila

Errusiak adierazi du Siriako armadak Ghouta ekialde osoa berreskuratu duela

Douma hiria zen matxino islamisten esku zegoen azken eremua; hain zuzen, asteburuan ustez eraso kimiko bat gertatu zen tokia. Trumpek gaur erran du Siriaren aurkako erasoa "hagitz agudo, edo ez hain agudo" eginen dutela.

mikel rodriguez
2018ko apirilaren 12a
13:31
Entzun

"Gaur Siriako historiako pasarte nabarmen bat gertatu da. Estatuaren bandera altxatu dute Doumako eraikin batean, adierazteko gune hori kontrolpean dagoela, eta, beraz, Ghouta ekialde osoa". Juri Jevtuxenko Errusiako armadako jeneralak adierazi du hori, Errusiako berri agentziek zabaldu dutenez. Jevtuxenkoren arabera, Errusiako Polizia Militarra hedatuko dute Douman, Siriako Gobernua hiriaren kontrol osoa hartzeko gai izan arte. Islamaren Armada talde salafistaren kontrolpean zegoen Douma, eta, Jevtuxenkok erran duenez, atzo talde horretako 4.000 kidek eta horien familiek hiria ebakuatu zuten Moskurekin hala hitzartu ondoren. Siriako armadak, Errusiaren laguntzarekin, otsailean hasi zuen Ghouta ekialdea berreskuratzeko erasoaldia. Errusiako iturrien arabera, ordutik 165.000 zibilek alde egin dute eskualdetik; horietako 41.000k, Doumatik. 

Oposizioko Siriarako Giza Eskubideen Behatokiak ere Jevtuxenkok jakinarazitakoa berretsi du. "Islamaren Armadako kideek arma astunak Errusiako Polizia Militarrari eman zizkioten asteazken honetan". Iturri horren arabera, Issam Buwaydani talde salafistako buruzagiak bertze kideekin batera alde egin zuen hiritik atzo.

Ghouta ekialdea 2012tik egon da Siriako Gobernuaren aurka matxinatu ziren talde armatuen esku. Damasko erdigunetik kilometro gutxira dago, eta 2013az geroztik setiatuta eduki du armadak. Joan den otsailean hasi zuen hura berreskuratzeko azken erasoaldia.

Mendebaldearen mehatxua

Eta eskualde hori izan da, hain zuzen, Mendebaldearen eta Errusiaren artean azken tentsio txinparta sortu duen tokia. Donald Trump AEBetako presidenteak atzo Twitter bidez mehatxu egin zion Errusiari, erranez prest zituela Siriari erasotzeko misilak. Gaur, bertze txio bat idatzi du: "Ez erran inoiz noiz gerta daitekeen Siriaren aurkako eraso bat. Hagitz agudo izan daiteke, edo ez hain agudo!". Emmanuel Macron Frantziako presidenteak erran du frogak dituztela baieztatzeko Siriako armadak eraso kimiko bat egin zuela joan den asteburuan Douman, eta Siriako Gobernuaren indarren aurka erasoaldi bat egitea aztertuko du.

Erresuma Batuko Gobernua ere gaur da elkartzekoa AEBekin eta Frantziarekin bat egin ala ez erabakitzeko. Theresa May lehen ministroak uste du Siriako Gobernuak agindu zuela eraso kimiko bat egitea, baina agintariaren jarrerak eztabaida sortu du herrialdean. Jeremy Corbyn Alderdi Laboristako buru eta oposizioko lider nagusia erasoaldi bat egitearen aurka dago, eta Mayri exijitu dio hori egitea erabakiz gero, azken hitza parlamentuari ematea. David Cameron lehen ministroak 2013an parlamentura eraman zuen Siriako Gobernuaren aurka erasoaldi bat egiteko proposamena, baina ganberak ez zuen onartu.

Siriako oposizioko iturriek salatu zuten armadak gai toxikoren batekin eraso ziela zibilei Douman —gutxienez 40 hil zirela erran zuten—. OPCW Arma Kimikoak Debekatzeko Erakundeak herenegun jakinarazi zuen Siriako eta Errusiako gobernuekin akordio bat egin duela ikerlari talde bat bidaltzeko. OME Osasunaren Munduko Erakundeak, berriz, atzo adierazi zuen 500 herritarrek gai toxikoren batekin pozoindu izanaren "zantzuak eta sintomak" zituztela. "Osasun arloko bazkideak" eta "ospitaleak" aipatu zituen iturritzat, eta Siriako eta Errusiako gobernuei eskatu zien uzteko ordezkaritza bat bidaltzen Doumara. Gennadi Gatilov Errusiak Nazio Batuen Erakundean duen ordezkariak OMEri eskatu dio zein iturri dituen jakinarazteko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.