Egun bat atzeratu dute Ukrainaren eta Errusiaren arteko Turkiako bilera

Putin ez da joan Istanbulera, eta Zelenskik jada bueltako hegaldia hartu du Ankaran. Ukrainako presidenteak «maila apaleko» ordezkaritza bidaltzea leporatu dio Errusiari, eta Ukrainako Defentsa ministroa bidaliko du.

Erdogan eta Zelenski gaur, Ankaran. EFE
Erdogan eta Zelenski gaur, Ankaran. EFE
Urko Iridoy Alzelai - Igor Susaeta - Aitor Garmendia Etxeberria
2025eko maiatzaren 15a
19:15
Entzun 00:00:0000:00:00

Gaur hastekoak ziren Errusiako eta Ukrainako ordezkaritzen arteko negoziazioak, baina bihar arte atzeratu dituzte azkenean, Tass Errusiako berri agentziak iturri bat aipatuz kaleratu duenez. Elkarrizketetan ez dute parte hartuko ez Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak, ezta Valdimir Putin Errusiakoak ere. Putinek atzo gauean iragarri zuen ez zela gaur Istanbulen egongo eta, horrenbestez, ez zuela parte hartuko elkarrizketetan. Kremlinek jakinarazi zuen, hori bai, ordezkaritza bat bidaliko zuela Turkiara. Zelenskik berak ere ez du parte hartuko bilkuran; hala jakinarazi du gaur arratsaldean Ankaran, Tayyip Erdogan Turkiako presidentearekin batzartu ostean emandako prentsaurrekoan —are gehiago: Reuters berri agentziaren arabera, jada bueltako hegaldia hartu du—. Halere, Zelenskik baieztatu du Kievek ordezkaritza bat bidaliko duela Istanbulera.

Hainbat hedabidek bi aldeetako iturriak aipatuz kaleratu dutenez, 09:00etan zen hastekoa bilera. Alabaina, atzeratu egin dute. Errusiako Atzerri Ministerioko bozeramaile Maria Zakharovak prentsaurreko batean adierazi duenez, Turkiak ordu batzuz atzeratu nahi izan du bilkura. Izan ere, Zelenski aurrena Erdoganekin bildu da, eta ondoren zen erabakitzekoa Ukrainak elkarrizketetan parte hartuko duen ala ez. Ukrainako inbasioa 2022ko otsailean hasi zen, eta bi aldeek hiru urte pasa daramatzate zuzenean hitz egin gabe, 2022ko martxotik; orduko hartan ere Turkian bildu ziren.

Aurreko igandean proposatu zion Putinek Ukrainako presidente Zelenskiri negoziazioei berriz ekitea, eta Ukrainako presidenteak baiezkoa eman zion. Putinekin berarekin biltzeko nahia adierazi zuen atzo Zelenskik, eta esan zuen Putin bera bileran egotea nahi zuela, haren ustez Putin baita bi herrialdeen arteko gatazka geldi dezakeen bakarra. Azkenean, baina, ez batak eta ez besteak ez dute negoziazioetan zuzenean parte hartuko.

Tass agentziak kaleratu duenez, Vladimir Medinski Kremlineko aholkularia izango da Errusiako negoziazio taldeko burua. 2022ko martxoan egindako elkarrizketetan ere hartu zuen parte Medinskik. Errusia «konpromiso posibleak» negoziatzeko prest dagoela esan du Medinskik arratsaldean, Istanbulen egin duen prentsa agerraldian. Erantsi du «Ukrainak 2022an eten zuen prozesuaren jarraipena» direla oraingo negoziazioak. Errusiaren ordezkaritzako gainerako kideak hauek izango dira: Alexander Fomin Defentsa ministrordea, Mikhail Galuzin Atzerri ministrordea, eta Igor Kostiukov Estatu Nagusiko zuzendaritzako kidea. Ez da, beraz, Errusiako ministrorik izango bilkuran.

Errusiako ordezkaritzako buru Vladimir Medinski gaur, Istanbulen. TOLGA BOZOGLU / EFE
Errusiako ordezkaritzako buru Vladimir Medinski gaur, Istanbulen. TOLGA BOZOGLU / EFE

Kremlinen ordezkarien artean lehen lerroko politikaririk ez egotea gaitzetsi du Zelenskik. Errusiak «maila apaleko ordezkaritza» bidali duela adierazi du Erdoganekin batzartu ostean, eta gehitu du horrek erakusten duela Kremlinek ez dituela serio hartu negoziazioak. Halere, baieztatu du Kievek Ukrainako Defentsa ministro Rustem Umerov buru izango duen ordezkaritza bat bidaliko duela Istanbulera.

Zelenskik gaineratu du Ukrainako ordezkaritza gaur eta bihar egongo dela Istanbulen. Aurrez, elkarrizketen iraupenaz galdetuta, Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak ez du erantzun argirik eman, eta hala mintzatu da Tassek jaso duenez: «Gaur hasiko dira negoziazioak. Ea nola doazen; horren araberakoa izango da iraupena».

Kieven aliatuek ere gaitzetsi egin dute Errusiako presidenteak Istanbulera ez joatea erabaki izana. Turkian batzartu dira gaur NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko Atzerri ministroak ere, Antalyan. Bilkura hasi aurretik, Johann Wadephul Alemaniako Atzerri ministroak adierazi du Putin «soka gehiegi tenkatzen» ari dela. Wadephulen ustez, Kremlinek Istanbulera bidalitako ordezkaritza ez dator bat gatazkaren «larritasunarekin». Era berean, Frantziako Atzerri ministro Jean-Noel Barrot ere mintzatu da Antalyan, eta esan du Putini zigor gehiago ezarri behar zaizkiola negoziazioei izkin egiten jarraitzen badu.

Diplomaziaren bidea

Ekialde Hurbilean bira bat egiten ari da Donald Trump AEBetako presidentea, eta gaur, Dohan, jakinarazi du balitekeela bihar Istanbulera joatea: «Zerbait gertatzen bada, eta ni joatea komeni bada, ostiralean joan ninteke». Istanbulen Putinekin bildu nahiko lukeela ere gehitu du, nahiz eta ez duen uste negoziazioetan ezer lortuko dutenik bera eta Putin biltzen ez badira. Azken orduan, gainera, esan du «balitekeela» bihar zuzenean Washingtonera itzultzea.

Bihar batzartuko da Marco Rubio AEBetako Estatu idazkaria Ukrainako eta Errusiako ordezkariekin. Hala baieztatu zuen atzo Trumpek. Rubio ez ezik, Steve Witkoff Ekialde Hurbilerako eta Errusiarako ordezkaria eta Keith Kellog Ukrainarako ordezkaria egongo dira Istanbulen.

Rubio Antalyan izan da gaur, NATOko Atzerri ministroen bileran. Han adierazi du Ukrainako gerrak ez duela «soluzio militarrik» izango, eta diplomaziaren bidea ibiltzeko deia egin du. Adierazi du «aurrerapausoak» ikusi nahi dituela, nahiz eta ez duen «itxaropen handirik». Turkiako Atzerri ministro Hakan Fidanekin eta Ukrainako delegazioko kide batekin biltzekoa da gaur, eta baieztatu du AEBetako ordezkari zenbait Errusiakoekin ere batzartuko direla; Rubioren ustez, Kremlinek bidali duen ordezkaritzaren maila «ez da adierazgarria». Turkiako Atzerri Ministerioak jakinarazi duenez, Hakan Fidan ere Atzerri ministroa Errusiako ordezkaritzarekinbildu da. Trumpek bezala, Rubiok irizten dio Donald Trumpek eta Putinek elkartu behar dutela negoziazioek aurrera egin dezaten: hori da «modu bakarra», eta Trump «irrikaz» dago. Trumpek ere nabarmendu du oso garrantzitsua dela gerra amaitzea, Dohan: «Ez da diru kontua soilik. Buruak, besoak, hankak daude hor zehar lurrean barreiatuta».

errusiak ehun drone baino gehiago jaurti ditu ukrainara

Ukrainako armadaren arabera, Errusiak 110 drone jaurti ditu goizaldean Ukrainara. Horietatik 62 suntsitu dituela jakinarazi du Kievek, eta gainerakoek ez dutela inor zauritu, baina kalte materialak eragin dituztela. Aireko armadak jakinarazi duenez, hainbat eskualdetan eragin dituzte kalteak: Sumin —ipar-ekialdea—, Dnipropetrovsken eta Poltavan —erdigunea—, Ivano-Frankivsken —mendebaldea—, eta Kieven.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.