Ukrainak Errusiaren 41 gerra hegazkin suntsitu zituen aurreko igandean Errusiako lurretan, eta, Donald Trump AEBetako presidenteak asteazkenean adierazi zuenez, Vladimir Putin Kremlineko buruak esan zion, telefonoz, eraso horri erantzutea beste aukerarik ez zuela. Eta gaur iritsi da nolabaiteko mendekua. Errusiak aire eraso masibo bat egin du Ukrainan gerra fronteetatik urrun, eta Kiev hiriburuan hiru pertsona hil ditu gutxienez.
Eta Volodimir Zelenskik eskatu du, nori zehaztu gabe, Errusiari «presio» egiteko. «Bestela, konplizeak eta erantzuleak izango dira», idatzi du Ukrainako presidenteak, sare sozialetan. Zehaztu du, bide batez, Errusiak Ukrainako bederatzi eskualde bonbardatu dituela, eta horretarako laurehun drone eta berrogei misil inguru erabili dituela. Andri Sibiga Atzerri ministroak sare sozialetan idatzi du Errusiak «zibilak jopuntuan jarrita» erantzun diola Ukrainak igandean Errusiako ekipamendu militarrari egindako erasoari.
Kieveko erasoak hainbat etxebizitza eraikin jo ditu, eta, hildakoak ez ezik, hogei zauritu ere eragin ditu, iturri ofizialek jakinarazi dutenez. Horiek beraiek zehaztu dute hildakoak hiru suhiltzaile direla. «Sugarren artean ari ziren lanean, herritarrak laguntzeko ahaleginean», esan du hiriburuko alkate Vitali Klitxkok, sare sozialetan.
Baina Ukraina ere ari da Errusiako lurrei eraso egiten, gerrako fronteetatik urrun. Moskuko iturri ofizialek esan dutenez, azken orduetan Kievek jaurtitako 174 drone erorarazi ditu. Horren harira, Ukrainako adierazi du eraso bonbardaketa horietan Errusiako armadaren bi aerodromo jo dituela: Engelsen eta Diagilevon. Belgorodeko gobernadoreak sare sozialetan esan du, gainera, tren bat bidetik atera dela Errusiako eskualde horretan —muga egiten du Ukrainarekin—. Ez dago biktimarik.