Batek esan, besteak erantzun, eta alderantziz. Baina Errusia eta Ukraina, AEBak bitartekari ari direla, gaur-gaurkoz ez daude ados jartzeko moduan. Izan ere, gaur Moskuk nabarmendu du beharbada uko egingo diola Donetsk eskualdea osorik militarki hartzeari —Ukraina ekialdeko lurralde horren %80 du kontrolpean—, baina asmoa duela konkistatzeko falta zaion eremu horretan Errusiako Guardia Nazionala eta Polizia edukitzea etorkizunean. Hori esan du gaur Juri Uxakovek, Vladimir Putin Errusiako presidentearen aholkulariak, Kommersant egunkariari emandako elkarrizketa batean.Â
Eta bi aldeak ados jartzetik urrun daude, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak atzo gauean Kieven emandako prentsaurreko batean esandakoak kontuan hartuz gero. Adierazi zuen AEBek proposamen bat egin dutela Donetski dagokionez: Ukrainak tropak ateratzea oraindik kontrolpean dituen eremutik —%20 inguru—, Washingtonek han «esparru ekonomiko aske bat» sortzearen truke.Â
Ukrainak kontrolatzen duen Donetskeko eremu horretan, lur arraroen erreserbak daude, eta gero eta argiago geratzen ari da, hortaz, interes ekonomikoek bultzatuta ari dela Donald Trump AEBetako presidentearen gobernua. Dena den, ez dago argi AEBek zehazki zer planteatzen duten kontzeptu horrekin. «Ez dago argi nork gobernatuko duen lurralde hori, 'esparru ekonomiko askea' edo 'eremu desmilitarizatua' deitzen dioten hori», esan zuen Zelenskik. Ukrainako presidenteak esan izan du ez zuela kontzesiorik egingo lurraldetasun auzian, baina, negoziazioak nola doazen ikusita, ematen du kontrakoa egiteko prest dagoela.
9Moskuko auzitegi batek Hagako zenbat fiskal eta epaile zigortu dituen. Nazioarteko immunitatea duten estatu baten ordezkariei jazartzen ari zaizkiela iritzita, Moskuko auzitegi batek Nazioarteko Zigor Auzitegiko bederatzi kide zigortu ditu gaur —fiskalak eta epaileak—, in absentia. Gerra krimenak egotzita, Vladimir Putin Errusiako presidentea atxilotzeko agindua eman zuen Hagak 2023ko martxoan.Â
Uxakovek gaur esan duenez, Moskuk bere indarrak mantendu nahi ditu eremu horretan, «ordena publikoa bermatzeko». Aintzat hartzekoa da Donetsken sentipen errusiar nabarmena dagoela. Zelenskiren hitzetan, Kievek AEBen eskari hori jasoko lukeen plan bat onartuko balu, hori berresteko beharrezkoa litzateke Ukrainan erreferenduma egitea.
Trumpek Errusiaren oniritziarekin Ukrainarako duela hiru aste planteatutako 28 puntuko planaren arabera, Kievek kontzesio nabarmenak egin beharko lituzke lurraldetasunari dagokionez. Donbass, hau da, Donetsk eta Luhansk —osorik okupatua du Moskuk—, Errusiaren esku geratuko litzateke, eta Kherson eta Zaporizhia banatuko lituzkete, kontuan hartuta gaur-gaurkoz fronteko lerroak nola zatitzen dituen; Moskuk bi heren inguru kontrolatzen ditu bietan.
EB beste pauso bat ematear errusiaren aktiboak erabiltzeko
Belgika ez dago ados, Hungaria eta Eslovakia, ere ez; nork bere arrazoiak ditu. Baina EB Europako Batasuna prest dago Errusiari blokeatutako aktiboek sortutako dirua Ukraina berreraikitze aldera erabiltzeko. Izan ere, horretarako beste urrats bat egin du gaur: talde komunitarioaren asmoa da prozedura berri baten bidez 210.000 milioi euro horiek blindatzea, «batasunaren interes ekonomikoak arriskupean» ez dauden arte, iturri ofizialek Reuters berri agentziari esan diotenez. Prozedura horren ondorioz, ez dira behartuta egongo sei hilabetean behin blokeoa aho batez luzatzera. Talde komunitarioko Atzerri ministroek bide berri hori adostu zuten atzo Lviven (Ukraina), bilera informal batean.
Talde komunitarioaren hitzarmeneko 122. artikuluari heldu diote; horren arabera, «krisi momentuetan» ez da beharrezkoa izango aho batez jokatzea, nahikoa izango da gehiengo kualifikatua; alegia, EBko 27 estatuetatik 15ek onartzea gutxienez, eta horiek herritarren %65 ordezkatzea.
Klubeko estatuburuek eta gobernuburuek bilera egingo dute Bruselan hilaren 18an eta 19an, eta, okerrik ezean, orduan onartuko dute Moskuri blokeatutako aktiboen dirua datorren urtean eta 2027an Ukrainaren berreraikuntza finantzatzeko erabiltzea. Belgika kontra dago, 210.000 milioi euro horietatik 185.000 inguru baitaude bere lurraldean, eta uste baitu Errusiak bere kontrako neurriak har ditzakeela horregatik. Europako Batzordeak, baina, «bermeak» eman dizkio Belgikari.
Hori bai, Euroclear finantza enpresaren aurkako salaketa bat jarri du gaur Errusiako Banku Zentralak Moskuko auzitegi batean, «legez kanpo» jokatzen aritzea egotzita. Belgikaren 185.000 milioi euro horiek, hain zuzen, Euroclearren esku daude. EBk garrantzia kendu dio mugimendu horri.
Kievek aldaketa batzuk egitea proposatu du. Negoziazioen berri duten iturriak aipatuta, hori kaleratu zuen atzo Axios AEBetako hedabideak, eta Friedrich Merz Alemaniako kantzilerrak baieztatu zuen geroxeago; hau da, Ukrainak Washingtoni jakinarazi diola zer aldaketa egiteko prest dagoen. Ondoren heldu ziren Zelenskiren hitzak, eta gogorarazi zuen, duela bizpahiru egun esan bezala, prest dagoela 60-90 eguneko epean bozetara deitzeko, baldin eta AEBek eta Europako aliatuek laguntzen badiote horietarako segurtasuna bermatzen. Errusiak, hain zuzen, zilegitasun falta egotzi izan dio Zelenskiri.